Monozikloz Herrira egitasmoak Euskal Herriko hiriburu guztietara eraman du euskal presoen dispertsioaren aurkako aldarria. Jon Lekuona eta Beñat Otegi ordiziarrek hiru urtean gauzatu dute proiektua, monozikloa bidelagun hartuta.
Hiru urte eta ehunka kilometrotako proiektua izan da, baina azkenean gauzatu dute. Jon Lekuona eta Beñat Otegi ordiziarrek Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotu dituzte monozikloarekin. 2013an abiatu zuten Monozikloz Herrira egitasmoa, euskal preso politikoen dispertsioa salatzeko asmoz. Geroztik, bost ibilbide egin dituzte, beraien jaioterritik Euskal Herriko lurralde guztietara iritsiz.
Behin egitasmoa borobilduta, «gustura» azaldu da Jon Lekuona. Bilbon presoen alde egiten den manifestazioaren inguruan, «zerbait egiteko gogoa» sortu zitzaiela azaldu du, eta hala sortu zen idea, «lagun artean». Pixkanaka ordea, forma hartzen joan zen kontua, eta 2013an hasi zuten Monozikloz Herrira egitasmoa. Aurreneko bidaian, Lekuona bakarrik joan zen Donostiara. Handik aurrera, Beñat Otegi izan zuen bidelagun. Iruñera egin zuten hurrengo bidaia, eta gero etorri ziren Gasteizera eta Bilbora egindakoak.
Tartean familia ere izan du Lekuonak, eta eten bat egin zuen. 2015eko azaroan ekin zion berriz egitasmoari, Ordiziatik Donibane Garazira eta Maulera joanda. «Hori izan da bidaiarik gogorrena». 146 kilometro egin zituzten, tartean mendate gogorrekin. Azken bidaia, pasa den asteburuan egin dute, Baiona eta Ordizia artean. «Ondo egin genuen bidea, oso xamur. Goizean euria egin zigun, baina gainontzean ondo etorri ginen». Igande iluntzean iritsi ziren Goierrira, eta Itsasondon eta Ordizian, harrera beroa egin zieten bertako herritarrek.
Bidaia horrekin osatu dute hasierako asmoa, monozikloarekin euskal hiriburu guztietara iritsi eta dispertsioaren aurkako aldarrikapena herrialde guztietara zabaltzea. Orain atseden hartuko dute, «hurrengo harrikada» bururatu arte.