Ekainaren 19ko herri galdeketaren galdera adostuko duen Galdera Batzordea lanean ari da dagoneko. Goierriren soziologiaren arabera, 27 goierritarrek osatzen dute taldea. Otsailaren 27an eztabaida irekia egingo dute Idiazabalen.
Goierri bera den bezalaxe, anitza da Galdera Batzordea. Adin, jatorri, sexu, hizkuntza eta sentsibilitate desberdineko 27 goierritarrek osatzen dute lan taldea.
Egiteko bat dute guztiek Elkarrekin dinamikaren barruan: ekainaren 19ko herri galdeketako galdera adostea. Dena den, lan hori ez dute bakarrik egingo, goierritar guztiek elkarrekin egingo dute. Otsailaren 27rako jarria dute hitzordua Idiazabalen.
Galdera Batzordeko 27 kideetako lau dira Maite Goñi ordiziarra, Iñaki Akizu urretxuarra, Mila Alvarez zumarragarra eta Elias Arrese beasaindarra.
Maite Goñik gustura onartu du Galdera Batzordean parte hartzeko proposamena, herritarren iritzia jakitea garrantzitsua iruditzen baitzaio: «Balizko prozesu bati hasiera emateko pultsua hartzeko balio du honek», dio ordiziarrak. Horretarako, momentu egokia iruditzen zaio, gainera: «Heldutasun momentu batean gaude eta elkarrekin lan egiteko une egokia da».
Lanik zailena «galdera egitearen beharrik sentitzen ez duen jendea erakartzea» iruditzen zaio. «Nik uste dut galdera bat egitearekin edozein egon daitekeela ados, erantzuna mota bateko edo bestekoa izan arren».
Iñaki Akizu ere gustura eta pozik dago Galdera Batzordeko kide izateagatik: «Onartu egin dut, herria biltzeko ekintza ona iruditzen zaidalako. Sarritan ibili gara bat eta bestea alboratuz. Baina ez, denon artean egin behar dugu herria. Bakarrik galduta gabiltza, denok elkarturik egiten da herria. Harremanak behar ditugu. Eta ekintza hau horretarako egokia da».
Aukera demokratikoa ona iruditzen zaio herri galdeketa; «aukera honek merezi du, denona da eta», gaineratu du urretxuarrak.
Mila Alvarezi taldeko kide izateko aukera proposatu ziotenean, baiezkoa eman zuen, «gehiegi pentsatu gabe». Baina ondoren konturatu zen, «Goierriko biztanleria anitz horren ordezkari izatea erantzukizun handia» dela.
Gure Esku Dagoren Elkarrekin dinamika egokia iruditzen zaio, gainera: «Elkarrekin asmatu behar dugu denontzat egokia izango den galdera. Galdera horren aurrean, bakoitzak nahi duen erantzuna emango du, baina gure erabakitzeko eskubidea praktikara eramango dugu».
Prozesuan, herrietan antolatutako ekitaldietan eta ekainaren 19ko herri galdeketan parte hartzera animatu nahi ditu goierritarrak: «Demokrazia geroz eta zeharkakoagoa da, eta gutxitan izaten dugu zuzenean gure iritzia azaltzeko aukera. Hau da gutxi horietako bat».
Elias Arrese beasaindarrak ere Galdera Batzordean parte hartzea erabaki du: «Uste dut galderak bere garrantzia daukala, adostutako galderak baldintzatu egin dezakeelako, ez emaitza, baizik eta parte hartzea. Itxurazko parte-hartze bat izateko galderak garrantzia handia dauka. Ea gertu ibiltzen garen norberak nahi dugun galdera horretatik».
Otsailaren 27an Idiazabalen herritarrekin batera egingo den batzarra ere interesgarria izango dela uste du. «Herri bakoitzak ekarpenak ekarriko ditu eta kontraste horretatik batzordeak erreferentzia batzuk izango ditu».
Goierritarren parte hartzea bultzatzeko ahoz ahoko lana egin beharko dela uste du: «Zaila da jendea mugitzea, beste hauteskunde batzuk gertu eduki ditzakegu agian, eta nahiko eragin dezake gai honetan. Jendearengana gerturatu egin beharko gara jendea mobilizatzeko, bestela ez dugu parte hartze emaitza politik lortuko».