Inazio Usarralde
Ez zegon giro, oraintxe, Joxepa, Ekialde Ertainera begira jarriz gero. Jihadisten Parisko erasoak mundua dantzan jarri din, batik bat, mendebaldea. Egia esan, ez zaigun erraza gertatzen hangoaz hitz egitea, ez niri behintzat. Hitz egokiak aurkitzea ere kosta egiten zaidan esan nahi dudan hura zehatz esateko: islamiarrak, musulmanak, jihadistak, Estatu Islamiarra… Gure hiztegi pertsonaletan sartzen ari garen termino berriak ditun, aspaldidanik entzun arren, baina ni oso baldar sentitzen naun.
Parisko oraingoa baino lehen, aurten bertan, hiri berean, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako erasoa izan huen, eta lehenagoko 2005eko Londresko, 2004ko matxoko Madrilgo eta 2001eko New Yorkeko erasoak ez zaizkigun ahaztu. Ez eta Palestina, Afganistan, herrialde arabiarretako udaberriak, Irak, Libia, Jordania, Siria… eta gaineratiko triskantzak ere, ez zaizkigun ahaztu. Eta? Nola askatu behar dinagu korapilo hau? Zein dun bidea? Ni baino bizkorragorik izango ahal da!
Desira bat: hau guztia ez dezala inork balia, gure herrian, bizikide ditugun islamiarrak jopuntuan jartzeko. Bien bitartean, zorioneko Europa honetan, errefuxiatu siriarrak zozkatzen ari ditun estatu bakoitzarentzat ahalik eta kopururik txikiena gera dadin eta hor zabiltzan 120.000 pertsona non kokatu adostu ezinik. Han, Siriatik hurbil hain zuzen, etxerik ere zutik geratzen dela sinestea kosta egiten zaigun Irakek, 250.000 erbesteratu aterpetu ditin dagoeneko. Betikoa: orain ere gutxi daukana eskuzabal, alajaina!
Joxepa Madariaga
Ez nauk Parisko sarraskia justifikatzen hasiko, ez noski! Baina sarraski gehiago, asko, gehiegi zaudek munduan, eta mahai gainean denak jarri eta aztertu beharko genituzkeela pentsatzen diat.
Nik, printzipioz, herri pobreei sinetsiko zieat, beraiekin egingo diat bat. Frantzia, Alemania, Errusia… indarra, armak, baliabideak, komunikabideak eta boterea duten zapaltzaileek beren erara maneiatuko gaitiztek, jan egingo gaitiztek. Zabal ditzagun begiak eta ikus dezagun ezkutatu nahi digutena. «Ez nahastu erlijioa eta terrorismoa»; «ez nahastu kultura eta politika». Ez nahastu ziotek, gauza bat esan eta bestea egin, zertan ari diren badakitenek, bizirik jan nahi gaituztenek. Erlijioa, kultura, politika, bizitzeko eskubidea, etxebizitza eskubidea, heziketa eskubidea… horiek guztiak, guztiok ditugun eskubideak, erlijioa dituk, kultura dituk, politika dituk. Terroristak, berriz, zein dituk terroristak? Euskal Herrian hitz horren erabilera okerrera oso ohituak gaudek. Terroristak gaituk herria aske nahi dugunak, terroristak politikari ezkerretik heltzen diogunak, terroristak preso politikoekin bat egiten dugunak.
Zenbat injustizia, zenbat miseria munduan. Milaka haur hiltzen duk egunero gosez. Bizitzeko eskubide bera ditek «hemengo» eta «hango» haurrek, teorian, baina praktikan? Praktikan ez; Europan ez dituk gosez hiltzen eta Afrikan bai. Baina urrutikoak ziren gertaerak, berri huts guretzat eta arazoa bertakoentzat, etxera etorri zaizkiguk eta orain komeriak.
Eguraldi beltza diagu eta gorriak ikusteko gaudek.