AECC minbiziaren aurkako elkarteak doako terapiak eskaintzen ditu Zumarragan, erretzeari uzteko.
Minbizi kasuak gutxitzea. Horixe da AECC minbiziaren aurkako elkartearen helburu nagusia. Bizi ohitura osasungarriak izatea garrantzitsua da minbizia prebenitzeko garaian, eta tabakoaren kontsumoa da aldatu nahi duten bizi ohituretako bat. AECC-k hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar tabakoaren kontsumoa gutxitzeko. Esaterako, erretzeari uzteko terapiak.
Banakako saioak zein taldekako terapiak eskaintzen dituzte. Maider Sierra psikologoak bideratzen ditu saioak, eta, batez ere, erorketen prebentzioa lantzen dute. Terapian hasterako erre behar da azken zigarroa. Sierrak azaldu duenez, mila modu daude tabakoa uzteko: nikotina partxeak, akupuntura, medikazioa… Baina, zailena, ez erortzea da. Horregatik, urtebete irauten dute terapiek, garrantzitsua delako urtebetean gutxienez zigarro bakar bat ere ez erretzea, segurtasuna lortzeko.
Zortzi lagun inguruko taldetan elkartzen dira, Zumarragako egoitzan, eta bakoitzak bere kezkak agertzen ditu: egunerokotasunean zein zailtasun aurkitzen dituen ez erortzeko, zer sentitzen duten beste norbait erretzen ikustean… «Beraiek ekartzen dituzte gaiak, eta nik, ahal dudan neurrian, nire jakinduria jartzen dut beraien eskuetan», azaldu du Sierrak.
Astean behin taldera elkartu beharrak, konpromisoa eskatzen die terapian parte hartzen dutenei. Eta horrek ere laguntzen du erretzeari uzteko. «Bakoitzak motibazio bat izango du, baina helburu bera dute, eta hori lagungarria da».
Psikologoaren aholkuak
Hainbat aholku ematen dizkie Sierrak erretzeari utzi nahi dutenei. Batetik, beren buruari aukera bat emateko. «Ez da tremendismoan erori behar, eta erlatibizatu egin behar dira gauzak», adierazi du. «Erretzeari utzi berritan gaizki sentitzeak ez du esan nahi beti horrela sentituko zarenik, hori pasa egiten da». Bestetik, bakoitzak bere buruari gezurrik ez esateko gomendioa egiten du. «Noizbehinka zigarro bat erretzen baduzu ere, erretzailea zara».
Sierraren esanetan, erretzeari uztea lortzen duen jendea aske sentitzen da. «Tabakoarekiko loturarik ez izateak askatasuna ematen die, denek aipatzen didate hori». Terapian parte hartu nahi duenak, 943 72 00 57 telefonora dei dezake. Urtarrilean sortuko dituzte taldeak, baina urteko edozein garaitan has daiteke terapiarekin. Hortaz, erretzeari utzi nahi dionak, ez du aitzakiarik.