Urtarrilean hasi eta martxora bitartean luzatzen da zuhaitzak aldatzeko garaia. Data horri lotuta, orain 13 urte Zumarragako udaletxean baserritarren artean zuhaitz landareak banatzeko ekimena jarri zen martxan, Patxi Plazaola baserritarraren bultzadaz. Zinegotzi zen garai hartan zumarragarra eta ordutik ez du etenik izan banaketak. Gaur egingo dute 2016. urteari dagokiona. 15 baserritarren artean 413 zuhaitz landare banatuko dituzte Ipintzan.
Plazaolak berak esan duenez, «neguko izotz garaia amaituta landatzen hastea da onena, bestela lurrak ez die zuhaitzaren erroei eusten». Eguraldia ero xamar dabil aurtengo neguan, eta ez dago jakiterik hemendik aurrera zer egingo duen, baina berez, izotz hilabeteak «azaroa eta abendua» izan ohi dira. Garai honetan, gainera, zuhaitz landareak «hilik egoten dira, ez dute izerdirik botatzen. Martxoaren amaiera aldera hasten dira loratzen». Eta horregatik ere aparteko sasoia da landaketarako.
Bertakoak zaintzea
Bertako espezieak dira Zumarragako Udalak baserritarren artean banatzen dituenak, «haritz amerikarra, pagoa eta intxaurrondoa» batez ere. Plazaolak garrantzia handia ematen dio bertako espezieak mantendu eta berreskuratzeari. Izan ere, orain 40 bat urte pinu asko sartu zen inguruko landa eremuan, eta «paisaia itsusitzeaz gainera, pinuak kalte asko» eragiten dituela zehaztu du, bertako zuhaitzei lekua kentzeaz batera.
Pinu asko dagoen inguruetan bizitzea «ezinezkoa» dela aitortu du Plazaolak. «Udaberrian polen asko sortzen dute eta ezin dira etxeko leihoak ireki ere egin». Orain dela 10 bat urtetik hona, etxe inguruko pinuak kendu eta pagoa eta haritza sartzeko lanean dabil zumarragarra. Lan asko ematen duela dio. «Basahuntzek sarri buruarekin zuhaitzen azala kentzeko joera dute. Zuhaitz landatu berriak lehortu egiten dira eta hurrengo urtean berriak landatu beharra daude».
Jarraipena urtean zehar
Bertako espezieak mantentzeko baserritarrek lan asko egin behar izaten dute. Landatzeaz gainera, «gero urte guztian zehar jarraipena egin behar zaie, ingurunea garbitu, adibidez, ondo haz daitezen». Espezie hauekin baserritarrak ez duela ezer irabazten ere gaineratu du, «espezie hauek ondo hazteko 100 edo 200 urte behar dituzte», amaitu du.