Goierri beheko Algamar eta Saada elkarteek bat egin dute beste behin ere Sahara herriaren alde. Urte amaiera honetan, diru-bilketa kanpaina jarri dute martxan sahararren errefuxiatuen guneetan urrian uholdeek eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko. Mari Jose Galparsorok (Ataun, 1967) hartu ditu elkarteon bozeramaile lanak, eta sahararrei laguntzeko eskaria luzatu du, baita udan hango haur bat etxean jasotzeko ere.
Algamar eta Saada. Bi elkarte, helburu bera.
Bai. Duela hamar bat urte sortu genuen Algamar, haur sahararrak udan hartzeko programaren inguruan. Geroago Saada sortu zen Beasainen. Orain elkarlanean jarduten dugu, Goierriko Sahararen aldeko lagunak izenpean. Goierri garaian Hare Haizea dago, helburu berekoa.
Zein da helburu hori?
Sahararrei laguntzea eta babesa ematea, eta horretarako hainbat kanpaina burutzea: diru-bilketak, janari-bilketak, Oporrak bakean programa…
Zer da Oporrak bakean?
Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren 8-12 urteko haurrei uda kanpoan igarotzeko bidea ematen dien programa. Horri esker, umeek bi hilabete igarotzen dituzte hango beroetatik ihesi, ondo elikatuta eta mediku kontrolak eginda.
Zure familiak parte hartzen du programa horretan.
Bai, duela 10 urte hasi ginen, Algamar sortuta. Orduan baziren Goierrin Saharako haurrak jasotzen zituzten familiak, Zaldibian, Beasainen… baina banaka ari ziren, seguru aski Tolosako elkartearen bitartez. Guk eskaria egin genuen eta L’Haiza neskatoa egokitu zitzaigun. Oso esperientzia ona izan zen, eta handik aurrera bost udatan etorri zen, 12 urte bete arte. Orain mutiko bat ekartzen dugu, Sualem, eta honek ere bete du gurekin bere bosgarren urtea, baina beste uda batean ere izango dugu agian gurekin.
Zer egiten dute haurrek hemen?
Etxeko beste bat bihurtzen dira, gure kasuan baita herriko beste bat ere, ataundar bat gehiago. Euskara ikasten dute, eta nola gainera! Neskarekin, L’Haizarekin telefonoz hitz egiten dugu oraindik, eta elkarrizketak euskaraz izaten dira.
Zerk bultzatzen du familia bat haur horiek etxean jasotzera?
Guk beti izan dugu kezka bat, gureaz gain beste herri batzuk ere badaudela eta horiek ezagutu behar ditugula. Beste kultura eta pentsakerak daude, eta elkartrukea aberatsa da beti. Alaba bakarra daukagu, eta berarentzat etxean kanpotar bat hartzea oso aberasgarria izango zela uste genuen.
Kanpamenduetan nola bizi diren ezagutu duzue gainera.
L’Haiza gure etxera etorri eta bi urtera bere herrira joan ginen. Oso harrera ona izan genuen. Bere etxean egon ginen, hango udaletxea eta eskola ezagutu genituen… Harreman berezia sortu zen herriarekin, eta gaur egun mantentzen dugu. Beti zaude prest laguntzeko, zerbait bidaltzeko…
Zein da herri hori?
Dajhla du izena, kanpamenduetatik isolatuena eta basamortuan gehien barruratuta dagoena. Hondar gainean ezarritako kanpin handi bat aurkitu genuen, haimaz osatutakoa. Komunik ez zegoen, eta haimatan sukalde txiki baten antzekoa zuten. Baina jende alaia eta umoretsua aurkitu genuen, elkartuta dagoena, eta ez daukana ere emateko prest dagoena.
Errepiderik ez zegoen orduan, eta sei orduko bidaia egin behar zen Tindoufetik. Orain Aljeriak errepidea eginda du eta asko aldatuta dago egoera.
Hobetzen ari al da orduan errefuxiatuen egoera?
Bai. Hobetzen ari da, baina nere galdera da han hobetu behar al den egoera. Beren lurraldetik kanpo bizi dira. Egoera beste nonbaiten hobetu behar dela uste dut nik. Atzetik historia politiko konplikatua dago.
Nola bizi dira han?
Bere ekonomia txikia sortuta dute: fruta eta janari dendak, kotxeak konpontzeko lekuak… badaude, baina beharrezkoa dute kanpoko laguntza.
Horretan ere Algamar eta Saada konprometituta daude.
Bai. Gure zeregin nagusia udan umeak jasotzeko familiak bilatzea eta elkartzea da, eta hemengo eta hangoen arteko lotura eginda, laguntza etengabe bidaltzen diegu familia bakoitzetik: janaria, arropa…
Kanpaina irekiak ere antolatzen ditugu, janaria ikastetxe eta dendatan biltzeko, adibidez. Udaberrian egiten dira, baina aurten, uholdeak tarteko, orain egin dugu bat, Tolosako elkartearekin batera. Bost egunetan 1.800 kilo janari eta higiene produktu bildu ditugu Goierri behean. Bidean dira, eta Gabonak inguruan iritsiko dira.
Dirua biltzen ere ari zarete.
Bai. Aparteko janari bilketa honetaz gain, eta uholdeek egindako txikizioak konpontzen laguntzeko, dirua biltzen ari gara. Kontu korrontea ireki dugu horretarako (Kutxabank, 2095 5030 81 1075005677 zenbakia, ‘uholdeak’ hitza jarri behar da). Jasotzen den dirua kanpamenduetara iristen denean, zertan erabili den emango dugu jakitera. Konfidantza osoarekin egin daiteke diru ekarpena. Hilaren 20ra arteko epea dago.
Hain larriak izan dira uholdeak?
Bai. Gure etxean izandako L’Haizarekin hitz egin genuen eta ‘Ondo gare Marijo, lasai’ esan arren, badakigu etxe asko, harez eginda daudenez, suntsitu direla eta kanpamenduetan dauden leku garaienetan ezarritako haima txiki batzuetan bizi dela orain jendea. Dena galdu dute, janaria, arropa, etxea…
Zertan erabiliko da dirua?
Herria berriz eraikitzen, ospitaleak-eta. Dajhlara bidaliko du-gu dirua, hura baita kaltetuena.
Datorren udan, beraz, haurrek inoiz baino gehiago beharko dute basamortutik irtetea.
Bai. Eta orain da Saharako ume bat etxean jasotzeko eskaera egiteko garaia. Dokumentazioa aurkeztu behar da, eta lehen bailehen egin behar da eskaera. Gurekin harremanetan jartzea besterik ez dago.
Herri baten erreibindikazioa
Sahara 1884-1975 artean Espainiako kolonia izan eta gero, espainiarrek alde egin zutenean Maroko eta Mauritania artean banatu zuten lurraldea. Maroko indarrez sartu zen, eta milaka sahararrek ihes egin zuten, Aljeriako basamortuan babesa hartuz, Tindouf-en.
Harrezkero, han bizi dira 200.000 saharar inguru, beren lurraldera noiz itzuliko zain eta Marokorekin gatazkan. Lau errefuxiatu gunetan banatuta daude: Auserd, Aaiun, Smara eta Dajhla.
Bitartean, 1973an sortu zen Fronte Polisarioak, kanpamenduetan egoitza duela, jarraitzen du Mendebaldeko Saharan, saharraren jatorrizko lurraldean, estatu independientea sortzeko lanetan.