Txikia zenetik sentitu du gertu itsasoa Uxune Urkiak (Idiazabal, 1997). Haurra zenean traineruak itsasoan ikusten zituen, eta orain, arraunean ibiltzen da Hernaniko taldean.
Nolatan hasi zinen arraunean?
Nire ama Pasaiakoa da, eta txikitatik joan izan gara hara. Beti izan dugu estropadak ikusteko ohitura. Idiazabalen bizi naizenez, zaila ikusten nuen arraunean aritzea, baina Tolosan talde bat zegoela jakin genuen, eta han eman nuen izena.
Aurtengoa arraunean nabilen bosgarren urtea da. Tolosan ibili izan naiz hasieratik, eta hala jarraitzen dut. Gauza da Tolosako eta Hernaniko taldeak bat egin dutela Hernani izenpean.
Kirol gogorra dela dirudi kanpotik. Traineru barruan ere hala al da?
Bai, kirol gogorra da. Gorputzak asko sufritzen du, bai besoek, bizkarrak, gerrialdeak… baina azkenean gustukoa egiten dut, eta horrek asebete egiten du, konpentsatu. Iaz duda-mudan ibili nintzen, uztekotan. Unibertsitateko karrera ikasten hasi nintzen, eta ez nuen denbora askorik entrenatzeko… Baina jarraitzea erabaki nuen.
Duela gutxi Zumaiako arrauneko nesken taldeak ez zuela jarraituko jakin genuen. Geroz eta emakume gutxiago zarete?
Ez, ez nuke hala esango. Nik uste adin kontua dela. Orain geroz eta gazte gehiago dabil arraunean, zenbait lekutan neskak mutilak baino gehiago. Hala ere, traineruan ibiltzeko gutxieneko adin bat izan behar da, eta nik uste hori dela gertatu dena. Jendea badago, baina Jubenila izan behar duzu. Gazteagoek traineruetan entrenatu dezakete, baina ezin dute txapelketan parte hartu.
Zer moduzko taldea duzue?
Oraindik ere talde gaztea gara, baina dugun adinerako uste dut nahiko maila ona dugula. Hobetzen ari gara, eta hori nabaritzen dugu. Aurtengo helburua Getariako taldea harrapatzea da, ez da lan erraza izango, baina saiatuko gara. Helburu hori jarri diogu gure buruari, ea lortzen dugun aurten.
Ikaslea zara. Izaten duzu nahikoa denbora entrenatzeko?
Fisioterapia ikasten ari naiz Tuteran (Nafarroa), eta normalean asteburuan bueltatzen naiz herrira. Denboraldia udan hasten dugu, eta orain asteburuan entrenatzen dugu. Nire kabuz joaten naiz gimnasiora entrenatzera.
Idiazabaldar bat itsaso kirolean. Nor edo nor harrituko zen, ezta?
Kirola egiten duzula esandakoan beti pentsatzen da futbola praktikatzen duzula. Ni aritu nintzen futbolean, baina nahiago dut arrauna. Harritu bai, askotan jendeari esan izan diodanean arraunlaria naizela harrituta begiratzen didate, baina beti begi onez.