Santi Oiartzabal ormaiztegiarrak zurezko pipak egiten ditu, afizioz. Bost urtean, 500 bat egingo zituen.
Nork ez du txikitako argazkien artean, Gabonetan baserritar jantziz, txapela buruan eta pipa ezpainean azaltzen den erretratu bat? Bada, 30 urte barruko ‘umeek’ ere izango dute berena. Santi Oiartzabalek (Sagastiberri, Ormaiztegi, 1941), ehunka zurezko pipa egin ditu, joan diren bost urteetan. Haurren artean banatzen ditu.
Txiki-txikitatik du egurra lantzeko afizioa. Jaiotetxeko aitonaren anaia bat arotza zen, eta haren tresnak eskura. Baita udako egonaldietan Itsasoko Atin Goena baserrian ere. «Kutxilloa beti poltsikoan», dio.
Beasaingo Arte eta Ofizioen Eskolan, mutikotan, «aste batean egurra eta bestean burdina» lantzen zuten. Zurgintzako maisuaren disgusturako —aprezio handia hartu zion—, Letag-en sartu zen lanean, «burdinean». Tornulari eta enkargatu izan zen, duela 14 urte jubilatu zen arte.
Bilobentzat lehen pipak
Erretiratu ondoren, duela bost urte, berreskuratu zuen atzera egurra lantzeko pasioa. Makilak egiten hasi zen. «Apustuak ere egin zituzten, batek makinan egindakoa zela, besteak eskuz», dio Oiartzabalek.
Eta alaba baten bidez, bilobentzat zurezko pipak etorri ziren ondoren. Urki adarrarekin egiten ditu, garai bateko txotxak bezala; «gusturik ez du pasatzen eta». Tresna egokiak eskuratu, eta etxeko sukaldean aritzen da geroztik.
Urte hauetan 500 bat pipa egin dituela kalkulatzen du. Bakoitzak «pare bat orduko» lana eskatzen dio. Ataungo eskolarako 22 bukatzen ari da, bernizatu gabeak, haurrek zupatzean ez kutsatzeko.
Pasioz lantzen du egurra Oiartzabalek, eta ilusio bera igorriko die piparekin Olentzero irudikatzen duten haurrei.