Taldekako Espainiako gimnasia erritmikoko txapeldunak dira Garazi Garmendia zaldibiarra, eta Mireia Aldasoro eta Saroi Eskisabel ordiziarrak. Tolosako taldearekin aritzen dira. Orain, banakako txapelketa dute buruan.
Garazi Garmendia (Zaldibia, 2002), Mireia Aldasoro (Ordizia, 2001), Saroi Eskisabel (Ordizia, 2001) goierritarrek eta Joane Zugasti eta Iratxe Martin tolosarrek osatzen dute kadete mailako Tolosa CF taldea. Urrezko boskotea osatzen dute; aurten ere, iaz bezala, Espainiako taldekako gimnasia erritmikoko urrezko domina eskuratu baitute. Azaroaren 20an lortu zuten txapela, Zaragozan (Aragoi, Espainia). Iaz, beste goierritar bat gehiago izan zuten taldekide: Leire Nazabal (Beasain, 2003). Aurten, adinarengatik, ezin izan du taldean parte hartu.
Zintak, uztaiak, pilotak eta mazak erabiltzen dituzte gimnasia erritmikoan. Aurtengo txapelketan, bost gimnastek pilotak erabili zituzten ikuskizuna osatzeko. Iaz, pilotak eta zintak erabili zituzten. Goierritarrek zehaztu dutenez, «bostak pilotekin aritzeak puntuazioa igo egiten du. Dantza perfektu egin izan bagenu 17 puntu jasoko genituen». 12,750 puntu eskuratu zituzten. Dena den, txapeldun izango ziren ala ez jakiteko tartea luze samarra pasatu zen, artean taldeen erdiak falta baitziren beraien lana burutzeko. Azkenean, garaipenak ez zien ihes egin.
Mark Ronsonen Up town funk abestiaren erritmoan dantza egin zuten. Taldekideen arteko sinkronizazioa ere garrantzitsua izaten da. «Musikarekin batera dantza egiten dugu. Bakoitzak musika entzuten du eta badaki noiz zer egin behar duen».
Ez zen erraza izan aurten ere berriz urrezko domina lortzea. «Zaila izan zen. Maila ona dago, iazkoa baino altuagoa», diote. Faborito izateak berak ere, urduritasuna eta presioa areagotu zien, gainera. Talderik onenak Eibarkoak, Valentziakoak (Herrialde Katalanak) eta Madrilgoak direla diote.
Bakarka
Behin taldekako denboraldia bukatuta, bakarkako txapelketa prestatzen hasiko dira orain. Iaz, Saroi Eskisabel ordiziarra Espainiako txapeldun izan zen. Gimnasta bakoitzak bere lana edo ikuskizuna zein aparaturekin egin federazioak erabakitzen du. Eskisabeli zintarekin aritzea gustatzen zaio gehien; Garmendiari eta Nazabali pilotekin; eta Aldasorori mazekin.
Kirol gogorra
Gorputzean malgutasuna edukitzea beharrezkoa dute gimnastek. «Jendeak uste du malgutasuna dela garrantzitsuena, baina malgutasuna bakarrik edukita ez zoaz inora. Aparatu bat ondo eramaten jakin behar da, musika entzuten eta musikaren akorde joaten… aguantea ere behar da», zehaztu dute. Horrekin batera, sasoian egotea ere beharrezkoa da. «Korrika ere egiten dugu entrenamenduetan», zehaztu dute.
Entrenamendu luzeak eta gogorrak egiten dituzte. Astean bost egunetan entrenatzen dute, egunean hiruzpalau ordu. «Kirol gogorra da, baina taldean oso ondo moldatzen gara eta horrek bultzatzen gaitu», nabarmendu dute. Lagun giro horrek laguntzen diete aurrera egiten: «Lagun asko egiteko eta ondo pasatzeko aukera ematen digu gimnasia erritmikoak», aitortu dute. «Aspertu arte» jarraitzeko asmoa dute: «Oraindik ez gara aspertu».
Entrenatu,Tolosan
Lau goierritarrak «txikitatik» dabiltza gimnasia erritmikoan, «bost urtetatik-edo». Ordizian hasi ziren, baina behin maila bat hartu ondoren, Tolosara joaten dira entrenatzera. Entrenatzaileak erabakitzen du noiz joan Tolosara.