Euskadi Basque Country-Murias taldean lau goierritar daude: Garikoitz Bravo, Jon Ander Insausti, Alex Aranburu eta Pello Olaberria.
Euskadi Basque Country-Murias taldea, pixkanaka, Euskaltel-Euskadik utzitako hutsunea betetzen ari da. Movistar eta Caja Rural taldeek ere Euskal Herrian dute egoitza, baina Murias da euskal harrobiko txirrindulariez soilik hornitzen den bakarra. Lau taldekide goierritarrak dira. Muriasen arima Goierrin dagoela esan daiteke.
Murias taldeko lau goierritarrak Gari Bravo lazkaotarra, Alex Aranburu ezkiotarra eta Jon Ander Insausti eta Pello Olaberria mutiloarrak dira. Erdibidean egin du Goiberri-k hitzordua laukotearekin: Ormaiztegiko Antziñe kafetegian. Estreinatu berriak dituzten maillot eta bizikletekin azaldu dira, dotore, irribarretsu. Udazkenean bizikletan ibiltzeko eguraldi aparta egin du, eta urte hasieran Benidormeko eguzkipean entrenatu dute. Sasoian daude. Denboraldi berria hasteko irrikatan.
Lauetan beteranoena Bravo da. Aurtengoa zazpigarren denboraldia du profesional mailan, baina gaztea da oraindik: 26 urte ditu. Bere burua igotzailetzat definitzen du. «Igotzailea naizela esango nuke eta sasoian nagoenean mendateak onenekin igotzeko gai naiz. Mendate luzeak eta gogorrak atsegin ditut, motzak baino gehiago. Dena den, todoterreno samarra naizela esango nuke».
Afizionatu mailan Bizkaiko Birako etapa bat irabazi zuen eta Espainiako txapeldunorde izan zen erlojupekoan, besteak beste. Profesional mailan, Portugalgo Itzulian gazteen sailkapena irabazi zuen eta 13. egin zuen sailkapen orokorrean. Etorkizuneko Tourrean, berriz, mendiko sailkapena irabazi zuen. Tirreno-Adriatikon eta Romandiako itzulian mendiko maillota jantzi du.
Bigarren beteranoena Insausti da. 23 urte ditu eta iazkoa izan zuen lehen denboraldia profesional mailan. Mutil irekia da eta beterano baten patxadaz hitz egiten du. Afizionatu mailan, Euskal Herriko erlojupeko txapelketa irabazi zuen eta Espainiako ziklo-kros txapelketan bi aldiz nagusitu zen. Iaz, Frantziako Kopako proba batean bigarren egin zuen. Izan ere, egun bateko lasterketetarako txirrindulari aparta da. «Egun bateko lasterketak atsegin ditut: ibilbide urduriak eta aldapa motzak».
Garikoitz Bravo
· Jaiotze urtea: 1989
· Jaioterria: Lazkao
· Kirol ibilbidea: Zazpigarren urtea profesional mailan. Hiru urte egin zituen Caja Rural taldean eta ondoren beste bat Euskaltel-Euskadin. Talde hau desagertu zenean Portugalera joan zen eta aurtengoa bigarren denboraldia du Muriasen.
· Ezaugarriak: Igotzailea.
· Lorpen garrantzitsuenak: Gazteen sailkapena irabazi zuen Portugalgo Itzulian eta 13. egin zuen sailkapen nagusian. Etorkizuneko Tourrean mendiko sailkapena irabazi zuen.
Olaberriari dagokionez, gazte mailan Gipuzkoako Itzulia eta Euskadiko txapelketa irabazi zituen. Afizionatu mailan ez du lasterketarik irabazi, baina txirrindulari ona dela argi dago. Contador fundazioan egon da eta profesional mailara onenak bakarrik pasatzen dira. «Contador fundazioak talde indartsua du, eta orain arte taldekideentzat lan egitea tokatu zait gehienbat».
Berari ere egun bateko lasterketak gustatzen zaizkio, baina ez du asko hitz egin nahi profesional mailan nola moldatzen den ikusi arte. «Orain ikusiko dugu zein den nire tokia: orain arte txirrindularitza jolas bat izan da».
Aranbururentzat ere hau da lehen denboraldia profesional mailan. Berak ere garaipen garrantzitsuenak gazte mailan lortu ditu. Espainiako txapelketa irabazi zuen, besteak beste.
Aranburuk ere ez du bere dohainez asko hitz egin nahi, profesionalen artean nola moldatzen den ikusi arte. «Igotzailea naiz, baina afizionatu mailatik profesional mailara salto handia dago».
Denboraldi hasiera
Guztiek Mallorcan hasiko dute denboraldia. Gazteei lasai hasteko esan diete, noski. Tropela barrutik ezagutzeko gogo bizia dute. «Ilusio handia egiten dit ekipo handi horiekin aritzeak. Izan ere, denboraldi hasiera honetan UCI World Tour mailako talde askorekin elkartuko gara», aipatu du Aranburuk.
Insaustik beraien presentzia asko nabaritzen dela dio. «Denboraldi hasieran lasterketa berberetan parte hartzen dugu eta sekulako maila dutela ikusten da».
Gazteek errespetua diote profesional mailari. «Sekulako errespetua diogu profesional mailari. Beste mundu bat da. Orain arte ezagutu dugunaren oso ezberdina. Jon Anderrek-eta sekulako maila dagoela esan digute beti. Gainera, beraiekin entrenatzen hasi garenean, beraien mailara heltzeko ere gogor lan egin behar dugula konturatu gara», azaldu du Olaberriak.
Beteranoek lasai hartzeko gomendatu diete. «Lasterketetara ikastera joan behar dira: guztietan ikasiko dute zer edo zer. Lasai joan daitezela lasterketetara. Beraien tokia topatu behar dute tropelean. Ez dira estresatu behar. Urduri jartzea baino gauza okerragorik ez dago. Bestalde, urte guztian ezin da ondo egon. Une txarretan gehiago ikasten da. Konturatzerako, asko ikasi dutela ikusiko dute», azaldu du Insaustik.
Jon Ander Insausti
· Jaiotze urtea: 1992
· Jaioterria: Mutiloa
· Kirol ibilbidea: Jon Odriozolarekin Gipuzkoa taldean aritu ondoren, bere eskutik Murias taldera salto egin zuen iaz.
· Ezaugarriak: Egun bateko lasterketak atsegin ditu. Ibilbide urduriak eta aldapa motzak gustatzen zaizkio, 10-15 minutuko esfortzua eskatzen dutenak.
· Lorpen garrantzitsuenak: Espainiako ziklo-kros txapelketa, gazte mailan eta 23 urte azpikoan. Euskadiko txapelduna, erlojupekoan. Iaz, Frantziako Kopako proba batean bigarren.
Bravo berarekin bat dator. «Urtero tokatzen da bolada txarren bat eta gauzak lasai hartu behar dira. Urte guztia dugu aurretik eta lasterketa askotan parte hartuko dugu. Talde honetan ez dugu lasterketa bat begiak jota. Bakoitzak 70 bat probatan parte hartuko du eta denak aprobetxatu daitezke, baina estutu gabe».
Insaustik argi du zein den errezeta. «Urte guztian daude lasterketak. Ondo gaudenean aprobetxatu egin behar dugu eta okerrago gaudenean ez dugu burua galdu behar».
Bera gozatzen saiatu zen profesional mailan eman zuen lehen denboraldian eta Aranbururi eta Olaberriari ere hori opa die. «Lehen lasterketetan Kwiatkowski munduko txapeldunarekin eta Valverderekin topo egin nuen, besteak beste. Une horretan ez zara konturatzen, baina gero lortutakoa baloratzen duzu. Dena den, oraingoz beraien mailatik urruti samar gaude».
Tropelean beraien tokia egin behar dutela dio. «Batzuek errespetuz hartzen dituzte gazteak eta beste batzuk harroagoak dira. Beste edozein lanetan bezala, bakoitzak bere tokia aurkitu behar du. Errespetuz jokatu behar da, baina kikildu gabe. Bestalde, ondo jakin behar da noiz saiatu behar garen tropelaren aurrealdean egoten eta noiz ez. Ezer egiterik ez dugunean, hobe da atzera joatea».
Aranburuk eta Olaberriak Bravoren eta Insaustiren babesa izango dute. Ez bakarrik tropelean, baita egunerokoan ere. Izan ere, taldekideak izateaz gain, aspalditik ezagutzen dute elkar. Lauei ilusio handia egiten die lau goierritarrek talde berean aritzea. «Gaztetatik ezagutzen dugu elkar, baina lehenengoz elkarrekin arituko gara. Oso seinale ona da. Goierrin beti txirrindulari asko egon dira eta lehengo indarra berreskuratzen ari gara. Goierrin zaletasuna dagoelako eta ondo lan egiten ari direlako gertatzen ari da hori», dio Bravok.
Bestalde, Murias Euskal Herriko ikur bat bihurtzeko bidean da eta lau goierritarrentzat ohorea da halako talde batean aritzea. «Murias enpresak esfortzua egin du eta aurten Euskadi-Basque Country eramango dugu maillotean. Beharbada, hemendik urte batzuetara talde honek Euskaltel-Euskadik izan zuen indarra izango du. Ilusio hori dugu. Jon Odriozolaren nahia talde honek Euskal Herria Tourrean ordezkatzea da, lehen Euskaltel-Euskadik egiten zuen bezala», esan du Bravok.
Batzuetan lau goierritarrek elkarrekin entrenatzen dute, nahiz eta bakoitzak bere ibilbide kuttunak dituen. «Ni bakarrik ibili zalea naiz, baina tarteka elkartzen gara. Lauok elkarrekin entrenatzea polita da, taldea ezagutzera emateko balio baitu», aipatu du lazkaotarrak. Berari Goierrin eta Tolosaldean entrenatzea gustatzen zaio. Mutiloarrek Sakanara joateko ohitura dute. Aranburuk, berriz, kostalderako joera du.
Bravok Tolosako Urkizu du inguru honetako mendate kuttunena. «Oso ona da serieak egiteko. Tonto-tonto, antenaraino ordu erdiko lana duzu. Andazarrate ere polita da. Hemen denetik dugu: bost minututik hasi eta ordu erdi artekoak».
Insaustik eta Aranburuk ez dute mendate kuttunik eta Olaberriari, berriz, Mandubia gustatzen zaio serieak egiteko.
Gustuko lasterketak
Lasterketei dagokienez, Olaberriak, Paris-Roubaix, Flandriako Tourra eta Tro Bro Leon lasterketak ezagutu nahi ditu. «Azken hau, duela hiruzpalau urtetik jarraitzen dugu Jon Anderrek eta biok. Lurrezko pistetan egiten da. Iaz Jon Anderrek parte hartu behar zuela esan zidanean, sekulako inbidia eman zidan. Aurten nik izango dut parte hartzeko aukera».
Pello Olaberria
· Jaiotze urtea: 1994
· Jaioterria: Mutiloa
· Kirol ibilbidea: Afizionatu mailako lehen urtea Ordiziako txirrindulari elkartearekin egin zuen eta ondorengo biak Contador fundazioarekin. Aurtengoa lehen denboraldia du profesional mailan.
· Ezaugarriak: Egun bateko lasterketak gustatzen zaizkio, baina bere tokia zein den orain ikusiko dela dio.
· Lorpen garrantzitsuenak: Mutiloako txirrindulari honek Gipuzkoako Itzulia eta Euskadiko txapelketa irabazi zituen gazte mailan.
Insaustik, egunean batean, Flandriako Tourrean parte hartu nahi du. «Tro Bro Leon proban parte hartzeak ere ilusio handia egiten zidan eta iaz lortu nuen. Baina gaixo nengoen eta ezin izan nuen bukatu. Aurten, nire helburuetako bat Tro Bro Leon eta gainontzeko klasikoetara ondo heltzea da».
Bravo lazkaotarra, berriz, itzuli zalea da. «Niri Suitzara itzultzea gustatuko litzaidake. Euskatelekin Romandiako Itzulia egiteko aukera eduki nuen eta hara itzuli nahi dut. Hango mendi berdeak asko gustatzen zaizkit».
Aranburuk Euskal Herriko Itzulia ezagutu nahi du. «Etxeko lasterketa da eta ilusio handia egiten dit egunen batean Euskal Herriko Itzulian parte hartzeak».
Gustuko txirrindulariak
Ez dira idolo zaleak, baina guztiek dute txirrindulari kuttunen bat. Insaustiri egun bateko lasterketak gustatzen zaizkio eta, hala, bere txirrindulari kuttunak Boonen eta Degenkolb dira. «Izugarria da beraien gorputzaldi onak nola aprobetxatzen dituzten eta beraiek dira erreferente bezala hartzen ditudanak».
Bravori Vinokourov gustatzen zitzaion «oso borrokalaria» zelako. Egungoen artean, Kwiatkowski munduko txapeldun ohia jarraitzen du. Izan ere, bere taldekidea izan zen Caja Rural taldean. «Bizikletan oso elegantea da. Zangoak bakarrik mugitzen ditu. Gainera, nire taldekidea izan zen eta Leongo Itzulian logela berean egon ginen. Iaz, Algarveko Itzulian, munduko txapeldunaren maillota soinean zuela, ni agurtzera gerturatu zen. Oso detaile polita iruditu zitzaidan eta hunkitu egin nintzen».
Aranbururen txirrindulari kuttuna, berriz, Peter Sagan da. «Gazte mailako munduko txapelketan parte hartu nuenean, bilera batean, nire aurrean eduki nuen. Ordutik, gertutik jarraitzen dut. Gainera, aurten munduko txapeldunari dagokion maillota soinean duela lehiatuko da».
Alex Aranburu
· Jaiotze urtea: 1995
· Jaioterria: Ezkio-Itsaso
· Kirol ibilbidea: Afizionatu mailan, Ampo eta Baque taldeetan aritu zen. Iaz hiru lasterketa egin zituen Murias taldearekin.
· Ezaugarriak: Igotzaile ona da eta aste bateko lasterketak gustatzen zaizkio.
· Lorpen garrantzitsuenak: Espainiako Txapelketa irabazi zuen gazte mailan eta afizionatu mailan, berriz, Oiartzun eta Oñatiko lasterketak eta Palentziako Itzuliko etapa bat irabazi zituen. Iaz, 20. sailkatu zen Getxoko klasikoan.
Olaberriari ere klasiko zaleak gustatzen zaizkio: Sagan, Kwiatkowski, Van Avermaet… «Dena den, nire idoloak Gorka eta Ion Izagirre dira. Izan ere, beraiek dira txikitatik jarraitu ditugunak. Beraiek dira gure eredua. Tropelean ikusten gaituztenean, adarra joko digute».
Lau Muriastarrak ez dira isilik geldituko. Izan ere, beraiek ere txantxa zaleak dira. Batak bestea deskribatzeko eskatu diegunean esan dutena irakurtzea besterik ez dago. «Gari oso mutil jatorra da, baina oso despistatua. Lasterketetan lasai egotea gustatzen zaio. Lasai eraman behar zaio, ezin zaio estutu. Ez zaio esan behar zer irabazi behar duen. Hobe da bera lasai uztea. Motor ikaragarria du. Mutil jatorra, despistatua eta lasaia da», azaldu du Insaustik.
Bravok Insausti «borrokalaria eta indartsua» dela dio. «Klasikoetan maila ona emango du. Iniziatiba eramatea gustatzen zaio eta hori oso ona da taldearentzat».
Gazteei buruzko iritzia, Insaustik eman du. «Pello oso mutil serioa eta langilea da. Alex ere mutil jatorra da, baina kexati samarra. Beti mendateen gogortasunaz eta lasterketen luzeraz kexu ageri da eta gero sekulako maila ematen du! Biak mutil onak dira eta gaitasun handiak dituzte. Alexek astebeteko itzulietan eman dezake maila onena eta Pellok, berriz, egun bateko lasterketetan. Bere txisparen inbidia izan dut beti».
Bukatzeko, lasterketa bat irabazten lehenengoa zein izango den galdetu diegu. Bravok aurten garaipen bat lortzetik gertu ibiliko direla esan du eta Insaustik garaipen bat lortzen lehena Imanol Estevez izango dela aipatu du. Baietz goierritarren batek ere besoak altxatu?