Asier Iriondo
Gogoratzen dituzu Mihiluze programako Zazpikiak, Aitor?, Aldian-aldian whatsapp bidez ere zabaltzen dira kazadora ehiztari, sarrera nekatu eta bonbero zu hiltzaileak. Horietakoak ikusten ditudanean, pentsatzen dut horrelako batzu-batzuk sortutakoa izango naizela.
Behin «Gerencia/ Negocio de Minidomésticos /Fdo. Jesus Irure» testua itzultzeko eskatu zidaten. Zigilu baterako zen. Eskatu zidanak euskaraz hizketan eta idazten ederki zekien. Irudipena dut, zenbait girotan, euskara teknikari-itzultzaile-zuzentzaile baten menpekotasuna sortu dugula. Zuen Ahize-n eta gure Emun-en zerbait badakigu horretaz.
Fagorren negozio batean, langileek sortutako tailerreko testu ia gehienak gaztelaniaz zeudela eta, zergatiaren bila, inkesta bat egin genuen. Askok euskaraz zuzen idazteko zuten gaitasunean ikusi zuten arrazoia. Gaztelaniaren kasuan, ordea, garbi zegoen V eta B nahieran erabiltzeko konplexurik ez zeukatela batere. Zuretzat galdera: noiz da beharrezko zuzentzailea?
Erantzunaren zain nagoen bitartean, Jesus Irureren zigiluarena kontatzen bukatuko dut. Honela itzuli nuen: «Gerentzia / Etxetresna Txikien negozioa / Sin. Jesus Irure». Eta honela iritsi zen: «Gerentzia / Etxetresna Txikien negozioa». Idazkariak gerentearen izena falta zela esanez deitu zion hornitzaileari eta honen erantzuna: «Nik zuk esan bezala egin dut, ‘sin Jesus Irure’ esan zenidan».
Aitor Calvillo
Bai, bai… Guk ere zuk diozun horretaz badakigu zerbait. Zein erraza den itzultzaile bati erdarazko testua eman eta honek itzultzea eskatzea, gure egunerokotasunean ohikoa bai, bai. Noizko eman pausoa ordea? Noiz hasiko da euskaraz sortzen gure langileria? Guk ere errazagoa genuke euskaraz sortutako testuak zuzentzea, orraztea edota moldatzea.
Baina nik aurretik zuk aipatu duzun gako garrantzitsu bat azpimarratu nahiko nuke, hirugarrengoena, alegia! Zuk bidalitakoa hartu eta inprimategira bidaltzen duena, edota inprimategikoa bera, idazkaria, postaria… Bestela, nola liteke itzultzaile batek bere lana horrela gutxiestea? Zuk itzuli al zenuen «beheko landarea» (planta baja), edota besteok?: «Egongeletarako antolagaiak» (almacenaje para salones), «isila anbulantziak» (reservado ambulancias), «azken batasunak» (últimas unidades) «DVD ugalketakoa» (DVD reproductor). «Non litzateke ordaindu nahi duzu?». Ba al dakizu google-en nola itzuli duten Bizkaiko Bertsolari Elkartea? Bada, Asociación de gays y lesbianas.
Noiz arte zazpikiekin?