Josu Aztiria
Ikusita al dituzu ‘El taxista ful’ eta ‘Fake orgasm’ filmak, Gorka?El taxista ful-ek libre dauden taxiak hartu, bezeroak eraman eta beste leku batean uzten zituen pertsona du protagonista, langabezian geratu eta honelako trikimailuak asmatu behar ditu sistemak irentsi ez dezan. Kartzelan sartu ez dezaten ezker mugimenduaren ertzetan dabiltzan pertsonen laguntza jasotzen du. Berak biziraun besterik ez du egin nahi eta horregatik egin du egin duena; bere kideek ekintza politiko bat eraman duela aurrera ikustarazi diote.
Fake orgasm filmean aldiz, labur esanda, fisikoki (sistemarentzat, esan dezagun) gizonezkoa dirudien, baina alua duen pertsona eta artista du protagonista. Bere gorputzarekin perfomanceak egiten ditu generoaz dugun ikuspegi binarioa apurtuz, gizon-emakume banaketa hegemonikoarekin hautsiz. Askatasuna oparitzen digu bere zentzurik gordinenean.
Erakusten digute politika gure gorputzarekin eta egunero hartzen ditugun erabakiekin ere egin dezakegula. Zein banketxetan dugun dirua, zein hizkuntza hautatzen dugun edo nola banatzen ditugun etxeko-lanak ez dira erabaki neutroak; eremu pribatua eta publikoaren arteko mugak lausotu dira. Marina Garces filosofoak dio bizitzen ari garen aldaketa interesgarriena dela bizitzaren politizazioa eta niri, ikusmolde horrek hunkitu egiten nau. Akzio politikoa ez dago erakundeetan edo alderdietan soilik, baizik eta bizitzan, bere zentzurik biluzienean.
Niño de Elche kantariak ekintza artistikoa une politiko bati atxikia dagoela dioenean, ez al dio antzeko zerbait?
Gorka Erostarbe
Merezi du Niño de Elche musikari heterodoxo eta irudimentsuak oholtzaren gainean kantatzen dituenak eta handik jaitsitakoan kontatzen dituenak entzutea, Josu. Musika bizitza da haren belarri begietara, eta bizitza politika. Politika bere neurri erradikal (hitzaren zentzu etimologikoan) nahiz apalenera itzularazteko garaiak bizi ditugu; sumatzen da kezka hori jendartean, eta bada zerbait krisi deitzen dioten desmasia eta arpilatze sistemikoaren garai ilunotan. Bai, feminismoak duela ia 50 bat urte haizatutako The personal is political lelo hartan egon liteke arnasbiderako eta esperantzarako zirrikituren bat inon egotekotan.
Ondo diozun bezala, eguneroko ekintza txiki horien jiran osa liteke norberaren zentzu kritiko eta komunitarioa… eta personal hori subjektu politiko eta eragile bihurtzeko ezinbesteko elementua: entzutea. Egun dagoenik eta ekintza politikoena (eta poetikoena) entzutea delakoan nago. Hain sinple eta hain zail. Hitz egin sobera egiten dugu, baina ba al da inon fundamentuzko elkarrizketarik, joan-etorriko emaririk? Bada abarrotsa bazterretan, sarean batik bat, baina bestearekiko interes eta entzumen gaitasunik gabe, alferrik.
Arrakasta deitzen diogu urrutira iristeari. Eta nago gertura iristen ez dakigula, ondokoarengana, auzokoarengana, bizilagunarengana. Makro-estrategietatik baino gehiago entzutetik etorriko da iraultza, igogailuko konbertsazio formal horiei buelta ematetik. Bestea entzuteko jarreratik, eta nork bere posizioak etengabe kuestionatzetik. Entzutetik entzutera sor liteke domino efekturik, ez? Niño de Elche entzutea merezi du, Josu, baina baita zeu entzutea ere.