Mikel Alvarez
Pasa da denbora apur bat ‘Bat eta bat’ hauetan parte hartzen hasi ginenetik Jon. Indartsu hasi ginen baina egiten ditugun gauza gehienetan bezala, indarrak agortzen joan dira. Hobe esanda, beste proiektu batzuk joaten dira gure indarrak xurgatzen eta lastima ematen badigu ere, hauxe izango da gure azken zutabea GoiBerri honetan (oraingoz behintzat). Makina bat gauzez aritu gara eta ez gara beti ados egon (eskerrak…). Egia esan, ez dakit inork arretaz irakurri gaituen, edo arretarik gabe, baina niretzat behintzat ariketa aberasgarria izan da. Buruan nituen kezkak plazaratzeko balio izan dit eta zure hitzetatik beti jaso dut erantzunen bat; gauzak argitzeko batzuetan, gehiago nahasteko aldiz beste askotan. Beste hainbatetan zu hasi zara elkarrizketarekin eta onartu behar dizut behin baina gehiagotan zer erantzun jakin gabe utzi nauzula (Hori ere ikasgai ona izan da). Hemendik aurrera beste proiektu batean jarriko ditugu gure indarrak eta ziur naiz Jon eta Mikelen azken zutabe hau irakurtzen ari direnek gure berri izango dutela, gure berri eta adoptatu berri gaituen Katihotsak logiaren berri noski. Bitartean, mila esker txoko honetara gerturatu zareten guztioi eta baita GoiBerriri ere gu bezalako bi artabururi halako plaza bat eskaintzeagatik. Mila esker eta hurrengora arte!
Jon Artola
Marka da bai Mikel, nola hasiera batean zutabetxo honetako hitz mugaketak zenbat frustratzen gintuen, edozertaz zela ere buruan genuenak mila hizkietako mugatik gainezka egiten zigulako, eta orain ordea nola bihurritu behar izaten dugun egutegia bertan idazteko tarte bat topatzeko. Baina diozun bezala, ez gara isilik egotekoak eta ondoren ere gure berri izango du jarraitu nahi gaituenak. Azken batean, saltsaz aldatzea gustatzen zaion perrexila besterik ez baikara: mahonesatik saltsa berdera, ali-olitik txokolatera (batez ere txokolatea), zutabeetatik bideogintzara. Izan ere, badugu ito ezin dugun gauzak adierazteko barne behar bat edo, inor askori axola ez dakiola jakinda ere, edo eta aspaldidanik dena esana dagoela jakinda ere. Zer demontre, dena esana badago ere, ez baita guk esana!
Mundua konkistatzea jarri genuen helburu aspaldi kamarada eta Goierriko biztanleak lasai utzi eta beste kontinente batzuk aztoratzera joateko garaia dugu orain Gengis. Beraz, mila esker bidaia ezin eder eta aberasgarriago hau posible egin duzuen guztiei, baina gure izenak megafonoetatik aipatzen ari dira eta ez dugu lur ezezagunetara eramango gaituen hegaldi hau galdu nahi. Agur eta besarkada bana.