Igandean San Nikolas eguna ospatuko dute Seguran. Urtero 6 urteko haur batek egiten du santuaren papera eta aurten Malen Murgiondo izango da San Nikolas. Festa 10:00etan hasiko da. Murgiondo pottoka batera igoko da eta, gainontzeko haurrekin batera, herriko kale eta auzoetan abestuko du. Bizilagunek goxokiak eta dirua botako dizkiete leiho eta balkoietatik.
Seguran XIX. mende hasieran hasi ziren festa hau ospatzen, bizilagun batek parrokiako sakristauari gotzain jantzi txiki bat oparitu zionean. Festak indar handia hartu du eta egun bere gozoa ere badu: Nikolas Txiki. Bi motatakoak daude: bata sagar konpotarekin egindakoa eta bestea txokolatearekin egindakoa. Nikolas Txiki pasteltxoak Ardixarra turismo bulegoan eta plazan jarriko dituzte salgai, igandean.
Festa hau Laureano Telleriak eta Jose Luis Etxeberriak antolatu izan dute orain arte, baina aurten herriko gurasoek hartu dute ardura. «Gustura eman diegu lekukoa. Izan ere, lan nekosoa da eta gu adinean aurrera goaz. Dena den, gure laguntza izan dute», azaldu du Telleriak.
Legazpi eta Zegama
San Nikolas haurrei bereziki lagundu zien gotzain bat izan zen. Hori dela eta, ohiturak haurrek bere egunean abestea eta beraietako batek apezpikuaren papera betetzea agintzen du. Toki askotan ospatzen da festa hau. Goierrin beste bi herritan ere ospatzen da: Legazpin eta Zegaman.
Legazpiko erronda atzo egin zuten. Abenduaren 5ean egiten dute, baina aurten larunbata denez eta zubia dagoenez, aurreratzea erabaki dute. Ekitaldian ikastetxeetako haurrek eta musika eskolako ikasleek parte hartu zuten. Haztegi ikastolako Jon Aldabaldetreku izan da Legazpiko San Nikolas.
Zegaman, berriz, gaur egingo dute San Nikolas erronda. Gotzain txikiak Irantzu Urbizu eta Eneko Olarte izango dira. Etxez etxe joango dira diru eske, gainontzeko haurrekin batera.