Joxepa Madariaga
Aupa, hi!; tulun-tulun!, tzun Joxepa Madariaga Aupa, hi!; tulun-tulun!, tzunpa-tzunpa!; joareak, dunbak, zintzarriak, suziriak, txarangak, ardi larruak, zaldiaren buztaneko ilez egindako isipuak, maskarak, orgak …; Zubieta, Ituren, Tolosa … Han eta hemen, inauteri giroan gaudek! Denak dituk inauteri, baina bakoitza ama batena, oso desberdinak Nafarroakoak eta Gipuzkoakoak, zerikusirik ez dutenak herri txikietakoak eta handietakoak.
Denetan hotsa, zarata, soinua, musika ozen, oso ozen; zertarako? Natura lozorrotik esnatzeko; eta gaitzak uxatzeko; eta errealitatea ezkutatzeko; eta gure barruko nia ateratzeko; eta baita, ustez disimuluan, kalte egiteko ere … Nagok, zarataren abaroan, hotsaren babesean, harrabotsaren anparoan, gaitzek, kalteek eta minek indarra hartzen dutela, askotan. Ez al dituk mozorrotuta, indarra hartuta lasai demonio!, zapaltzaileak, bortxatzaileak, festara irteten? Eta ez al ditiztek barrabaskeria handiak eta ugari, orduantxe egiten? Bortxatzaileei inauterietan mozorroa kentzeko abildadea izango bagenu, naturarekin batera guk geuk ere, geure burua eta kontzientzia esnatuko bagenitu, beste kontu bat izango lituzkek festa hauek.
Egun batzuetan xelebre jantzi, ohikoak ez ditugunak egin, libre jardun, ondo pasatu eta, geu izateari erabat utzi gabe, beste norbait bihurtu. Horiek guztiak zilegi dizkiagu inauterietan, baina, baina, baina …, errespetuan, beti ere; sano eta jator.
Inazio Usarralde
Inauteri giro bete-betekoa zebilen, bai, Joxepa! Beste lekuetakoei ezer kendu gabe, nire kuttunak Tolosakoak ditun, zer nahi dun esatea? Beti deigarri egin zaidan tolosarrek festa hauetan jartzen duten kemena. Aurtengoak, halere, nola joan diren ezin esan hau idazten ari garen unean, baina, itxura ona zeukan. Bikaina!
Hots eta harrabots, tonto-tonto gai sakona ipini dun mahai gainean orain ere disimulu ederrean, artista horrek! Aztertzekoa dun mozorroak pertsonoi, Interneten anonimotasunak bezala, zer eragiten digun… sarri geure burua galtzeraino! Gehiegitan gizonok gaitun, gainera, mozorropean alderik ankerrenak ateratzeko gauza garenak. Noiz?, eta jende guztia dantza, salto eta brinko dabilenean. Elkarrekin, parez pare, errespetuan, festa giroan ibili beharrean, horrelakoetarako baliatzen ditizten malapartatu batzuek.
Hari honek eraman izan nain sarri entzuten den anonimotasunak, sare sozialetan, behar direnak eta ez direnak esateko ematen duen aukeraz gogoeta egitera. Hainbat foro eta eztabaida-guneetako hizketarako tonua ikusi besterik ez zegon, beti izengoitiaren azpian babestuta. Eta kasu, gaitz erdi esate hutsean geratzen bada eta egitera iristen ez bada!
Gure sendagairik onenak ama naturak eta bertsoek ematen dizkigutenez, Maialen Lujanbiok, Santa Ageda bezperarako prestatu zituen Beti-bezperako koplak aholkatzen dizkinat. Horra lehenak zer dioen: «Santa Ageda eguna / beti bezpera duguna / Ohitura batzuei ez zaie inoiz / iristen biharamuna». Buruz ikastekoak eta zabaltzekoak, dudarik gabe.