Tolosan jaioa da Yolanda Goena (1969), baina Ordizian hazia. Azken hamasei urteetan, berriz, Urretxun bizi da. Ezaguna da herrian, Zumarragako elektrogailu denda batean lan egiten baitu. Ez da bere jarduera bakarra, ordea: 2011z geroztik, Stop Accidentes elkarteko Gipuzkoako ordezkaria da. Aita auto batek harrapatuta hil zitzaionetik, beste txip batekin gidatzen du Goenak, eta txip hori bera transmititu nahi dio gizarteari, halako kasuak gerta ez daitezen. Oinezko, zure bizitza ez zeharkatu argazki erakusketa jarria du elkarteak Ordiziako Barrena kultur etxean hilaren 26a arte. Errepidean egiten diren arduragabekeriak bistaratzea da helburua.
Zer da Stop Accidentes?
Trafiko istripuetako biktimek eta biktimen senitartekoek osatutako elkartea da. Gure lana hiru zatitan banatzen da: hezkuntza, informazioa ematea eta aldarrikapena. Gure helburua jendea kontzientziatzea da.
Zer aldarrikatzen duzue?
Besteak beste, legea aldatu behar dela. Pertsona bat hiltzea ezin da doakoa izan. Istripu bat edozeinek izan dezake momentu jakin batean, hori ulergarria da. Ezin dena onartu da gehiegizko abiaduran joatea, edo mozkortuta, edo drogatuta… eta istripu bat eragitea. Arduragabe jokatzen duenak ordaindu beharra dauka. Eta modu horretan gainerakoek ere ikusiko dute, beharbada, ezin dela ardura gabe jokatu.
Gaur egungo zigorrak ez dira nahikoa?
Ez, zigorrak hutsalak dira. Eta, legeari dagokionean, badago beste gauza bat oso gaizki iruditzen zaidana: epaiketetan, azken hitza akusatuak izaten du. Azken hitza biktimak izan beharko luke. Akusatuak nahi duena esan dezake, eta biktimak ez du erantzuteko aukerarik. Hori ez da justua. Gauza horien ondorioz, biktimak eta biktimen senitartekoak babesgabe sentitzen dira.
Herri barruko abiadura mugarekin ere ez zaudete ados.
Uste dugu herri barruko abiadura muga orduko 30 kilometrokoa izan beharko litzatekela. Herri gehienetan 40koa da muga. 40ko abiaduran, ezustekoren baten aurrean, ez du erreakzionatzeko astirik ematen.
Aldarrikapen horiek nora bideratzen dituzue? Baduzue harremanik erakundeekin?
Bai, noski. Euskadiko delegazioko ordezkaria biltzen da aldundietako ordezkariekin, estatuko justizia departamentuarekin… Kongresura ere joaten dira Stop Accidentes elkarteko kideak, Espainia mailako elkartea baita. Baina gure lanak epe luzera ematen ditu fruituak, prozesua oso geldoa da. Hala ere, gutxika ari gara gure aldarrikapenak aurrera ateratzen, eta gauza batzuk hobetu dira. Esaterako, lehen auto istripuak faltak kontsideratzen ziren, eta orain bide penaletik epaitzen dira.
Beharrezkoa ikusten duzue kontzientziazioa lantzea.
Istripu bat gertatu arte, jendeari iruditzen zaio ez zaiola ezer pasako. Noski, inor ez doa errepidean istripu baten bila, edo norbait harrapatzeko intentzioarekin. Baina, ezarritako abiadura baino gehiagoan bazoaz, aukera gehiago izango dituzu norbait harrapatzeko edo istripu bat izateko, eta jendea horretaz konturatzea nahi dugu. Behin istripu bat izaten duzunean, edo gertuko norbait istripu batean galtzen duzuenean, nik aita galdu nuen bezala, gauzak ikusteko modua erabat aldatzen da. Beste txip batekin gidatzen duzu.
Garrantzitsua da kontzientziazioa haurtzarotik lantzea?
Uste dut eskola guztietan irakatsi beharko luketela errepideko hezkuntza. Beharrezkoa da errepidean nola jokatu behar dugun ikastea, txikitatik. Azken finean, bizi osoan behar dugun zerbait da. Eskoletan hainbat proiektu ditugu martxan. Esaterako, Bizi bizikletarekin, txirrinduan seguru nola ibili erakusteko.
Eta gazteekin nola lantzen duzue gaia?
Batxilergoko ikasleekin gaia lantzeko Road Show-ak egiten ditugu institutuetan. Istripu baten antzezpena da. Bideo batean gazte batzuk ageri dira, parrandan, alkohola edaten eta ongi pasatzen. Bideo hori bat- batean mozten da, eta, esaterako, mediku bat ateratzen da, berak lanean bizitako esperientzia bat kontatzen. Gero suhiltzaile bat, istripu batean norbait galdu zuen senitarteko bat… Eta azkenik istripu batean elbarri geratu den norbait ateratzen da. Kontakizun horiek parrandaren bideoarekin tartekatzen dira, gazteek ikus dezaten momentu batean parrandan egon zaitezkeela ongi pasatzen, eta handik hamar minutura zure bizitza hankaz gora jar daitekeela istripu bat dela eta. Oso hunkigarria izaten da, eta zer pentsatua ematen du. Gazteei izugarrizko inpresioa eragiten die Road Show-ak, isil-isilik geratzen dira.
Gidariek soilik ez, oinezkoek ere arduratsu jokatu behar dute, ezta?
Noski, eta horregatik garrantzitsua da adinekoekin ere gaia lantzea. Kontuan izan behar da autoek harrapatutako jende gehiena edadetua dela. Adinekoak askotan ez dira kontzientziatuta egoten: edozein lekutatik pasatzen dute errepidea, eta ez dute gazte batek duen mugikortasuna.
Argazki lehiaketa ere antolatzen duzue.
Irailetik abendura bitartean antolatzen dugu. Helburua izaten da argazkiak ateratzen dituen jendea ohartzea nolako arduragabekeriak egiten diren, bai gidarien aldetik, baita oinezkoen aldetik ere.
Ordizian ikusgai jarri dituzue lehiaketako argazkiak.
Erakusketa herriz herri eramaten dugu. Helburua berdina da, argazkiak ikusten dituen jendeak esatea: ‘Hara, arduragabekeria hori nik ere egiten dut’. Askotan konturatu gabe egiten diren gauzak dira: mugikorrez hitz egiten den bitartean errepidea gurutzatzea, haurrak baloiaren atzetik errepidera ateratzea… Gauza horiek zein arriskutsuak izan daitezkeen konturatzea nahi dugu.
Gidarien kasuan, zein arduragabekeriak eragiten dituzte istripu gehien?
Datu zehatzik ez dut, baina gehienetan gehiegizko abiadura izaten da kausa.
Jendea ari da gutxika kontzientzia hartzen?
Uste dut jendeak, orokorrean, gero eta kontu gehiagorekin gidatzen duela. Ez dakit puntuengatik izango den… Adibidez, gazteen artean, konturatzen naiz parrandara kanpora joan behar badira taxia hartzen dutela edo norbaitek ez duela edaten, gero gidatzeko. Lehen hori ez zen ohikoa. Abiadura ere, uste dut, lehen baino gehiago errespetatzen dela.
Familiari nola eragiten dio horrelako istripu batek?
Istripu batean norbait hiltzen denean, familia suntsituta geratzen da.Asko ez dira berriro gidatzera ausartzen, esaterako. Laguntza psikologikoa beharrezkoa izaten da.