Orain lau urte sortu zuten Ingudea, enpresan euskara lantzen ari ziren lantokietako ordezkariek osatuta. Formazio ikastaro emaileekin lanketa bat egin zuten iaz, harremanak euskaraz izateko. Aurten, hornitzaileei zuzendu zaizkie. Enpresa gehiago erakarri nahi dituzte Ingudera. Kolpeka, euskara gehiago lantzeko. Andoni Zubeldia beasaindarra, Orkliko langilea, Ingudeko kidea da.
Ingudea 2011n sortu zenuten. Zer ari zarete lau urte ondoren?
Sorrera hartatik, komunikabideetan ez gara ia azaldu. Gure lanean segitzen dugu, nahiz eta jendeak kanpotik agian ez duen antzematen edo ez dakien. Euskararen Eguna datorrenez, aitzakia horrekin sozializatzea erabaki dugu. Batzordea, gure ustez, indarra hartzen ari da.
Enpresetako euskara taldeen batzordea da Ingudea. Helburua, noski, euskara indartzea.
Hasieratik hiru helburu jarri genituen, eta hirurak mantentzen ditugu: ezagutza partekatu, eskualdean eragin eta Goierriko gainerako enpresak erakarri. Urtero zenbait ekintza aldatzen ditugu. Azken urteetan, gainera, helburu orokorrak mantentzeaz gain, ildo bat berria hartzen saiatzen gara.
Ezagutza banatzea garrantzitsua izango da, ezta?
Lehenengo helburua hori izan zen. Talde anitza ginen 2011n, eta ez genuen elkar ezagutzen. Bakoitza euskararen arloan zertan ari zen jakiteko izan zen aurreneko erronda. Gaur egun badaude mailak —Bikain, Bai Euskarari—, eta ez daukatenak ere isil-isilik badabiltza lanean. Talde bezala zenbait indar badauzkagu, eta azken bi urteotan lan polita egin dugu.
Elkar hartuta sendoago eragiten da. Zertan aritu zarete?
2013-2014an trebakuntza hornitzaileekin. Enpresa denak ez gaude maila berean; oso desberdinak dira eta funtzionatzeko modua ere bai. Baina baditugu gauza komunak, eta trebakuntza-hornitzaileena identifikatu genuen bat, adibidez. Formazio ikastaroak ematera etortzen diren enpresetan eragitea pentsatu genuen. Eskaera bateratua bidali genuen, eskutitz eredu batekin. Dokumentazioa eta trebakuntza euskaraz emateko eskatu zitzaien.
Eta zer emaitza eman du?
Zenbait kasutan balio izan du, gure enpresaren kasuan bezala, landu gabe ditugun gauza batzuk lantzeko. Eta, beste batzuetan, burutik pasatu gabe dituzten gauzetan ere denak batera lortzera joan. Hornitzaile horien aldetik erantzuna ez da izan hain zuzena. Ekarri duen ona da norberak atal hori aktibatzea, euskara planean —daukatenen kasuan— kontuan hartzeko eta euskaratzeko, ez da hain zaila eta. Gaur egun, Euskal Herriko hornitzaileak prestatuta daude. Lau ikastaroetatik bat gaztelaniaz eta hiru euskaraz eman ditugu.
Aurten, hornitzaile orokorrekin egin duzue lanketa berdina.
2015ean, Kontseiluak eta beste erakunde batzuek martxan jarri zuten olatuan sartu ginen, hornitzaileen atala ukitzeko. Guk ditugun bi helburu lotzen dituelako, batez ere: inguruan eragiten dugu, eta enpresak erakartzeko aukera dugu —batzordean dauden enpresa askoren hornitzaileak ere Goierrikoak dira—. Gure esparrua Goierrira zabaldu nahi dugu. Diagnostikoa enpresa bakoitzak berea egin du, hornitzaileak identifikatu ziren, eskutitz eredu bat prestatu, eta denei bidali zaie.
Zer proposatzen zaie eskutitz eredu horretan?
Ingudea batzordea bera aurkezteaz gain, enpresaren eta hornitzailearen artean daukagun harremana euskaraz izatea nahi dugula. Eskaintza hori da. Nik uste, denborarekin honek emango duela emaitza. Opor ondoren, irailean ekin genion denok batera, eskutitzak bidaliz bakoitzak bere hornitzaileei.
Eguneroko martxan, enpresetan badago euskaraz natural aritzeko joera?
Bai. Goierri mailan, bai.
Orduan, helburua hori formalizatzea da?
Bai. Jarrera proaktiboa hartzea. Identifikatzea zure enpresa euskaraz lan egin nahi duen enpresa bezala. Irizar batean euskaraz egin daitekeela denok dakigu, baina enpresak berak nahia adieraztea da kontua. Proaktibotasuna martxan jartzea da, ‘gurekin euskaraz egin’ esatea. Formalki, eskutitz bat bidalita. Ea telefonozko harremanetan ere eragin daitekeen.
Zer moduzko harrera eduki du hornitzaileengandik?
Oraindik aztertzeko dago. Ingudea batzordeak bi hilabetez behin egiten ditu bilerak, hori da errealitatea. Lanketa ez da oso dinamikoa, eta lanak ez dira nahi bezain azkar joaten. Alde horretatik geldoa da, baina gauzak egiten bagoaz.
Enpresetatik kanpora ari zarete eragiten, hornitzaileekin-eta. Barruko lanak eginda dauzkazuela esan nahi du?
Ez, ezta pentsatu ere. Kanpoan eragitean, bi helburu lortzen dituzu. Bat, etxeko lanak ondo eginda joatea; ez zara inor kanpokoei eskatzeko, barruan lanak eginda ez baldin badauzkazu. Gure beste departamentu batzuetan ere lanketa egitea eskatzen du. Barruko lanak ez ditugu uzten. Beste batzuk kutsatu nahi ditugu, gu barruan egiten ari garenarekin. Helburu nagusia barrurako izaten da beti: gure enpresa euskalduntzea.Baina goazen asmo hori zabaltzera ere.
Hurrengo ekimen zehatzik baduzue buruan? Kontseiluarekin elkarlanean, ala zeuen kasa bideratuko duzue hurrena?
Gure kasa. Momentuz ez daukagu ideia zehatzik. Urtero ideia zaparrada bat egoten da. Hornitzaileena itxi dugu. Baditugu karpetan gai batzuk. Barrura begira, Ingudea martxan jarri zenetik, Telp tailerrak ditugu. Dinamika bateratua antolatzen dugula badira hiru urte, eta segiko dugu; balorazio oso onarekin. Enpresa bakoitzak langile kopuru bat bidaltzen du ikastarora. Langileengan eragin zuzena izan dezakeen tailerra da. Trebakuntza bezala hartzen dugu.
Euskararen Eguna ospatzeko edo ezer berezirik egiteko asmorik baduzue?
Bai. Aurten ere euskara lehiaketa martxan daukagu. Galdera batzuk dira, zail samarrak ere bai, eta pike pixka bat badago langileen artean. Gainera, Irizarren Euskararen Gymkhana deitzen dioten dinamika bat badaukate, urte guztikoa. Orklin ere badugu zerbait oparitzeko asmoa.