Ordiziako erraldoia, Legazpiko Lintx eta katamaloak, eta Segurako Hartza: Goierriko inauterien ikurrak.
Goierriko inauteriak ez dio inbidiarik beste inongo inauteriari. Ia herriz herri zabalduko diren mozorro, dantza, musika eta jai giroaz gain, kaleratuko dira ingurune hau berezi egiten duten beste elementu, pertsonaia eta pasarte batzuk, euskal folklorea eta antzinako ohiturak oinarri dituztenak. Ordiziako Zozomikote, Legazpiko Lintx eta katamaloak, eta Segurako Hartzaren esnaera dira Goierriko inauterietako ikurrak.
Ordizian, Zozomikote
Bihar iritsiko da Zozomikote Ordiziara, kaldereroen konpartsak babestuta, ohiko barrabaskeriak egitera. Datorren astean, ostegunarekin hasiko diren inauteriak iragartzera etorriko da. Barrena jauregiko plazan, 18:30ean da hitzordua . Urrup antzerki taldeko kideak aurkeztuko dute herritarren aurrean. Ondoren, erdigunean kalejira egingo du kaldereroekin, Oroith eta Oroith-txiki abesbatzekin, Urdanetako Ahotsak taldearekin eta Ritmo de Luna dantza eskolako ikasleekin. Kalejira Plaza Nagusian amaituko da eta han, Urrupekoak gidari direla, bere inguruan sortutako kontakizuna antzeztuko dute, eta sutan erreko dute.
Aurten harrera berezia izango du Zozomikotek, herriko haur guztiek haren berri izan dutelako aurretik. Izan ere, azken egunetan, Zozomikote protagonista duten liburu eta material didaktikoa landu dituzte ikasgeletan. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak idatzi du ipuina eta Jokin Mitxelenak ilustratu. Soinean daramatzan hartzaren buztan, lamiaren orrazi eta denboraren orratzaren nondik norakoak azaltzen dituzte hitzez eta irudiz liburuan.
Zozomikote kaldereroen konpartsa indartzeko sortu zen pertsonaia da. Zubizarretak asmatu zuen, eta Xabier Arañak jarri zion aurpegia eta gorputza: «Pertsona dibertigarri, alproja, pikaroa, eskuluzea, lapurra, parranderoa, bizizalea» da, Zubizarretaren esnaetan. 2014an aurkeztu zuten, eta harrez gero erraldoi bat ere egin dute.
Lintx eta katamaloak
Inauterietako ostiral arratsaldean iritsiko dira Lintx eta katamaloak Legazpira, herriko ikastetxeetako haurrek egindako desfilea amaitu eta gero, udaletxeko plazara. Han bidlutakoek buila eta txistuekin hartuko dituzte pertsonaia horiek, uxatzeko asmoz. Plazatik alde egiten dutenean, etxafleroa bota eta hasiera ofiziala emango zaie inauteriei. Igandean itzuliko dira, eta plazan erreko den panpina basora bidaliko ditu berriz ere.
Duela bost urtera arte, Lintx Legazpiko inauteriak ixteko erretzen zen pertsonaia zen. Sustraiak dantza taldeak bere konpartsarekin egun osoan kalez kale eramaten zuen, eta iluntzean, kalejira amaieran erre egiten zuen plazan.
Lintx izenak katamotz esan nahi du. Aurreko mendeetan, abere horrek sarraskiak eragiten zituen Legazpin eta Goierrin, eta uxaldiak edo batidak antolatzen ziren harrapatzeko. Bere izena inauteri konpartsaren amaieran erretzen den monigoteari jarrita, urteko gauza edota gertaera txarrak erre eta desagertarazten zirela irudikatu nahi zuten Sustraiak taldekoek.
Gaur, berriz, Lintx menditik datorren figura bat da, hezur haragizkoa. Gainera, Euskal Herriko inauterietan ohikoak diren katamaloek laguntzen diote. Ataun inguruan animalien batidekin edo otsabilkoarekin lotutako doinuak eta Asier Iriondoren bertsoak erantsi, eta ostiralean inauteriei hasiera eta igandean amaiera ematen diete. Jaien azken egunean erretzen den pertsonaia, berriz, Lintx eta katamaloak izutu eta mendira bidaltzeko erabiltzen den erraldoia da orain, lastoz betetakoa.
Hartzaren esnaera
Legazpin Lintx eta katamaloen agerraldiarekin bezala, Seguran Hartzaren esnaerarekin ematen zaie hasiera inauteriei, garai bateko festak, gerra aurrekoak, gogoratuz. Herriko edadetuenei galdetuta, Elorri kultur elkarteak ekarri zuen berriz ere figura hori Segurako inauterietara duela 15 bat urte.
Hartza omen zen karnabaletako protagonista Seguran. Herritar bat, ardilarrua gainetik jantzi eta hartzaz mozorrotzen zen, gerrian katea zuela eta katearen beste puntan, hartzazaina. Kalez kale ibiltzen zen hartza, jendea zirikatuz, inguruan bost uxatzaile zituela. Komitiba lagunduz, jorrai dantzariak, txistulariak, musikariak eta kantariak izaten ziren.
Gaur egun egiten den festak ere antzeko egitura du. Lehen inauterietako asteartean egiten bazen ere, orain ostiralean ospatzen da. Arratsaldeko 18:30ean izaten da hitzordua, Errementariko perratokian. Hartza –ardi larruak mozorro formalari egin dio lekua– plazarantz abiatzen da, bidean aurkitzen dituen guztiak zirikatuz, haurrak bereziki, hartzazaina eta uxatzaileak lagun dituela. Txistulariak, trikitilariak, dantzariak eta herritarrak izaten ditu bidelagun.
Inauteri festak iluntzean eta gauean izaten du jarraipena Seguran. Legazpin asteburu osoan ospatzen dira, eta Ordizian, Kaldereroena egun osora zabaldutako jaia da.
Musikak eta dantzak emango du euskal inauteriaren lekukotasuna
Lizartzakoa, Luzaidekoa, Abaltzisketakoa, Aranokoa eta Euskal Herriko beste txoko batzuetakoak. Musikak eta dantzak lagunduta, eta Sustraiak, Lurra eta Ostadar dantza taldeei esker, Euskal Inauteri tradizionalek izango dute beren oihartzuna Goierrin aurten ere.
Urretxuko Lurrarekin izango da lehen zita, larunbatean, otsailaren 6an, 09:00etan. Ordu horretan elkartuko dira urretxuarrak udaletxean, azken urteotako ohiko erronda egiteko. Lizartzako inauteriaren doinuak eta dantzak eramango dituzte baserriz baserri, trukean txorizoa, arrautzak, intxaurrak eta bestelakoak jasoz. Bazkariarekin amaituko dute erronda. Aurtengoa 26.a izango da.
Ostadarrek jarriko du hurrengo hitzordua, larunbatean hau ere, 10:30ean, Beasaingo Oriamendi kalean. Azken urteetako ohiturari jarraituz, 50 bat lagun kalez kale ibiliko dira eguerdira bitartean Euskal Herriko hainbat herritako inauteri dantzak erakutsiz.
Legazpin Luzaideko inauteria antzeztuko du Sustraiak dantza taldekoek eta herritarrek osatutako konpartsak igandean. Herrigunean egingo dute kalejira, goizean 11:00etan hasita eta arratsaldean, 19:00etan plazan amaitzeko, Lintx pertsonaiari su emanez. Ehundik gora lagunek hartuko dute parte 26. edizio honetan.