Segurako San Joan ikastolaren lehen pausoak ez ziren errazak izan. Guraso talde bat elkartu, umeak bildu, lokala aurkitu, irakaslea bilatu eta horrela hasi ziren klaseak ematen. Orain, bide hori azaltzen duen liburua argitaratu dute.
Orain 48 urte, 1967ko martxoaren 28an, sortu zen Segurako San Joan ikastola. Zehazki egun horretan bertan hasi zen Maixabel Telleria segurarra lehenengo eskola ematen. Ez zen kontu erraza izan, baina ez zegoen bakarrik. Herriko gazte batzuk –egungo gazte asanblada izan daiteke parekoa– biltzen hasi ziren sei-zazpi hilabete lehenago. Horrela, ikastolako lehen batzordea osatu zuten. Tartean zen Laureano Telleria (Segura, 1935), hasiera-hasieratik ikastolaren sortze prozesuan aritua.
Orduan, Seguran bi eskola zeuden: mojena eta maisuena, eskola nazionala deiturikoa. Hauek, ordea, beste aukera bat eskaini nahi zuten. Telleriak garai hartan haur txikiak zituen, eskolara bidaltzeko adina zutenak, eta San Joan ikastolako lehenengo haurretakoak bereak izan ziren. Ez zen kontu erraza, ordea, guraso gehiago konbentzitzea lortzea. «Zalantza asko zeuden, eta jendea ez zen fidatzen ideiaz», adierazi du. Hala ere, hamabi haur batzea lortu zuten, etxez etxe joan eta gurasoak konbentzituta.
Taldea osatuta, irakasteko leku bat behar zuten, eta horretarako udalera jo zuten. «Udalari eskaera egin genion, eta baldintza askorekin, baina azkenik utzi ziguten». Plazako Txanbolinpeko lokala utzi zieten. Udalaren erabaki horrekin batera herritar batzuen pentsamoldea ere aldatzen joan zen, eta mugimendu horretara gehitzen joan ziren. Lokalaz gain, irakaslea ere behar zen, noski. Urte horietan ez zegoen irakaslerik inguruan, eta batzordekoek Maixabel Telleriarengana jo zuten. Baiezkoa eman zuen Telleriak. «Niretzat lehenengo aldia zen irakasle bezala aritzen nintzela, aurrez inoiz ibili gabea nintzen», adierazi du. Praktikak egitera Donostiara joan zen, eta sei hilabete eta gero haurrei eskolak ematen hasi zen. Hiru urtekoak ziren gehienak, baina batzuk lau ere bazituzten. «Batzuk zain zeuden ikastola irekitzeko, bertara eraman nahi zituztelako haurrak», azaldu du.
Laureano Telleriak argi du oso garai txarrak izan zirela. «Ez naiz nekatuko errepikatzeaz», nabarmendu du. Izan ere, kontrako asko izateaz gain, orduko garaiak ere ezberdinak ziren. Diktaduraren erdian, ikastola bat sortzen ari zen, euskarak garrantzia zuen eskola. Hori gutxi balitz, Guardia Zibilaren kuartela ondo-ondoan zuten. «Behin bilera batean geundela sartu egin ziren», gogoratu du. Ezer esan gabe sartu, eta bertan zituzten paper guztiak bildu zizkieten.
Hala ere, hasieratik Elizaren babesa jaso zuten. Izan ere, herrian zeuden apaizek kartel moduko bat jarri zuten Txanbolinpeko lokaleko atean. Bertan azaltzen zen Elizaren babespean sortutako ikastola zela, eta bertan katekesia ere ematen zela. «Elizaren babesik gabe ezin izango genuen ezer sortu», nabarmendu du.
«Ikastolako haur horiek ez dute ezer egiten, beti jolasean dabiltza» esaldia behin baino gehiagotan entzun behar izan zuten; ordura arteko metodologiarekin zerikusirik ez zuen irakasteko modua erabiltzen zuten ikastolan. Hala kontatzen du irakasleak: «Gurean gehiago egiten genuen borobilean jarri eta hitz egin, elkarlanean aritu…», finean, bestelako formazio bat jasotzen zuten haurrek. Mendira behin baino gehiagotan joaten ziren, eta beraien pentsamolde desberdina zutenek horrelako ekintzak baliatzen zituzten aurka egiteko. «Askok esaten zuten ez genuela ezer egiten», adierazi du Maixabel Telleriak. Beste bi eskoletan lehenago hasten ziren haurrak irakurtzen eta idazten, eta hori ere kontra egiteko argumentu bezala ibili zutela nabarmendu du.
Diru sarrerak
Garai haietan ez zegoen inongo laguntza ekonomikorik, eta beraz, beste bide batzuk bilatzen zituzten dirua lortzeko. Zozketa txartelena izan zen gehien erabili zuten bidea, baina beste batzuk ere bai. Adibidez, Mapfre aseguru etxearekin akordio batera iritsi ziren. Bezero berri bakoitzarengatik ehuneko hainbeste ematen zioten ikastolari. Lan handia egin zuten orduan ahalik eta bezero gehien lortzeko, eta Laureano Telleria ere hala aritu zen. «Zegoen guztia egiten genuen dirua lortzeko, baita ikastolako bazkideak sortu ere», azaldu du.
Gutxika-gutxika haurrak gehitzen joan ziren, eta «zahartzen» ere bai. Horrela, Txanbolinpeko lokalaren erdian txapakume bat jarri, eta bitan banatu zuten. Alde batean haur txikiak egoten ziren, eta bestean helduagoak. 1972-73 ikasturterako, baina, bigarren areto bat egokitu behar izan zuten, egun jubilatuen elkartea dagoen lekuan. Modu horretan, 1.go, 2. eta 3. mailakoek Txanbolinpen jarraitu zuten, eta txikienak lokal berrian hasi ziren.
Gainera, Beasaingo Lizeo eskolak Segurako ikastola bere adar moduan hartu zuen, bere parte egin zuen. Horrek babes handia eman zion Segurako ikastolari. «Izugarrizko aurrerapausoa izan zen», bat egin dute biek. Ikastolak aurrera egin zuen oztopoei aurre eginda.
Segurako ikastolaren sorrera liburu batean bildua
Aranzadi elkarteak, besteak beste, memoria historikoarekin lan egiten du. KC-MEM izeneko proiektuaren helburua memoriaren berreskurapenean parte hartze aktiboa izatea da. Harremanetan jarri ziren Segurako hainbat herritarrekin; horiek bildu eta lanean hasi ziren. Bildutakoek erabaki zuten Segurako ikastolaren inguruan izatea egin beharreko lana. Proiektu honen fruitua Segurako ikastolen sorreraren inguruko liburua da. Atzo, Euskararen Egunean, egin zuten liburuaren aurkezpena Seguran.