Jose Luis Elexpek eta Sofia Arostegik Verdini dantza taldeari buruzko erakusketa ireki dute Ordizian.
Duela oso gutxi arte, Down sindromea dutenak oso baztertuta bizi izan dira. Zorionez, azken hamarkadetan beraien gaitasuna erakusteko aukera eman zaie eta gainontzekoak bezalakoak direla erakutsi dute: gauza batzuk ondo egiten dituztela eta beste batzuk okerrago, alegia. Dena den, beraien erabateko integrazioa lortzeko lan handia dago egiteko oraindik. Jose Luis Elexpe Pelex eskultoreak eta Sofia Arostegi margolariak Verdini dantza taldeari buruzko erakusketa ireki dute Ordizian. Talde hau Down sindromea duten gazteek osatzen dute.
Elexpe Usurbilgoa da (egun Legution bizi da) eta Arostegi Hernanikoa. Ikastaro batean ezagutu zuten elkar eta hainbat gauza komunean zituztela konturatu ziren.
Biak artistak dira eta, gainera, gutxitu psikikoekiko sentsibilitate berezia dute: Elexpe irakaslea da eta beraiekin lan egiten du, eta Arostegik Down sindromea duen ahizpa bat du.
Elexpek Verdini dantza taldearen emanaldi bat ikusi zuen eta gazte horiei buruzko zer edo zer egitea erabaki zuen. Arostegirekin harremanetan jarri zen eta batak dantzariei buruzko eskulturak egin ditu eta besteak margolanak. Arostegik pintura figuratiboa egiten du eta Elexpek eskultura abstraktua. Azken honen esanetan, nahasketa horren ondorioa «erakusketa polit bat da».
Erakusketa hori Hernanin eta Usurbilen egon da, Ordiziara heldu aurretik. Eskulturak eta margolanak otsailaren 5a arte egongo dira Ordizian. Barrena kultur etxeko erakusketa aretoa astelehenetik larunbatera irekitzen dute, 18:00etatik 20:00etara.
Elexpek lanen ardatza Verdini taldeko gazteen dantza dela esan du. «Sekulako indarra transmititzen dute. Beraien sentimendu guztiak azalarazten dituzte».
Arostegi eta Elexperen helburua jendeak Down sindromea dutenak pertsona arrunt bezala ikustea da. «Ez dira gabezia bakarrik. Jendea horretaz kontzientziatu nahi dugu. Beraien gabeziak ikusten dituzte, baina ez beste aldea. Guk ere gauza onak eta txarrak ditugu. Guk ere gabeziak ditugu. Denok ditugu gabeziak», azaldu du eskultoreak.
Ordizian, gustura
Oso gustura daude erakusketak jaso duen erantzunarekin. «Inaugurazio ekitaldira 100 lagun inguru azaldu ziren eta Verdini dantza taldekoen emanaldiarekin hunkitu egin ziren. Bihotza izoztuta eduki behar da gazte hauekin ez hunkitzeko», dio Elexpek.
Verdini dantza taldekoak ere oso gustura daudela esan du. «Pozik hartu dute gure proposamena. Oso dantza talde ona da. 20 urte baino gehiago daramatzate dantza munduan eta Tabakalera eraikinaren inaugurazioan parte hartu zuten», amaitu du.