Objektibo izaten ahalegindu naiz, eta azkenean, ondorio bakarrera iritsi naiz: bilketa sistema ez da hain garrantzitsua. Gure herrian urteak daramatzagu xextran hondakinen kontura. Sasoiko udalak atez atekoa jartzeko enbidoa jo zuenetik, amaigabeak izan dira desadostasunak, desobedientziak eta gudu txikiak. Batzuek atez atekoa jarri nahi; besteek, inondik ere ez. Galdeketak, agerraldiak, zaborra bera baino kirats handiagoko hitz trukeak, eta abar. Horixe legazpiarron eguneroko bazka aspaldi honetan. Ustez guztion onarpena zuen sistema mistoarekin genbiltzanean, aldiz, atzera lehengora. Aste honetan kendu dituzte zintzilikarioak, eta kolore guztietako edukiontziak ditugu berriro ere kale zein auzoetan. Inor ohartu al da zenbat diru joan den bata kendu eta bestea jartze horretan? Hori bai dirua alferrik botatzea, eta ez hasieratik sistema bakar bat jarri (garestiena izanda ere, berdin dit), eta hari eustea, lortu nahi dugun helburua erdiesteko bada; hots, ahalik eta gehien birziklatzea.
% 82ko birziklapen tasa geneukan sistema mistoarekin. Lortuko al dugu ehuneko horri eustea? Egia esan behar badut, nire zalantzak ditut. Handiak, gainera. Gure etxean hasieratik egin dugu birziklatzeko ahalegina, eta dagoeneko ederki ikasita ditugu ontzi-bakoitzean-zer arautxoak. Horregatik, niri bost zein den bilketa sistema; sukaldean ondo egindako lana baita balio duena. Aitortzen dut dagoeneko ohituta nengoela ontziak ateratzeko egun eta ordutegietara, eta berriz kontua hain libre uztea arraro egingo zaidala, baina guk geureari eutsiko diogu: hondakinak gaika sailkatzen, alegia. Orain artean zintzilikarioetan edo inguruetan dena nahasian utzitako poltsek beldurtzen naute, ordea. Bai baitago oraindik ere sailka bereiztea Everestera igotzea baino gehiago kostatzen zaionik. Ez dute nahi, eta kito. Eta horrelakoei berdin zaie atez ate ala edukiontziak. Orain arte ez dute birziklatu, ezta egingo ere, nire ustez. Eta zer gertatuko da euren poltsa orotarikoak zeinahi edukiontzitara bota eta hura kutsatzen badute; behin, berriz eta baita hurrengoan ere?
Itxuraz loturarik ez duela badirudi ere, beste datu bat emango dizuet: Hotz Legazpi izeneko elkarte bat sortu dute, errefuxiatuei laguntza helarazteko. Otsailean zehar arropak, janariak, kanpin-dendak, lo-zakuak, higienerako beharrezkoak eta dirua jasoko dituzte, gerraren itzaletik ihesi argi bila Europarantz abiatu nahi duen jendartearentzat. 68.000tik gora dira Greziako kostaldera iritsi diren iheslariak, gehien-gehienak siriarrak. Eta tupustean ohartu dira Europa zaharra ez dela hain argitsua. Egoera penagarrian daude eta laguntza behar dute.
Bestalde, Gure Esku Dago ekimenak 920 sinadura lortu ditu Legazpin. Erabakitzeko eskubideak nolabaiteko bermea baduela erakusteko bidean gara, beraz. Batetik laguntza eta bestetik sinadurak bildu dira. Bi adibide baino ez. Eta izango dira gehiago. Baina esandakoa: helburua betetzea da kontua; honela, horrela edo hala, beharrizanak asetzea eta guretzat, auzokoarentzat, gizartearentzat zein munduarentzat onena dena bilatzea. Eta biltzea. Bilketa sistema ez da hain garrantzitsua.