Udagoiena, larrazkena, udazkena… bazterrak kolore eta forma desberdinez jantziak, dotore atonduak; zuhaitzak bilutsik, basoak, zelaiak, mendiak orbel gorriztaz beteak, lurra etengabe, erdiminez, emankor, esker oneko. Baserritik kalera, azoketara iritsiak: baserritarrak, beren jardunaren izerdiaz lortutako emaitza guri, kaletarroi, eskaini nahian, postu desberdinetan, hutsik egin gabe, adeitsu eta harkor, jendearen eskaerak leial eta zintzo asetzen.
Plazetan euri, eguzki, haize edo elur egin arren, ausardi handiz hor ditugu Lizardi-k zion bezala, nekazariak, gizandiak diruditen gizaseme-gizalabak, bildutakoa mahai aurrean erakusten, ofrendatzen eta erosiz gero, eskertzen. Lan gogorra bada ere, haiek lurretik bizi dira, lurrari zor diote emandako guztia ,eta plazetako salerosketen bidez,irabazi ekonomikoa lortzen badute ere, badu haien jardunak bestelako fruiturik: solasaren bitartez, bezeroarekin ondo ereindako hartu-emana, astero, hitz eta pitzean, elkarrekin sendotutako harremana.
Aldiro, neuk ere badut azokara gerturatzeko ohitura, sarri, Zumarragara, benetan, atsegina dudan erritua edo usantza dut. Larunbat askotan, etxetik plazara noanean, bidean herriko jendea ikusten dut, batzuk, garaiz jaikita, etxera, azokako lanak ederkitxo eginda, besteek, nire antzera, poltsa eskutan dutela erostera. Plazara iristerakoan, nahasketa politaren ostadarrean galtzen naiz: batetik, han-hemen, nabarmen ikus ditzaket alfonbra, zapata, arropa, sukaldeko lanabes-saltzaileak , eta bestetik, olibak, gozokiak, bakailaoa, loreak, fruta, aulki konpontzaileak eta abar luzeen postuak. Arkuen abaroan, hantxe daude zintzo: Goierriko baserritarrak. Berehala, postuetan dauden produktuen kolore eta formei erreparatzeari ekiten diot, eta…harridura egundokoa da! Bateko barazkietan, besteko fruitu lehorretan, gaztan, ogian, ardi-esnean finkatzen ditut nire begiak, eta zur eta lur geratzen naiz, hain zuzen, larunbatero plazara bertaratzea eta produktua ekartzea gauza bat delako, baina horren egoki aurkeztea eta hantxe irririk onena erakutsiz buru-belarri aritzea beste ezer, hori, benetan, artea da.
Plaza herriaren bihotza den legez, zer esango dizuet arkuetan entzuten den euskaraz, euskararen beraren irakasbide eta ikasbide ezin hobe bihurtzen zaigu. Batetik, Gipuzkoako herri deberdinetako azpieuskalkiak aditzeko toki egokia da azoka, eta euskaltegi ireki bat izateaz gain, esapide, esaera, esamolde, hitz-joko eta grazia handiko hamaika irteera jakiteko primerako txokoa, bai horixe! Era berean, baserritarrok ematen dizkigun azalpenak aditzerik badugu, ez gara damutuko han-hemengo solasean ikasitakoaz, bestela, erreparatu adineko pertsonek mintzatzerakoan erakusten duten jakiturian: ahots tonuan, hitz egiterakoan, batzuk besteak baino gehiago, etenetan jartzen duten arreta, agertzen duten psikologia… mundu zabal eta jori baten erakusle dira, egon ziur.
Astegunetan, plazatik igaro eta berau hutsik ikusten dudanean, nire artean diot: «Plazako arkupeok sukaldeko laratzek bezala hitz egingo balute, hamaika kontu bitxi esango lituzkete». Ba, erreparatu, irakurle, larunbatero guganatzen diren baserritarron lanean, asko eskaintzeko duten bezala, eskertzeko asko dugu eta. Eskuzabalik, lurraren erraietatik bildutakoa gure eskuetan jartzen duten moduan, beraien bihotzetik ematen diguten Maitasuna hantxe dago izen eta abizenez idatzia. Hemendixetik neuk guztioi besarkada handi bana eman nahi dizuet, eta etxekoari, gure izebari, izeba Anjelesi, muxu handia. Jarraitu tinko zeuon lanean, eta esanak esan arren, eutsi eta ez etsi, zuon jarduna oso aintzakotzat hartzen dugu eta. Eskerrik asko.