Bi kazetari antropologo beasaindarrek, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek, ‘Euskara eta feminismoa bidaide’ hitzaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian. Zapalkuntza hirukoitzaz jardungo dira.
Izan al daiteke feminista euskaltzale izan gabe? Eta euskaltzale feminista izan gabe? Galdera horiei erantzuten saiatuko dira gaur Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel Beasainen, Arranok antolatutako hitzaldian. Zapalkuntza hirukoitzaz jabetzea ez da kontu berria feministentzat: «Feminismo beltzek edo postkolonialek, esaterako, klase eta sexu-genero azpiratzeei arraza-jatorriaren araberakoa eransten zaiela utzi dute agerian. Euskal Herriko hainbat feminista jada 70eko hamarkadan ohartu ziren hortaz, hau da, botere harremanen sare konplexuan klase, nazio eta sexu-generoaren araberakoak bat egiten zuela eurengan», diote.
Euskal Herriaren kasuan, hizkuntzaren zapalkuntza ere gehitu behar dela uste dute. «Gurean nazio edo herri gisako zapalkuntzarako eremu pribilegiatua izan da hizkuntzarena, euskararena. Gainera, azpiratze estrategiak antzekoak dira sexu-generoari dagokionez eta euskal hiztun gisako menderatzeari dagokionean. Horrenbestez, feminismoak landutako jabekuntza, boteretze eta aurre egiteko bideetatik badu zer ikasia euskalgintzak, eta euskararen borroka feminismoa eremu berrietara iristeko bidea izan daiteke».