Nik dakidala behintzat mikrobiotika hitza ez da ageri hiztegian; eta, zer da? Ba guregan bizi diren mikroorganismoekiko ikuspegi maitekor eta esker onekoa dela esan dezakegu. Bizitza ez litzateke posible izango mikroorganismo horiek gabe, eta, esaten dutenez, egun ditugun osasun eta ingurumen arazoen irtenbidea gordetzen dute.
Darwinen eboluzioaren teoriak dio lehia dela espezieen eboluzioaren motorra. Baina berez, izaki bizidunen arteko sinbiosia eta kooperazioa dira eboluzioaren giltza, horixe dago bizitzaren jatorrian. Mikroorganismoek kontzientzia dute, bizitza askea, eta beraien artean komunikatzen dira ingurunera egokitu eta bizirautea ahalbidetuko dien erabakiak hartzeko, izaki bakar bat balira bezala jarduten dute.
Bakteriei buruz dakigun guztia jakinda ere, medikuntzak Pasteurren bidetik jarraitzen du: bakteriek beldurra ematen jarraitzen dute, eta horregatik, beraiengandik babestea beharrezkoa dela esaten digute. Bakteriekin gerran aritzeak bide txarretik eraman gaitu ordea, hanka sartu dugu. Beharrezkoa da mikroorganismoekin dugun harremana aldatzea, eta guregan bizi direnekin has gaitezke, guzti-guztiek gure gorputzarentzat onuragarriak diren funtzioak betetzen baitituzte. Hesteetan bakarrik 100 bilioi bakteria baino gehiago ditugu, milaka espezie desberdinetakoak, eta nahiz eta bakoitzak bizi askea izan, guztiak batera organo bakarra osatzen dute: hesteetako mikrobiota.
Badakigu mikrobiota osasuntsu bati eskerrak elikagaien nutrienteak har ditzakegula eta hainbat osasun-gorabeherei aurre har diezaiekegula; besteak beste, alergiak, gaixotasun autoimmuneak, infekzioak, gizentasuna, diabetesa, minbizi mota batzuk, depresioa eta baita nahasmendu psikologiko edo portaera-nahasmenduak ere. Izan ere, geroz eta datu gehiagok baieztatzen dute hesteetan gertatzen denak eragin zuzena duela gure pentsamendu eta sentimenduengan; harrigarria, ezta?
M. Gerson doktorea izan zen lehenengo aldiz bigarren burmuina aipatu zuena, orain dela hamar urte baino gutxiago, hesteetako hormetan bizi diren 100 milioi neurona baino gehiago horiez hitz egiteko. Hesteetako burmuin horrek serotonina, dopamina eta beste hainbat neurotransmisore sortzen ditu. Serotoninak, adibidez, pozik eta gustura sentitzen laguntzen digu, eta %95 hestean sortzen da. Nerbio-sistema horrek berehala erantzuten die emozioei; guztiok dakigu estresak eta emozioek urdailean eta hestean eragiten dutela. Azterketa batek eragindako urduritasunagatik beherakoa izan dezakegu, eta maiteminduta gaudenean tximeletak sentitzen ditugu urdailean.
Eta beraz, geroz eta datu gehiagok egiaztatzen dute hestean gertatzen denak eragin zuzena duela gure pentsamendu eta sentimenduengan, eta hesteetako bakteriek zeresan handia dutela bigarren burmuin horren funtzionamenduan. Gure mentea eta gure gogo-aldartea mikroorganismoekin sinbiosian bizitzearen ondorio izan daitezke beraz.
Logikoa da pentsatzea mikrobiota bere onera ekarrita posible izango litzatekeela hainbat gaixotasun hobetu edo sendatzea; depresioarentzako botikak hartu beharrean posible izango litzatekeela serotoninaren aitzindariak estimulatzea (neurotransmisore horren produkzioa jaitsi egiten baita gaixotasunarekin). Zalantzarik gabe medikuntza eta psikologia berri baten lehenengo urratsak ematen ari gara, eta dagoeneko elikagai sinbiotikoak edo psikobiotikoak bezalako kontzeptuak entzuten hasi gara… benetako iraultza!