Ion Muñoa
Irudipena dut, gure artean, ukiezina dena ikusezin ere bihurtzen dugula sarriegi. (Halako esaldi sasi-filosofikoekin zertara natorren galdetuko duzu; eta ez da gutxiagorako! Baina ezin azken aldian buruan darabilkidan kezka hau idatziz jarri gabe lasai geratu!). Baieztapen hau arrazoitzeko duela gutxi inauguratu duten Donostia 2016ren kasua aipatuko dut. Zeresan franko eman du azken urte eta hilabeteetan, eta jarritako data iritsi da eta are zeresan eta polemika handiagoa sortu da. Inaugurazio ekitaldi nagusiak jaso ditu kritika handienak. Ez dakit mereziak edo merezi gabeak diren (aitortu behar dut ni ekitaldian izan nintzela eta akats potolo batzuk egon zirela uste badut ere, oro har gustatu zitzaidala –oso arraroa behar dut izan, nonbait!–), baina uste dut diruaren gaia gehiegi egurtu zela.
Edozein errepide bazterretako harri-lubeta bat egiten, eraikin zahar bat birgaitzen, parke bat egiten eta abarretan 640.000 euro erraz eta askotan joaten dira. Baina hain barneratuta dugunez ikusten den gauza materialeko gastua ikusten ez denekoa baino naturalagoa dela, kritika egiten dugu beharrezkoa den edo ez, baina ez gastuari berari buruz. Aldiz, kultura arloan denean, eta ezer materialik geratzen ez denean inbertsioaren ondoren, goitik behera egurtzen dugu gure gustukoa ez bada. Kultura arloan oso nabarmena da hau; baina berdina esan genezake berrikuntzako arlo gehienetan. Enpresa batek eraikin berri bat egiten 5 milioi euro gastatzen baditu, enpresa ondo doan zentzua eta berritzen ari den itxura hartzen diogu denok eta oro har, positiboki baloratu. Aldiz kopuru berbera enpresaren barne antolakuntza hobetzen edo langileen parte hartzea bultzatzen inbertitzen bada, enpresa horrek «txorradetan» dirua xahutzen duela askotan entzuten dugu.
Izan ere, intangibleetan inbertitzen dena ikusteko zailagoa denez, ikusezin bihurtzen dugu, eta ondorioz balioa kendu. Eta ez dakit ados zauden, Eneritz, baina ez ote dituzte bizi honetan ukiezin diren gauzek sortzen gizakiongan poz eta sentimendu ikusgarrienak?
Eneritz Gorrotxategi
Niretzako maitasunez eta asmo onenez egindako keinu eta detaile txikienek dute baliorik handiena. Baina, esango nuke, ukiezinak edo ikusgarriak izan, norberak duela gauzei balioa jartzeko neurgailua, eta norberaren ikusmoldearen arabera jartzen zaiola muga alde batera edo bestera.
Donostiako inaugurazio ekitaldiari erreparatuz, zuk esan bezala zeresan asko eragin du aurretik ere, baina, espektatiba edo itxaropen gehiegi sortu delakoan nago eta horrelakoetan, langa oso goian jartzeak duen arriskua horixe izaten da, gutxitxo iruditzea. Urtea hasi besterik ez da egin eta lehenengo ekitaldi horrek batzuen nahia asebete ez bazuen ere, ikusi egin beharko da aurrera begira zer dakarren.
Zuk diozun eran, bidezkoa izan liteke gastuari erreparatzea eta alde bateko edo besteko kritika egitea. Baina ez nuke nahi ahaztu, honen guztiaren atzean egon beharko lukeen gogoeta: agintarien esku izaten da dirua zertan inbertitu nahi den zehaztea eta hor ikusten da balioa zeri ematen zaion. Sarri, inbertsioen zerrendan azken postuan izaten da kultura eta aisialdiaren atala, eta murrizketen zerrendan berriz aurrena, hezkuntza eta osasunarekin batera. Bakoitzak eman diezaiola balioa balantza horri.