Ilusioz motxila bete, eta hala abiatu ziren Boliviako lurrak ezagutzera Joseba Iztueta (Gabiria, 1991) eta Alex Sukia (Zaldibia, 1991) aurtengo abuztuan. Bertako mendiak igotzeko aukera izan dute, baina baita bestelako txokoak ezagutzekoa ere. Orain, hainbat herritan ari dira hitzaldiak ematen beraien bidaiaren inguruan.
Zergatik Bolivia?
Joseba Iztueta: Hasiera batean buruan geneukan ideia ez zen Bolivia, Peru baizik. Nik argi neukan Hegoamerika izango zela helmuga, pertsonalki gogo handia neukan hara joateko.
Alex Sukia: Hori da, Josebaren ideia izan zen eta ni engainatu ninduen (barre). Ez, biok gogoa geneukan horrelako zerbait egiteko, eta bagenituen lagun batzuk aurrez Boliviako mendietan ibili zirenak, eta hango mendiak begiratzen hasi ginen.
Altitude handian dago Bolivia, aldaketa sumatu zenuten, ezta?
J.I.: Gu La Paz hirira joan ginen, eta ia 4.000 metroan dago. Gorputza aklimatatu beharra zegoen, eta pare bat egun horretarako hartu genituen.
A.S.: Iritsi bezain laster nabaritu genuen aldaketa. Hotelera iritsi, eta zuzenean ohera.
Aklimatatzeko egun horietan zer egin zenuten?
J.I.: La Paz hirian turismoa egiteko aprobetxatu genuen, eta baita Carretera de la muerte deiturikoa egiteko ere.
Nolakoa izan zen Carretera de la muerte?
J.I.: Oso esperientzia ona izan zen. Autobus moduko batean 4.800 metrora igo, bizikleta batzuk alokatu eta 80 kilometroko jaitsiera egin genuen. Hori bai, ez dut inoiz horrenbeste beldur pasa autobus batean. Alde batean pareta geneukan, eta bestean amildegia…
A.S.: Izugarria izan zen. Bertan ikusi genuen nola aldatzen zen klima, lehor-lehorra izatetik oihan berdea ikustera pasa ginen.
Condoriri, 5.648 metro. Hura zen helburu nagusia.
A.S.: Estetikoki oso mendi polita da, baina gogorra izan zen. Ia hamabi ordu pasa genituen mendia igo eta jaisten, altuera handia du eta mendia nahiko teknikoa zen. Gogoratzen naiz gora iritsitakoan esan nuen lehengo esaldia ‘behera jaitsi behar dugu’ izan zela.
J.I.: Condoriri mendia ikuste hutsarekin konformatu nintzen. Halere, nik uste dut horrelako mendi batera igotzen denean sentsazioa ez dela oso positiboa izaten. Beti daukazu buruan behera jaistea, behera jaitsitakoan gehiago apreziatzen dela esango nuke. Azkenean beherako bidea hor dago, nekatuta zaude…
A.S.: Ez ginen hasi ez saltoka, ez builaka… Baina bai, disfrutatzen duzu gora iritsitakoan, baina helburua onik iristea da.
Eta onik iritsi zineten?
J.I.: Bai, beno. Ni justu iritsi nintzen, Alex hobeto iritsi zen. Hain nekatuta nengoen ezin nuela etzanda ere egon. Bi litro ur edan nituen jarraian, eta handik bi ordura hasi nintzen buelta ematen eta hobeto sentitzen.
Iparraldetik hegoaldera.
A.S.: Mendi hori egin eta La Pazera bueltatu ginen. Eguraldi txarra egin behar zuela, eta hegoaldera joatea erabaki genuen hiru-lau egunetarako, Uyuniko Gatzaga deitzen zaion gatzezko basamortu batera. Erabateko leku basatia zen hura, eta hango terma batzuetan sartu ginen.
J.I.: 25 gradu azpitik zegoela sartu ginen barruko arropan terma horietako batean, 40 gradutan… eta hantxe, ur barruan geldirik egon ginen.
Termatik mendi tontorrera berriz ere.
A.S.: Bai, Huayna Potosi, 6.088 metroko mendi ezaguna. Egindako elurragatik hasierako bidea aldatu behar izan genuen, eta ohiko bidetik igo ginen, baina amaieran zuzenean gailurrera zihoan elur palatik joan ginen. Esklusibotasuna bilatu dugu gure aukeren barruan.
J.I.: Bai, saiatu gara ohiko lekuetatik-eta ez igotzen mendiak, baina beti gure aukerak kontuan izanda. Fisikoak baino gehiago buruak ematen du lana, ordea. Condoririn, esaterako, ni ia limitera iritsi nintzen. Azkeneko bi egunetan kanpamenduan bakarrik geunden eta gogorra izan zen.
Bidaia guztia elkarrekin pasa duzue, edo banatu zineten?
A.S.: Bai, egun batez bakoitza bere aldetik ibili ginen. Josebak mendi gosearekin jarraitzen zuen eta David Mayta mendi-gidarekin Huarahuarani mendira joan ziren. Ni, berriz, Tijuanakuko tenpluak ikustera joan nintzen.
Zein balorazio egiten duzue zuen bidaiaz?
J.I.: Gure bizitzako esperientzia izan da. Mendiak izugarriak izan dira, baina benetako Bolivia ezagutzeko aukera ere izan dugu; ez gara leku oso turistikoetan ibili eta.
A.S.: Izugarriak izan dira ikusi ditugun lekuak, mendiak, bertako jendea ere bai, noski. Azkenean lagunak ere egin ditugu bidaia honetan. Ez dakit noiz, baina egingo dugu beste horrelako bidaiaren bat, ziur.