Mende erdiko bizitzaren talaiatik, maitasuna aldarrikatzen du Karlos Gimenez piano jotzaileak (Rosario, Argentina, 1956) musikaren bidez. Inoiz baino gehiago. Urte askoan elkarrekin lan asko —eta handiak— egindako bi lagun omenduko ditu igandean, Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan: Imanol Lartzabal eta Xabier Lete. Gaua kontzertuan, argia piztuko du.
Argentinan jaiotako valentziar odoleko goierritarra zara. Hiru osagairen nahasketa.
Bai. Argentinatik oroitzapenen bat bakarrik ekarri nuen. Sei urterekin etorri nintzen. Adibidez, gogoratzen dut Parana ibaia, Rosariotik pasatzen da. Askotan joaten ginen, gertu bizi ginelako. Hori, eta eskola izango dira hango erreferentziak.
Gurasoak valentziarrak izanda, lotura baduzu harekin?
Bai, Valentziarekin bai. Familia guztia hangoa da: gurasoak, aitona-amonak…
Nolaz iritsi zineten Goierrira?
Aitak CAFen lortu zuen lana. Kimikaria zen. Senperera (Lazkao) joan ginen, eta han bizi izan ginen 15 urte arte. Ezkondu eta gero Beasainen eta Ordizian bizi izan naiz. Orain, Salbatoren. Beti Goierrin. Ni goierritar sentitzen naiz, berdin zait Beasain edo Ordizia.
Sustraiek zertan edo zenbateraino eragin dute zure nortasun musikalean?
Argentinatik musika eta abesti asko ekarri nituen, zeren hango kantari batek, Eduardo Zaluk, asko egin zuen nire formakuntzan. Kantatu eta gitarra jotzen zuen, primeran. Orain dela bi urte hil zen. Ahotsa oso-oso berezia zuen, niretzat oso-oso ederra. Erreferentzia hori oso garrantzitsua izan da niretzat.
Nire amarengandik ere jaso dut. Beti kantatzen aritzen zen, gaztetan irratian entzundako abestiak: koplak, tangoak, boleroak… Pianoa ere zerbait jotzen zuen. Amonak oso ondo jotzen zuen, eta hil zenean etxera ailegatu zen haren pianoa. Ia solfeorik jakin gabe, eskua sartzen hasi nintzen pianoan, eta harrapatu egin ninduen.
Musika sehaskatik edan duzu, beraz. Jaiotzetikoa, ia?
Etxean ikasi nuen. Anaiak hasi ziren gitarrarekin, eta Los Ches taldea sortu zuten, Valentzia eta Argentina lotuz [che izenagatik]. Nik, inbidiarekin, zer edo zer egin nahi nuen taldean. Bateria ikasi nuen, eta leku bat egin zidaten. Lau anaiok ibili ginen, horrela. Bederatzi urterekin hasi nintzen, eta 15-16 arte.
Zer motatako taldea zen?
Berbenetan, dantzaldietan jotzen genuen. Askotan joan ginen Zumarragako Sol y Luna diskotekara. Hilean behin egoten ginen han, askotan.
Beste ikasketarik egin zenuen?
Magisteritza hasi nuen, baina ezin izan nuen bukatu, eta utzi egin nuen. Etxean saiatu nintzen esplikatzen musika behar nuela. Azkenean baietz esan zidaten, eta Valentziako Kontserbatorioan hasi nituen ikasketak, izeba batekin biziz. Han musikari asko zegoen, eta herri denetan banda tradizio handia. Giro hori ekarri nuen.
Irakasleak ere oso harreman ona zuen, eta asko lagundu zidan. Ikasten ikasi nuen: nola landu behar den pieza bat, gero jo ahal izateko. Handik Bartzelonara joan nintzen, eta giroa oso ona zen han ere. Harmoniako irakaslea oso ona nuen.
Geroztik musika izan duzu eguneroko ogia, ezta?
Anaiekin bateriarekin hasi, eta gero gitarra ikasi nuen. Lagunekin Gara taldea osatu nuen, baina berbena gutxi egin genituen. Beasaingo bandako zuzendari Isidro Alonsok ere asko lagundu zidan. Bihotz oneko pertsona zen.
«Ia solfeorik jakin gabe, pianoan eskua sartzen hasi, eta harrapatu egin ninduen»
«Ni goierritar sentitzen naiz. Beasain ala Ordizia berdin dit»
«Batzuetan sentitu naiz ilunpean; baina lan horrekin abesti asko edertzea lortu dut»
Karlos Gimenez musikari famatua bada, baina ia beti bigarren lerroan egon izan zara, musikari ospetsuagoen itzalean bezala. Hori ondo eraman duzu?
Bai, azkenean bai. Agian, denboraldi batzuetan sentitu nintzen ilunpean. Baina, tira, printzipalena da nik lan horrekin lortu dudala abesti asko edertzea, eta horrekin konformatu naiz. Saiatu naiz nire izenean ere diskoak egiten; Imanolekin bi egin nituen, eta piano bakarlari modura 12 geltoki. Baina zaila da. Kontaktu asko behar dira, beti lata eman behar diozu irratiko kazetariren bati… Eta nik horretarako ez dut balio. Pereza eman dit bide horretan ibiltzeak. Nahiago izan dut gustura lan egitea, eta halako negoziaketak albora uztea. Protagonista ez, baina gustura bai.
Askatasuna izan duzu lana nahi bezala egiteko?
Bai, gehienetan bai. Enkargu aspergarri batzuk ere egin ditut, baina gehienak gustuko lanak izan dira. Eta askatasunarekin. Musikari asko aurkitu ditut bidean, eta gehienekin oso harreman ona izan dut. Taldeetan, giro oso musikala izateaz gain, laguntasuna ere aurkitu dut. Hori kontzertuetan nabari da.
Zertan sumatzen da?
Taldekoen harremana ona baldin bada, publikoak ere uste dut sentitzen duela hori. Niretzat printzipalena da agertoki batean pianoa joz publikoarekin konektatzea. Izugarria da hori. Sexua bezalakoa da. Ezin da deskribatu, sentitu egin behar da. Vibrata bat da, airean; elkarrizketa berezia. Horrek kristoren indarra eman dit, eta bizitza guztian jarrai dezakezu.
Imanol Lartzabalekin urte asko igaro zenituen.
Bai. Beti buruan zeukan zerbait modernoa egitea. Musika asko entzuten zuen, eta ideia asko ematen zituen. Musika jotzen zekiena gitarrarekin akorde batzuk egitea zen soilik. Baina buruan zeukan abesti batekin zer lortu nahi zuen. Gauza asko proposatzen zituen, ideiak bota, beti zer edo zer berria egiteko gogoarekin. Imanolekin gauza asko lortu nituen.
Xabier Lete da zure ibilbidean beste musikari handi bat.
Bai. Harekin ere harremana oso ona izan zen. Askatasun osoa eman zidan, eta oso ondo ulertzen genuen elkar. Segituan nekien zer nahi zuen, eta hark konfiantza handia zeukan nigan. Orduan, erraza izan zen lan egitea. Elkarrizketa asko izan genituen bizitzaz, amodioaz, justiziaz, askatasunaz, aberriaz…
Bi figura horiek dira zure bizitza musikalean ardatzak?
Ibili naizen munduan, bai. Baina ezin dira kendu munduko ereduak: Miles Davis, Debussy, Stravinsky… Noski, horiek denen eskura daude.
Orain, Imanoli eta Leteri omenaldi bat itzuli nahi diezu.
Francisco Herrero biolinarekin eta ni pianoarekin hasiko gara. Gero nik bakarrik joko dut. Amaia Zubiriak hiru olerki errezitatuko ditu, nik gaztelaniaz idatzi eta Manu semeak euskaratuak. Bukatzeko, Amaiarekin Leteren bi abesti, nik musikatuak. Bat Imanoli eskainia da, bestea Lurdesi [Iriondo]. Bukaera tristea izango da, heriotza halakoa delako. Baina musika da; tristea, baina musika.