1926ko otsailaren 2a, Kandelaria eguna, asteartea, egun handia eta historikoa izan zen Beasainen: asteko azoka ofizializatu zen eguna izan baitzen. Jose Guridi zen garai hartan herriko alkatea. Aurretik ere, herriko eta inguruko baserritarrek beraien produktuak saltzen zituzten arren, azokaren eremua finkatu egin zuen Guridik. Handik aurrera, Loinazko San Martin plaza izango zen azokaren kokaleku nagusia, bai goia eta bai behea. Dena den, barazkiez eta fruituez gain, ganaduak ere lekua zuen garai hartan Beasaingo azokan. Bideluze plazan, esate baterako, pilotalekuan, ganadu peria ere egiten zuten. Kokalekuaz gain, azokaren eguna ere finkatu zuten: astearteetan egitea erabaki zuten.