Ekainaren 19ko galdeketaren sintonia edo kantua konposatzen ari dira Joxe Arizkorreta legazpiarra eta Xabier Arakama zegamarra elkarlanean. ‘Unea iritsi da… gurea da erabakia’ hitzak behin eta berriz errepikatuko dira.
Ekitaldi nagusi orok izaten du bere sintonia, ereserkia edo kantua. Ekainaren 19ko Gure Esku Dagoren herri galdeketa ez da gutxiago eta Joxe Arizkorreta legazpiarra eta Xabier Arakama zegamarra Gurea da erabakia abestia moldatzen ari dira egunotan.
Joxe Arizkorretak egin du lehenengo lana: hitza eta oinarrizko melodia sortzea. Legazpiarra ez da musikari profesionala, baina bai zaletua: «Gitarra jotzen dut eta bertso munduan ere banabil bertso eskolan. Hitzekin eta gitarrarekin nire mailan moldatzen naiz, baina hortik aurrera ez».
Etxean egindako lehenengo grabazioa Gure Esku Dagoren asteazkeneroko batzarrean aurkeztu zuen legazpiarrak. Taldearen oniritzia jaso eta Xabier Arakama zegamar musikariarekin jarri zen harremanetan. «Beste galbahe bat pasatzeko Xabier Arakamarengana jo nuen. Ez nuen ezagutzen, baina erreferentzia baneukan. Entzunda ere bai, Legazpiko Gure Esku Dagoren abesti batean hartu baitzuen parte The Pintxos taldearekin. Banekien ondo zebilela, eta goierritara da gainera». Whatsappez berehala jaso zuen zegamarraren erantzuna: «Gustau zatek!».
Arakamarentzat ohorea izan da berarengana jotzea eta pozez hartu du Arizkorretaren lehenengo doinuak moldatzeko eta egokitzeko lana. «Kantua entzun nuenean, potentziala badaukala ikusi nuen, doinu erraza delako. Armonia aldetik senzilloa da eta gainera estribilloa badauka. Azkenean, jendearengana gehiena iristen diren kantak era horretako kantak izaten dira. Tonalitate maiorrean dago eta abestia alaia da. Niri gustatu zitzaidan».
Dantzagarria eta alaia
Aldaketaren bat edo beste egin dizkio Arakamak hasierako zirriborroari, «Joxeren baimenarekin». Zegamarrak zehaztu duenez, «sarreratxo bat egin diot, tartean zati instrumentala egingo diot… aukera oso politak ematen ditu».
Lanketa guztia bukatu gabe badago ere, «dantzagarria izango da, alaia. Ekainaren 19a festa bat izango da, norberak iritzia aukera emateko festa. Eta nire ustez musika alaia dagokio, festa girokoa», aurreratu dute.
Arakamaren Xaiko taldeak egingo du kantuaren oinarria: «Xaikok egitea proposatu nuen. Ideia ona zen Goierriko musikariek egitea kanta, politagoa da, baina ondo egiteko hiru-lau hilabete beharko genituzke eta ez daukagu denbora hori. Xaikoren disko berrian sartuko dugu kanta eta kontzertuetan ere joko dugu», nabarmendu du zegamarrak.
Baina musikari goierritarren kolaborazioak bilatuko dituzte: «Helburua goierritar jendearekin egitea da», dio Arizkorretak. Bateria, baxua, gitarra, trikitrixa, ahotsa, baxua, tronpeta, tronboia, txalaparta… sartzeko asmoa daukate. Ahotsa, berriz, lau lagunen artean grabatuko lukete. «Bi gizonezkoren eta bi emakumezkoren ahotsak. Bat Arakamarena izango da».
Arizkorretak aurreratu duenez, estribilloa abesteko hamabost goierritar elkartuko dituzte. «Goierriko herri desberdinetakoak izango dira. Izan ere, grabazioan irudiak ere hartu nahi ditugu gero bideoa egiteko». Hori bai, abestiaren grabaziorako datak zehaztuta dituzte: martxoaren 1ean Xaikok grabatuko du, 2an kolaboratzaileek eta ahotsek, eta 3an nahasketak egingo dituzte.
Hitz gutxi, mezu asko
Hitza ere garrantzitsua da kantu batean. Hitz gutxirekin mezu asko zuzena eman nahi izan du legazpiarrak: «Hitz gutxitan oraingo helburu hau islatu nahi izan dut».
Ez du bertso egitura, baina baditu errimak. Hitzekin jolas egin du: ametsa-pentsa, batu-katu, gure-zure, jada-gara, herri-Goierri, hitza-baldintza errimekin. Horretaz gain, «saiatu naiz hitz klabeak sartzen: gora Goierri, hartu dezagun erabakia, gure esku dago, herri bat gara…». Indar handia izango duen estribilloak «unea iritsi da… gurea da erabakia», dio.
Goierritarrak abestia bere egitea nahi dute. Horretarako, Arizkorreta saiatu da «abestiarekin sentsibilitate guztiak islatuta sentitzeko letra idazten. Herri bat garela eta gure erabakia aldarrikatu nahi dugula esaten du. Testuak berak bereziki ez du ideologia bat transmititzen. Zaindu beharreko gauza bat baita hori ere».
Gurea da erabakia
Herri, zahar baten ametsa, ezazue pentsa,
ahaztuko dugunik, gora Goierri.
Ia, gure indarrak batu, ez gara lau katu,
ta hartu dezagun, erabakia.
Gure, esku dago eta, ez egon zer gerta,
denon erronka da, gure ta zure.
Jada, gurea da hitza, hori da baldintza,
konplexurik gabe, herri bat gara.
Unea iritsi da… gurea da erabakia.