Atzegi elkarteak lagunduta, Joel Hernandez (Legazpi, 1993) saltoki handi batean ari da lan-praktikak egiten. Mezu bat bidali berri du Joel Hernandez Mayordomok WhatsApp bidez. Honela dio: «Pertsona bereziak ez gaude gaixorik; gurea, izaera bat da. Ez dugu sendabiderik nahi, baizik eta onarpena. Ez gabiltza lastima bila; errespetua eta maitasuna besterik ez dugu eskatzen». Ondo menperatzen ditu teknologia berriak, edozein gaztek bezala, eta edozein gaztek bezala, adimen urritasuna izan arren, baditu afizioak, lagunak, ametsak eta, azken hilabete hauetan, baita lana ere.
Nor da Joel?
Legazpikoa naiz eta 22 urte ditut. Domingo Agirrera joan nintzen eskolara, eta gero Olazabal institutora. Handik Beasaingo Txindoki institutora joan nintzen.
Lanean hasi zinen gero.
Eskola zikloa amaitutakoan Atzegik martxan jarritako Pauso berriak proiektuan sartu nintzen. Gure izaerako jendea lan munduan sartzen laguntzeko proiektua da. Ikastaro bat egin nuen Donostian, eta ekainetik praktikak egiten ari naiz Legazpiko Eroskin, hurrengo ekainera arte. Diru piska bat ematen didate, eta gustura nago.
Zer egiten duzu lanean?
Goizetik, 09:00etatik 13:00ak arte egiten dut lan, bokadilorako atseden eta guzti. Gauza asko izaten dut egiteko: kartoi kaxak jaso eta pilatu, hozkailuak garbitu, apaletan produktuak ordenatu, otarrak eta karroak beren tokitan jarri, erosleei gauzak bilatzen lagundu…
Zer moduz lankideekin?
Oso ondo konpontzen naiz guztiekin, batez ere Make eta Piedadekin. Bezeroekin ere ondo moldatzen naiz.
Arratsalde osoa duzu libre.
Bai. Egunero igerilekura joaten naiz, eta asteazkenetan zumba egiten dut, Txolarten. Pintxo-potea egiten denean ere gustatzen zait joatea. Eta denbora dudanean, auzoko denda eta tabernetatik pasatzen naiz, Urretxuko Markelentzako plastikozko tapoiak jasotzera.
Zein dira zure zaletasunak?
Musika. Reggaetona gustatzen zait, bereziki Farruko. Bustamante ere bai. Euskal musika ere entzuten dut; Lau teilatu abestia asko gustatzen zait, baita Mikel Laboa ere. Musikaz aparte, joko asko ditut mugikorrean, eta etxean PSPa eta tableta erabiltzen ditut, jolasteko eta interneten ibiltzeko. GTA, Pressing catch, Fifa… ondo ezagutzen ditut. Telefonoa ere asko gustatzen zait, eta WhatsApp eta Messenger asko erabiltzen ditut. Zinea eta telebista ere gustoko ditut.
Lagun asko al dituzu?
Bai. Ez daukat kuadrillarik, baina Txolarten elkartzen gara larunbatero, eta aktibitate ugari egiten ditugu. Poteatzera ere ateratzen gara, eta noizbehinka afaltzen gelditzen gara. Niri ogitarteko mistoa gustatzen zait, mahonesa ugarirekin. Oporretara ere joaten gara. Azkenak Gijonen (Asturias) egin genituen, udan, gurasorik gabe.
Eroskiko lana amaitzen denean zer egingo duzu?
Gureak tailerrera joatea gustatuko litzaidake, han egiten dute lan nire lagunetako askok eta.