Inazio Usarralde
Hasi gaitun egutegi berriari orriak kentzen. Zer ote zekarkigun bisurte honek? Hori ezin jakin pasa arte, ordea! Onena izango dinagu gure asmo berriak berehala gauzatzen hastea.
Kultur mailan Donostiako kultur hiriburutzari erreparatu beharko zionagu nahi edo nahi ez. Azalkeriatik harago mamiz eta edukiz ondo hornitua etor dadila, eta luzaroan iraungo duten lan moduak eta ereduak eraikitzeko bada hobe. Nolanahi ere, gu gure txikian, herrian betiko egitasmoei eutsi beharko zienagu. Eta ez ditinagu falta, zorionez!
Euskal Herri mailan, gure korapiloak askatzeko, pausoz pauso, abaguneak sortzeko gai izango ahal gaitun eta presoak nahiz iheslariak gerturatzeko modua asmatuko ahal dinagu!
Goierri mailan, erabakitzeko eskubideari dagokion erronka izango dinagu eginkizun bikaina: 70.000 goierritarri kontsulta egitera goazen ekainean eta denon ahalegina beharrezkoa izango dinagu. Izugarrizko ilusioa pizteko aukera ezin hobea zegon, gizarte ekimenetik bultzatuta. Egoki baliatzen asmatuko ahal dinagu! Lerro hauetatik, atrebentzia handiegia ez bada, nahi duen lazkaotarrari dei egin nahi zionat laguntzeko gogoa badu gerturatu dadila guregana. Denontzat zegon lekua: demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dagoen edonorentzat.
Asmo hauek guztiak ezin gauzatu, ordea, osasunak laguntzen ez bazigun. Beraz, osasuna eta askatasuna denontzat urte berrian!
Joxepa Madariaga
Konformista izanez gero «joan zaigun hau baino okerragoa ez dadila izan, behintzat, berria» esango diagu, bertan goxo. Ez gaituk, ordea, horrelakoak. Begiak ondo zabaldu eta ezin gaituk daukagunarekin konforme geratu. Ez horregatik! Aberatsak geroz eta aberatsago, pobreak pobreago; zapalduak zapalduago eta zapaltzaileak indartsuago; jenero indarkeria kasuak ugariagoa; eguratsa geroz eta kutsatuago; elkartasunez urriago; Euskal Herria geroz eta erdaldunago, españolago/frantsesago … Horrela jarraitu behar al diagu?
2016ari begira, demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen inguruko erronkak aipatu dituk, Iñaxio. Ez ote gaituk gai izango elkartu eta benetako etsaiari aurre egiteko? Garai batean bezala, Euskal Herri librea, euskalduna, Espainia eta Frantziaren bizilaguna, Europako beste herri bat izatea helburu hartuta, lortuko ote diagu elkarlanean aritzea?
Guk etxean jaso genitian baloreak eta horiek dizkiagu habe eta bidelagun. Egun, ba al zakiagu zer balore eman seme-alabei?, etxeak ba al dik garrantziarik?, arduratzen al gaituk seme-alaba euskaldunak, solidarioak, lagunkoiak, arduratsuak hezteaz ala baloreez eta elkartasunaz eskola, akademia, lagunartea, gizartea, komunikabideak eta ingurua, auzoa, arduratu behar direla pentsatzen diagu?
Bion artean galderaz eta eginkizunez bete diagu urte berriaren hasiera. Erantzuteko denbora eta ardura har ditzagula, lo geratu gabe!