Legorretako Jainkoa zen izengoitiz Jesus Eskisabel Jauregi. Baina lazkaotarra zen jaiotzez. Lazkaoko Olaso kale-baserrian jaio zen, 1913ko irailaren 1ean; Antzolategi parean zegoen. Gurasoak ataundarrak zituen, baina txikitan hil zitzaizkion eta umezurtz geratu zen, bakarrik. Ordiziako Agerre Txiki baserriko osaba-izebek jaso zuten. Osabari deitzen zioten Jainkoa, eta haren ezizenarekin geratu zen gero iloba.
Bertsolaria, umore handiko pertsona, festa jartzaile aparta eta oso lagunkoia zen Eskisabel. 1936ko gerran gudari ibili zen, eta zazpi-bat urte preso eduki zuten gero. Bide konpontzaile ibilia, gerra garairako Legorretako Saletxen apopilo bizi zen, harrobian lan eginez.
Hain justu, Saletxeko Claudia Zunzunegi legorretarrarekin ezkondu zen, eta biek Olaso taberna ireki zuten, Legorretan bertan; Lazkaoko jaiotetxearen gomutan, noski. Lau seme-alaba izan zituzten: Delfin semea umetan hil zitzaien, eta Begoña, Rosario eta Arantxa alabek gorde dute Jesus Eskisabelen etxeko oroitzapena.
Tabernan txintxotutakoa
«Gu Olaso etxe honetan jaio eta hazitakoak gara. Taberna eta jangela zituen gure amak, eta apopiloak ere bai: galiziarrak, extremadurarrak… meategira eta harrobira etorriak», oroitu dute Eskisabel Zunzunegi ahizpek, Olason bertan.
Jainkoak kanpoan lan egin zuen, azken urteetan Zumarragako Orbegozoren lantegian. «Goizeko seietan jaiki eta fundiziora joaten zen. Etorritakoan, tabernan lana. Etxeko diruarekin bakarrik ezin zen, eta joan egin behar. Meritua bazeukan. Amak jostun lanak ere egiten zituen. Aitak esaten zuen tabernan txintxotutako gizona zela», diote alabek, barrez.
Omenaldi herrikoia egin zioten 1974ko apirilaren 7an, Legorretan. Zineman bertsolariak lehenengo —Agirre, Lazkano, Lasarte, Lazkao Txiki, Garmendia eta Lizaso—, Basarri ere han zen (gerran ezagutu zuten elkar), eta Bilkoin elkartean bazkaria ondoren. Handik gutxira hil zen, 1974ko uztailaren 12an.
Bertsolari gisa ibili izan zen. Afizionatuen txapelketa batean parte hartu zuen, 1949an, Lasarterekin eta Joxe Lizasorekin. Baita Gipuzkoako 1962ko eta 1964ko txapelketetan ere.
Etxeko taberna festaleku
Baina benetako plaza, Olaso taberna bera zuen Jainkoak. Jai arratsaldeetan festa antolatzen zuen, bertsolariak eta soinu-jotzailea eramanda. Hain justu, aurtengo urrian gogoratu dute Legorretan giro hura, 400. urteurreneko ospakizunetan.
«Bederatzi soinu-jotzaile apuntatuta dauzkat nik», dio Begoña Eskisabelek. Bertsotan Basarri, Uztapide, Lasarte, Agirre, Lizaso, Lazkao Txiki… askotan izan ziren Olason. «Lasarte eta Uztapide ia jaiero hona etortzen ziren; Azpillaga eta Lopategi ere bai». Eta, Lazkao Txiki herkidea, noiznahi: «Guk jaioz gero ezagutu dugu etxean, betidanik».
Inguruko herri guztietatik jendea saldoka joaten zen Olasora, terrazako dantzaldia eta bertso saioak gozatzera.
Eta, gonbidatuekin, Jainkoa bera bertsotan. Manuel Lasarte ekarri zuen batean, hala bota omen zion, ondotik: «Hasi, Manuel, Jainkoak lagunduko dizu eta».
Umorea, nonahitik.
Bertsolariak Olason bertan gelditzen ziren, gaua pasatzen. «Gure aita eginda dago, goizeko ordubietan, bertsolariei deitu jaisteko behera. Jaikiarazi, eta saioa egin». Isun bat baino gehiago jarri zieten txapelokerrek, orduan ez ixteagatik.
Jainkoak zerua erein zuen inguruan. Eta ez dute ahaztu.
Pasadizo eta umore kontuak, eta Iraola plazaratzearen ‘erruduna’
Jesus Eskisabel ezagutu zutenek ondo gogoan daukate, oraindik. Patxi Iraola bertsolari zaldibiarrak —tarterikoa zuen, gainera— aitortzen du Naizen apurra liburuan, ‘Jainkoa’ izan zuela plazan bertsotan hastearen bultzatzaile. «Oso gizon atsegina zen, umore handikoa eta bromosoa. Bromarako arte izugarria zuen; hari entzun nizkion inori entzun dizkiodan ateraldirik graziosoenak», kontatzen du Iraolak liburuan.
Pasadizo bat, gerora Lazkao Txikirena balitz bezala geratu dena, Eskisabelena dela ziurtatu du Iraolak: «Behin han geunden kuadrillan; Lazkao Txiki zena ere hantxe zen. Hizketan ari ginela, juntatu zaigu aspaldiko ezagun bat eta, elkar agurtu ondoren, han hasi zen iritsi berri hori: ‘Zahartzen ari gaituk, zahartzen’. ‘Bai, ez zagok bada beste erremediorik, gazterik hil nahi ez duenak zahartu egin behar’, bota zion Jainkoak. ‘Urteak konturatzerako joaten dituk’, besteak, eta Jainkoak orduan: ‘Urteak joan? Hiri joango zitzaizkian, niri etorri egin zaizkidak, hauek hemen zeudek!’.
Eusebio Igartzabal gabiriarrak ere ondo ezagutu zuen Jainkoa, eta haren kontu asko dakizki. «Behin Zarautzera joan omen zen Jainkoa, txapelketa batera. ‘Bertsotarako asmoan orduan?’; ‘Bai, lanak emateko asmoan ere bai. Periodikoan jarri dutena egia baldin bada, gaizki ibili behar dute’. Egunkarian bertsolari afizionatuentzat zela jartzen omen zuen; ‘Afizionatuentzat jarri dute, eta ni baino afizionatuagorik ez da etorriko’, esan omen zien».
Aitak kontseju txar bat eman ziola esaten zuen: lana, zenbat eta urrutiagoan, hobe. «Zumarragako Orbegozon zebilen. ‘Bai, geroztik hemen nabil, gora eta behera, aitak emandako kontseju txar batengatik’. Lana urruti zeukalako», dio Igartzabalek. Lana gehiegi txarra zela zioen, gutxiegi ere bai: «Lana, batere ez dela ederra».
Urbian gau bat pasatu zuten, behin, hainbat bertsolarik. Jainkoak 60 urte gertu zituen ordurako. Bidean, Amabirjinaren iturrian geratu, eta ura edateko ilaran txanda iritsi zitzaionean: «Ñio, abonatuko haut nik ere, baina ez haut edango, hemen geratuko haiz!». Haren tabernan ‘saldu ez, baina kontsumitu bai’ egiten zela zioen.
Mendiko balentria harengatik, zera esaten omen zuen: «Nik, zaharrez hiltzera, kristorenak egingo zituat. Urbiara 60 urterekin etorri baldin banaiz, pentsa ehun urterekin noraino igoko dudan». Handik gutxira hil zen, baina oso gora igo zen Jainkoaren izena.