Aitor Calvillo
Zenbat udalerrik osatzen dute Goierri, aita? Hauxe orain gutxi semeak Ikastolako etxeko-lanak egiten laguntzeko luzatutako galdera. «Koño! Pozten nauk gaztetatik inguruak ezagutzeko eskoletatik egiten ari diren ahaleginarekin», nire artean. Baina zer erantzun? Guri Ikastolan Goierri 22 udalerrik osatzen zutela azaldu ziguten 70eko hamarkadan, baina bat-batean administratiboki, goierritarrei ezer galdetu gabe, erabaki politiko bidez, 18 izatera pasa zen. Ezkio-Itsaso, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi Urola Garaia izatera pasa zituzten. Nire printzipioez baliatuz 22k osatzen dutela Goierri azaldu nion semeari momentuan. Ikastolan ere galdetu irakasleari eta horrela lantzen ari zirela jakinarazi zidaten. Poztu nintzen!
Eta GoiBerri-k emandako aukera honetaz probestuz, Asier, zurekin solasean aritzeko aukera izateak ere poztu nau. Bertso kontuez arituko naiz? Ez, oraingoan izaera eta identitateaz galdetu nahi dizut zuri. Nola bizi du Arriaranen jaio eta ia bizitza osoa Legazpin egin duen goierritar batek egoera hau? Askotan entzun dizuet goialde horietan bizi zareten goierritarroi beheko parte ere sentitzen zaretela, baina egia esan behealde honetan ez da horrelako askorik sumatzen. Edota nik behintzat ez dut sumatu. Urruti geratzen zaigu guri Legazpi, adibidez.
Politikoek bere garaian hartutako erabaki horrek guregan ere eragina izan duela ezin ukatu. Nola bestela Goierriko Bertso Eskola alde batetik eta Zumarraga-Urretxu eta Legazpikoak beste alde batetik? Goieki-Uggasa? Eskerrak tartean GoiBerri bezalako proiektuak ere sortu diren, jatorriak alde batera utzi gabe Goierri uztartzeko bidean.
Asier Iriondo
Gabirian egindako bertso saio batean, «Goierrira etorri» izanak sortzen zion poza azaldu zuen agurrean Legazpiko bertsolari gazte batek. Saioaren bukaeran, Gabiriako bertsolari beteranoak errieta egin zion. 1992an, Gasteizen ikasle nintzela, goierritarren afaria egin genuen Kutxi kaleko San Marcos tabernan. Goikoak eta behekoak ginen bertan.
Estatu espainiarrean autonomiak sortu zirenean, Franco garaiko Logroño Rioja izendatu zuten. Gaur egun, ardoaren izendapena dela eta, borrokan ari dira Euskal Herriko errioxarrak. Estatu espainiarrean autonomiak sortu zirenean, Nafarroako lehenengo parlamentuaren gehiengoa Hego Euskal Herri osoa erkidego bakarrean batzearen aldekoa zen.
Goierriko Hitza-k eta Goiberri-k 22 herri hartzen dituzte. 2016ko ekainaren 19an, 22 herritan egingo da Gure Esku Dago ekimenaren galdeketa. Gertaera hauek sortzen dizkidaten gogoetak: Memoria motxa da. Entzun edadetuei. Sarasua eta Oskorriren arteko topak dio zaharra ez dela izandakoa, «luzaroan dena baizik». Erabaki politikoak ez dira egia zurrun. Erabaki politiko okerrak herrigintzak alda ditzake. Gure Esku Dago.
Ordiziatik Legazpira dagoen distantzia dago Legazpitik Ordiziara ere, baina, Gabiria, Zerain edo Zegama etxekonekoak ditugu. Eta behekoren batek gure goierritartasunaz, oraindik ere, zalantza badu, izenaren jatorriari entzun: Goi Herri. Legazpi 402 metro. Zurea hori baino Goiago da?