Berrogei urtean Ruandan behartsuei laguntzen aritu zen Leonardo Esnaola lazkaotarra. Abenduaren 9an hil zen.
Misiolari bokazioa hasieratik izan zuen Leonardo Esnaola Ollakindiak (Lazkao, 1932 – Donostia, 2015), ia-ia apaiz egin zenetik ibili baitzen Afrikan, geruza sozial baxueneko pertsonei laguntzen. Abenduaren 9an hil zen, apaiz erretiratuen Donostiako egoitzan. Baina aztarna sakona utzi du.
Apaiztu eta gero, Angiozarren (Bergara, Gipuzkoa) bi urte egon ondoren, Angolara joan zen, misioetan, 1960an. Bi urtean izan zen han, Portugalen kolonia izatetik askatasuna lortzeko unean. Portugaldarrek kanporatu zuten, hango egoeraren berri emateagatik.
Etxean hilabete pare bat besterik ez zuen igaro. 1962an Ruandara joan zen, Elizbarrutiak urte hartan zabaldu baitzuen garapen misioa —2001ean itxi zuen—.
Eskolak eta etxeak eraikitzeari ekin zioten euskal misiolariek; nekazaritza erakutsi eta elkarteak sortzen lagundu zieten ruandarrei; langabezia handiaren ezinean, gazteei irtenbide bat irakasten. 13 apaiz euskaldunek lan egin dute han.
Gerrak ez zuen uxatu
«Beraiekin egon, beraien arazoak ikasi, ahal denean lagundu, arriskuetan egon, pozetan ere bai». Hala laburtu zuen Esnaolak berak haien Ruandako jarduna, 1998an, Goierritarra aldizkarian.
Arriskuak ere bizi izan baitzituen. 1990ean gerra lehertu zen, eta 1994an giza-sarraskia eragin zuten etnien arteko borrokek. Esnaolak han segi zuen bizitzen, eta lanean. Urte batzuk geroago, agintariek behartu zuten Ruanda uztera. Berriz itzuli ziren, hala ere. 2000n Isidro Uzkudun laguna hil zieten; eta 2002an Joxe Ramon Amunarriz, ustezko istripu batean.
Rwanda Taldeak hartu zuen Lazkaon Esnaolaren lekukoa. «Gure izarra zen».