Pasa den abenduaren 31n esan zien agur Maria Jesus Telleriak Segura irratiko bere entzuleei. 41 urtez lanean jardun eta gero erretiroa hartu berri du. Delineatzailea ikasketaz, irratiaren munduan «kasualitatez» sartu zela aitortu du. Lanak etxekoekin egoteko orduak kendu dizkiola, baina trukean irratian izandako bizipenek «asko» eman diotela ere jakin badaki. Orain, bizimodu berri baten atarian, joandakoak gogora ekarri dizkio GoiBerri-ri.
Zer moduz erretiroa hartu ondorengo lehenengo egunak?
Gabonak tarteko, oraindik oporretan egongo banintz bezala nago. Uste dut oraindik ez naizela egoera berriaz jabetu. Enkarguak egiteko egunero pasatzen naiz irratiko ate paretik, dagoeneko ez dakit zenbat aldiz igo naizen bisitan!
Nolakoa izan zen agur esateko unea?
Gogorra izan zen. Urte asko izan dira antenan, entzuleekin oso harreman zuzena eta berezia izan dut. Ez zen erraza izan agur esatea. Entzuleentzat ere une zaila izan zen, askok negarrez deitu zidaten egun hartan.
Izan ere, zure ahotsa eguneroko konpainia izan da asko eta askorentzat, ezta?
Egunero deitzen duten askorentzat laguna ere izan naiz. Urte askotako harremana izan da entzuleekin lortu dudana. Asko eta asko ezagunak ere badira. Urtero bazkaria egin izan ohi dugu Arantzazun, ehun bat lagun bildu izan gara. Askok aurpegia ere jarri diote ahotsari. Jendeak ez zuen Segura Irratira deitzen, niri deitzen zidan.
Agurrak beti dira gogorrak, baina zure kasuan bizitza berri bati ateak irekitzeko aukera ere bai.
Gelditzeko beharra ere banuen. Lasaitu, nire gogoko gauzak egiteko tartea hartu… ordupeko betebehar horiek gabe egoteko desiratzen nengoen. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, eta orain horretarako tartea hartuko dut oporren zain egon beharrik gabe.
Delineatzaile ikasketak egin zenituen. Nolatan hasi zinen Segura Irratian?
Goierriko eskolan atera zen delineatzaile ikasleen lehenengo promozioa izan zen nirea, orain 45 bat urte. Garai hartan aitak Idiazabalgo fabrika batean egiten zuen lan, eta norbaitek delineatzaile ikastaro hartaz hitz egin zion. Horrela hasi nintzen, ia zer zen ere jakin gabe.
Hiru urteren buruan amaitu nituen ikasketak, eta aukera izan nuen CAFen edo inguruko enpresaren batean lanean hasteko. Baina etxean pentsu biltegia genuen, oilategia ere bai, arrautzak inguruko ferietan saltzen genituen. Lana zegoen eta bertan gelditu nintzen laguntzen.
On Zesareo Elgarresta apaiza zure bizitzan gurutzatu zen arte.
Bera izan zen Segura Irratiaren sortzailea. 1956an hasi ziren emititzen uhin ertainean. Urte gutxiren buruan, ordea, frankismo garai bete-betean, itxiarazi egin zuten, Loiola eta Arraterekin batera, euskaraz emititzen zutelako. On Zesareo ez zen geldi egoteko horietakoa, ordea, eta 1974an FM-n hasi ziren emititzen. Garai hartan, mutil bat egoten zen irratian lanean. Hiru egunetarako kanpora zihoala eta, On Zesareok bera ordezkatuko ote nuen galdetu zidan. Baietz esan nion.
Nolakoak izan ziren lehen une haiek?
Nik ez nekien disko bat nolakoa zen ere, are gutxiago disko-jogailu batek nola funtzionatzen zuen. Hasi aurreko egunean joan nintzen irratira, eta funtzionamenduaz hitz egin zidaten. Nik ez nuen ezer ulertu. Hurrengo egunean kirioak dantzan nituela joan nintzen. Bakar-bakarrik nengoen. Disko bat jarri eta bukatu arte itxaroten egoten nintzela gogoratzen dut.
Hurrengo egunean ere joango ote nintzen galdetu zidan On Zesareok. Eta hurrengoan, eta hurrengoan. Aurretik zegoen mutila ez zen gehiago bueltatu. Nik jakin banekien inor ez zegoela irratian eta joatea nire betebeharra zela. Azkenean 41 urte eman ditut bertan.
«Ez zen erraza izan agur esatea. Entzuleentzat ere ez, askok negarrez deitu zidaten»
«Lehenengo egunean kirioak dantzan nituela joan nintzen, bakar bakarrik nengoen»
«Etxekoa alde batera utzi behar izan dut, baina trukean jasotakoa handia izan da»
Zertan aldatu da irratigintza hasi zinenetik gaur arte?
Batez ere teknologiari dagokionean. Teknologia asko aurreratu da eta oso lagungarri zaigu lana arintzeko. Lehen pizarrazko diskoekin lan egiten genuen, egun dena egiten da ordenagailuarekin. Baina bada aldatu ez den gauza bat ere: entzuleekin daukagun harremana. Harreman zuzena eta bizia izan dugu beti entzuleekin. Hori da, azken batean, Segura Irratiaren oinarria. On Zesareok beti esaten zuen hau ez zela irrati handia izateko jaio, herritarrei zerbitzua emateko baizik. Segura sukaldeko irratia zela esaten zuen beti.
Zer eman dizu irratiak?
Gutxien espero nuena: pertsona bezala aberastea. Etxekoa pixka bat alde batera utzi beharra izan dut, baina trukean jasotakoa ere handia izan da. Lagun asko egin ditut, jendeak bere poztasunak eta arazoak kontatzeko deitu izan dit. Irratian emandako urteek pertsona hobea izaten irakatsi didate.
Bereziki gogoratzen al duzu irratian bizi izandako uneren bat?
On Zesareo hil zenean, lutoa egin zen irratian. Musika serioa jarri zen eta programazioa etenda egon zen. Arrosarioa errezatzerako unean, bakarra errezatu zen bere alde. Kuadrilatxoa geundela oroitzen dut. Bat batean, eta On Zesareoren aldeko arrosarioa esatea tokatzen zen unean bertan, barreak eman zigun lankide bati eta bioi, eta ezin gelditu! Gaizki pasatu genuen momentu hartan.
Nola ikusten duzu Segura Irratiaren etorkizuna?
Nire ustez, sortu zeneko oinarri hori mantendu beharko luke. Hau da, jendearekiko harreman zuzen hori, gertutasun hori mantendu beharko luke. Egiteko era, jende berriarekin, ezberdina izango da seguru. Gazteagoak izanda, formula berriagoak erabiliko dituzte. Baina badakite zer entzuleria daukagun, gauza konplikatuegiak eskaini gabe, bide beretik jarraitu behar da.
Zure ordezkaritza esku honetan dago orduan.
Bai, gazteagoak dira, prestatuago daude eta ilusio handiarekin dabiltza. Nik baino hobeto egingo dute, seguru nago. Orain arte ez naiz irrati-entzulea izan, aitortu beharra daukat, baina aurrerantzean entzule bezala jarraituko dut Segura Irratian.