Goierriko 220 bat familia daude Inma proiektuan, ingurumenak haurren garapenean duen eragina aztertzeko.
Jaiotzen garen momentu beretik, gure ingurunearekin jartzen gara harremanetan: airea arnasten hasten gara, elikagaiak jaten, ura edaten, gure inguruko gainazalak ukitzen… Gainera, baliteke haurtzaroa izatea bizitzako momentu esanguratsuena, bai garapen fisikoari dagokionean, baita garapen neurologikoari ere. Baina, zer eragin dute gure inguruneko faktoreek haurren garapen prozesu horretan? Bi urterekin arnasten duen aireak, izango al du zerikusirik aurrerago izan dezakeen arnasketa arazoren batekin? Edo, haurra dela telebista aurrean igarotako orduek ba al dute eraginik gerora ikasketetan izan ditzakeen arazoekin?
Galdera horiei erantzuteko helburuarekin sortu zen Inma proiektua 1997an. Gaztelaniaz, Infancia y Medio Ambiente esan nahi du: haurtzaroa eta ingurumena. Estatu mailako proiektua da, eta hainbat eremutako haurrak ditu aztergai. Datu bilketan oinarritzen da proiektua. Haurra amaren sabelean dagoen momentutik hasten dira analisiak egiten eta amaren ingurunea aztertzen. Haurra jaiotzen denean, berriz, hainbat urtetik behin egiten zaio jarraipena, bere garapenean eragina izan dezaketen faktore guztiak kontuan hartuz.
Zumarragako Ospitalean
Gipuzkoa 2006an sartu zen proiektuan, eta Zumarragako Ospitalean hautatu zituzten parte hartuko zuten familiak, 2006tik 2008ra. Kontsultara joaten ziren haurdunei egiten zitzaien proposamena, eta 625 guraso inplikatzea lortu zuten. Gaur egun, 515ek jarraitzen dute, eta horietatik %43 dira Goierrikoak, 220 inguru.
Garai hartan, Elyzabeth Blarduni ospitaleko pediatra zen, eta bera arduratu zen haurdunei proiektuaren berri emateaz eta lehenengo hiru urteetako jarraipena egiteaz. Zumarragako Ospitalea aukeratzeko hiru arrazoi egon ziren Blarduniren ustez. «Batetik, Goierriko eta Urola Erdiko haurdun guztiak bertatik pasatzen direlako. Bestetik, industria ingurune batean dagoelako. Eta, azkenik, beste ospitale batzuek ezezkoa eman ondoren, Zumarraga prest agertu zelako».
Gaur egun proiektuan jarraitzen duten haurrak hasiera hartan Zumarragako Ospitalean aukeratutako berberak dira. Hau da, ez da haur gehiago gehitu proiektura. Hainbat fase ezberdinetan, haurraren garapen fisikoa zein mentala aztertzen joan dira, eta datuak biltzen. Haurra bera esploratzeaz gain, bere ingurunea ere aztertzen dute: etxea, bizi ohiturak, familiako giroa, herriko kutsadura…
Uhinen eragina aztertzen
Momentu honetan zortzi urte dituzte proiektuan parte hartzen ari diren haurrek. Fase honetan, ohiko probez eta galderez gain, bada berrikuntza bat: uhin elektromagnetikoek haurren garapenean izan dezaketen eragina aztertzen ari dira. «Beti esaten da kaltegarriak direla, baina orain arte ez da haurrengan duen eragina aztertu», adierazi du Jesus Ibarluzeak, proiektuaren Gipuzkoako koordinatzaileak. Parkean, etxean eta eskolan ari dira neurtzen uhinak, «haurrek beren denboraren %90 eremu horietan pasatzen dutelako».
Bestalde, eskolarekin ere harremanetan jarri dira azken urteetan. Ibarluzearen esanetan, oso interesgarria da haurrak eskolan duen garapena aztertzea, batez ere, adin honetan. «Haur baten lehenengo zailtasunak eskolan identifika daitezke errazen: ikasteko zailtasunak, harremanak izateko…».
Datu base erraldoia
Datuak bildu eta bildu ari dira, hortaz, Inma proiektuko ikertzaileak. Sabelaren barruan dauden momentutik hasi, eta haurra garatzen doan heinean bere garapenaren, osasunaren, bizi ohituren… inguruko datu base erraldoia osatzen ari dira. «Momentu honetan oso informazio zabala dugu, eta hori da, hain zuzen, proiektu honen balio handiena», esan du Ibarluzeak. Etorkizunean faktoreren baten eragina aztertu behar badute, datuak hor izango dituzte, eta ikertzeko moduan izango dira.
Orain arteko ondorioak
Proiektuaren helburuak, hortaz, ez dira epe motzekoak. Dena den, dagoeneko iritsi dira ondorio batzuetara. Ibarluzeak azaldu duenez, ikusi dute badaudela substantzia batzuk haurraren garapen neurologikoan eragina dutenak. Substantzia horien artean daude kutsatzaile atmosferikoen partikula oso txikiak, tabakoaren kea, merkurioa —elikagai batzuen bidez jasotzen dugu— eta abar luze bat.
Dena den, kezkagarriak al dira ondorio horiek? Ibarluzeak garbi utzi nahi izan du ezetz. «Eragina oso-oso txikia da, eta benetan arriskutsua izateko faktore horiek guztiak jasan beharko genituzke, eta esposizio handia izan». Baldintza normaletan ez da horrelakorik gertatzen, beraz, ez dago larritu beharrik.
Bestalde, ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, badaude beste faktore batzuk eragin txar horiek neutralizatzen dituztenak: ariketa egitea, dieta egokia, bularra hartzea, etxean giro ona izatea, ingurune berde batean bizitzea, bizitza sozial aktiboa izatea… «Faktore guztien arteko konbinazioa hartu behar da kontuan; noski badaudela haur batengan eragin kaltegarria duten faktoreak, baina baita onura eragiten dutenak ere, eta konbinaketa da emaitza».
Oraingoz jaio berritatik zortzi urtera bitarteko informazioa dute bilduta. Noiz arte jarraituko dute haur horien jarraipena egiten? «Finantziazioa dagoen artean».
«Bizi ohiturak eta inguratzen duen guztia dute kontuan ikerlariek»
Ainara Osinalde, Inma proiektuko parte-hartzailea.
Ainara Osinalde eta Josema Azpeitia legazpiarrek duela zortzi urte izan zuten Inma proiektuaren berri, eta parte hartzea erabaki zuten. Amaia alaba jaiotzeko zegoen oraindik, baina orain bera ere parte da. Bi urtean behin hainbat proba egiten dizkiete, eta, batez ere, galdera mordo bat erantzun behar izaten dute.
Nola izan zenuten Inma proiektuaren berri?
Haurdun geundela, 2007an, Zumarragako Ospitalean kontatu ziguten proiektu batekin hastekoak zirela. Azaldu zidaten aztertu nahi zutela zein eragin zuen ingurumenak haurren garapenean, konturatu zirelako haurrek naturaz dituzten hainbat erreflexu galtzen ari zirela.
Eta zergatik erabaki zenuten baiezkoa ematea?
Gure esku dagoena egiterik badugu, zergatik ez, ezta? Azter dezatela zein problematika dagoen, gero soluzioren bat badago soluzio horren bila jar daitezen. Aztertu ezean, ez dakigu zein soluzio egon daitekeen.
Nolakoa izan da prozesua?
Haurdun nengoela dagoeneko hasi ziren probak egiten. Analisiak egin zizkiguten, atzazaletako laginak hartu… Jaio zenean zilbor hestetik ere lagina hartu zuten. Eta gero bi urtean behin edo egin dizkigute probak. Azkenekoa aurten izan da; hilabete pare batean edo egiten dituzte proba guztiak.
Nolako probak dira?
Amaiari odol analisiak egiten dizkiote. Horrez gain, beste mota batzuetako probak ere egiten dizkiote, inteligentzia probak eta halakoak, garapen fisikoaz gain garapen neuropsikologikoa aztertzeko. Guri, berriz, galdetegiak egiten dizkigute. Galdetegi pila bat erantzun behar izan ditugu.
Zein motatako galderak izaten dira?
Denetik. Zer jaten duen, etxearen distribuzioa, zenbat leiho ditugun, kortinak ditugun, haurrak zenbat orduz jolasten duen kalean eta zenbat etxean, zenbat ordu pasatzen dituen telebista ikusten, zenbat lo egiten duen, botilako ala iturriko ura edaten duen… Dena dakite gutaz. Ikuskatzaile bat etxera ere etorri zen, espazioa ikustera eta zerekin jolasten zuen ikustera. Azken finean, haurraren bizi ohiturak eta inguratzen duen guztia dute kontuan.
Azken fasean elektromagnetismoa ere aztergai izan dute, ezta?
Bai, uhin elektromagnetikoek haurrarengan zein eragin izan dezaketen aztertzen ari dira orain, besteak beste. Azkeneko galdeketak bide horretatik ere joan dira. Etxean telekomunikazio arloan zer genuen eta horrelakoak. Hasieran haurraren egoera fisikoa aztertzen zuten gehiago, gero garapen intelektuala ere aztertzen hasi ziren, haurra hazi ahala, eta orain bizi ohituretan jartzen dute arreta handiena.
Fase honetan eskolarekin ere harremanetan jarri dira.
Irakasleen iritzia jaso dute, eta froga batzuk eskolan bertan egin dizkiote, ordenagailuarekin eta.
Informazio asko biltzen dute, hortaz.
Bai bai. Galdetegiak erantzuten ditugula esaten dudanean ez dira hamabost galdera, pila bat dira. Eta oso galdera zehatzak izaten dira, gainera. Dagoeneko informazio pila bat izango dute bilduta, eta pentsatzen dut etorkizunean erabilgarri izango zaiela datu base hori, ikerketa zehatzak aurrera eramateko.
Emaitzen berri ematen al dizuete?
Amaiari egindako frogen emaitzak bidaltzen dizkigute, eta batzuetan aholkuren bat ere bai, bizi ohituren ingurukoa. Bestalde, tarteka ateratzen dituzten ondorio orokorren berri ere ematen digute. Alde horretatik ez dugu kexarik, oso informatuta gauzkate, eta prozedura guztia oso modu zuzenean eramaten dute aurrera, baimenak eskatuz eta protokoloak jarraituz.
Zein da zuen balorazioa?
Pentsatzen dugu proiektu hau ongi etorriko zaiola gizarteari, bildutako datu guztiak hor geratuko direlako, aztergai. Horretan parte hartu dugula pentsatzea atsegina da. Eta gauzak konpontzeko balio badu, hobeto.