Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu bezain azkar ospa eginarazi izango diote askok euskarari, euren baitatik. Ziur. Baina niri berdin lidake horrek, asko horien jarrerak niri euskara erabiltzea galarazten ez didan bitartean. Hemen, solaskideak euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzera derrigortzen gaituenean, orduan, ez zait berdin, jakina.
Etxe barrukoaz arduratuko da norbera; etxe-ataritik harantz, auzoa, herria, lantegia… Mundu bat dugu zain egunero-egunero aurrez aurre. Mundu horretan pertsonen arteko bizikidetza elkarren errespetuz gauzatuko bada, arauez jositako nahitaezko betebeharrak ditugu: NANa beti soinean eramatea, kaminoan autoa nondik gidatzea, lanean noiz hasi zaren jakinaraztea edo erosketak egiterakoan dagokizun txandaren zain egotea, adibidez. Baina, ai, euskaraz hitz egitea erabakitzen baduzu!
Gure sen onak, Ingalaterran bizitzea erabakitzen duenari ingelesaren premiaz jabetu arazten dio. Txinara joatea tokatuz gero, txinera ikasi beharraz. Gure herrietako bazter guztiak hizkuntza horiek irakasteko akademiaz lepo ditugu ikasle gaztez josiak. Ikasle horietako batek berak ere, ordea, berez, ez du euskararen beharrik hemen ere. Sen on horrek berak jabetu arazten du gazte hori, Euskal Herrian ere, mundu guztiko gainontzeko edozein bazterretan bezalaxe, euskararen beharrik gabe lasai asko bizi daitekeela: gaztelania edo frantsesa jakitea nahikoa du. Tokian tokian biak, derrigorrezkoak direlako. Edo bestela esanda, euskara jakitea ez delako derrigorrezkoa, ez batean eta ez bestean. Beraz, sen onaren kontua da, ala, nahitaezko premia du euskal herritar horrek tokian tokiko (Ingalaterran, Txinan…) derrigorrezko hizkuntza ikasi beharra?
Zerk huts egiten du hemen? Munduko lurralde burujabe guztiek euren hizkuntzetan bizitzeko duten jarrera bera erabakitzeko, gurean agintariek duten gaizki ulertutako errudun-konplexuak? Euskarazko harremana oztopatzen dionari euskara exijitzea ez omen da bidezkoa, eta, euskaldunari gaztelania edo frantsesa exijitzea bai?
Ez dago beste bueltarik: euskaraz (ere) bizitzea galarazten digun guztiei euskararen premia sortarazi behar zaie. Euskarak ez du nazioarteko egunik izendatze-premiarik; euskara bada. Euskara ez da hizkuntza gutxitua: euskaraz bizi ahal dugunok gara gutxian gutxi. Eta gutxi horien artean, euskaraz bizitzea ezinezkoa zaienak, asko.
Euskaldunok gara egunak behar ditugunak. Nahi adina egun, egunak egunari euskaraz, Euskal Herrian; non bestela? Baina euskararen hautua ez da euskaraz bizi nahi dutenen borondatearen baitakoa, euskaraz bizi nahi ez dutenen hautuaren baitakoa baizik.
Beraz, Euskal Herrian euskaraz bizitzea zerk (zeinek?) galarazten digu? Euskarak ez du errurik. Zoritxarrez, urtean behingorako Euskaldunen Nazio Eguna izendatu beharko dugu aurki. Bere bitxian, Euskal Herrian egun bat euskaraz bizi ahal izana norbaiti gertatu, gertatu dakiokeela ospatzeko baino gehiago, Nazioarteko Egun askoren arrazoi berez, horietako bakoitzari dagokion bezalaxe, aldarrikatzeko, eskatzeko, exijitzeko…: Gure herrian geure berezko hizkuntza den euskaraz ere (bai, «ere») bizi ahal izateko eskubidea bermatu diezaieten hala nahi dutenei, gaur oraindik hori, legez, ezinezkoa baita.
«Ez degu arrazoirik gutxi geralako», esanez bukatu zuen bertso bat Pedro M. Otañok. Pellokeria batez bukatuko dut nik gaurkoa: euskararen auzian, zergatik garen gutxi da kontua, eta ez, arrazoirik ez dugula.