Jose Luis Elorzak liburu bat argitaratu du Goierriko lau enpresen ibilbidea aztertuz. Enpresa batean langileen parte-hartzea beharrezkoa ikusten du arrakasta izateko.
Bakarrik gelditzea, inoren laguntza eta babesik gabe, hori omen da gizakiak duen beldur handienetariko bat. Horregatik bilatzen omen du talde bateko parte izatea, dena delako taldea izanik ere. Zerbaiten parte izatea, zerbaiten barnean egotea, hala sentitzea. Egun, eskoletan ere hori bultzatzen dute: elkarlana. Indibidualismoa protagonismoa galtzen ari da, eta elkarlana, berriz, irabazten.
Elkarlana eta partaidetzaren filosofia horri heldutako adibideak bildu ditu Jose Luis Elorzak La empresa participativa integral (Enpresa parte-hartzaile integrala) argitaratu berri duen liburuan. Goierriko lau enpresa ditu hizpide Elorzak, eta krisialdian enpresa horiek izandako joerak eta nondik norakoak bildu ditu.
Krisialdian arrakasta
Ampo-Poyam, CAF, Irizar eta Orkli enpresen ibilbideari erreparatu dio. «Krisi garaian emaitza oso onak lortu dituzte». Dudarik ez da krisialdiak gogor jo dituela hainbat eta hainbat enpresa, baina, harrigarria badirudi ere, izan dira denbora tarte honetan argia ikusi duten enpresak, eta lau horiek dira horren adibide. Arrakastaren gakoak asko izango badira ere, bada elkarbanatzen duten izaera. Aipaturiko lau enpresak Goierrin daude kokatuta, eta bakoitza bere sektorean erreferentea da. Beharrezko momentuan pausu egokiak eman dituzte, eta horrek enpresen arrakasta eta garrantzia ekarri die.
Ez ditu kasualitatez hautatu lau enpresa horiek Elorzak. Laurek 500 langile baino gehiagoz osatutako lantaldea dute. Goierriko plantak ez ezik, nazioartean ere badute presentzia eta izena; planta desberdinak dituzte hainbat herrialdetan –bakoitzak duen produktuaren arabera bere merkatua du–. Horrez gain, 2008. urtean hasitako krisian behera egin beharrean, gora egin dute eta emaitza oso onak lortu dituzte.
Enpresen egitura
Kooperatibak dira Ampo-Poyam, Irizar eta Orkli. Enpresa bakoitzak bere izaera eta bere xehetasunak ditu, baina funtsean, langileak dira enpresaren jabeak. Irabaziak badaude banatu egiten dira langileen artean –batzuen kasuan gorde egiten dira irabaziak kartillan–. Galerak izanez gero, langileak egiten dira horren kargu. «Horrek jendea motibatzen du», nabarmendu du. Bakoitza zerbaiten parte denean, beti ere konpromiso maila ere igo egiten da. Hiru enpresak garai batean Mondragon Kooperatibako kideak ziren, baina gaur egun Orklik bakarrik jarraitzen du bertan. Irizarrek eta Ampo-Poyamek 2008. urtean Mondragon kooperatibako parte izateari utzi zioten. Azken hori, egun, Ner Group izeneko taldearen barnean dago.
CAF enpresa ez da kooperatiba bat, juridikoki Sozietate Anonimoa baita. Hala ere, bertako langileen presentzia handia da: enpresaren akzioen %30 langileen esku dago. Kartera soziala deiturikoa sortu zuten 90eko hamarkadan, eta bertako akzionistak CAFeko langileak dira. Beraz, xehetasunak xehetasun, lau enpresen jabeak bertako langileak dira.
Eredu berria
Elorzak liburuan eredu berri bat azaltzen du, hiru ardatz nagusi dituena: jabetza, emaitzak eta kudeaketa. Bere esanetan, hiru osagai horiekin bakoitzak bere eredua sortu behar du, enpresaren ezaugarrietara moldatuz. Jose Luis Elorza: «Bakoitzak bere formula bilatu behar du, izan ere, enpresa bakoitzak bere izaera, bere langileak eta bere merkatua ditu».
«Badirudi kanpotik etorri behar direla enpresa eredu ona dugula esatera»
«Enpresa baten helburua irabaziak izatea da, horretaz ari gara hizketan»
«Enpresa baten parte izateak langileak motibatu egiten ditu»
Jose Luis Elorza ‘La empresa participativa integral’ liburuaren egilea
Proposatzen duen eredu parte-hartzaileko ataletako bat langileena da. Haren iritziz, langileen eta enpresarien arteko erlazioa «malgua» izan behar da. Aipaturiko kasuetan langileen esku dago enpresa, beraiek dira jabeak, eta beraz, erabakitzeko eskubidea izan beharko lukete hainbat eremutan. Ez du uste, Elorzak, ordea, beharrezkoa denik langileen «ahotsa» erabaki guzti-guztietan entzutea. Izan ere, enpresa baten norabidea merkatuak zehazten du, eta hor erabakiak hartzeko daude enpresan karguak eta ardurak dituzten pertsonak.
«Enpresa baten helburua irabaziak izatea da, eta horretaz ari gara hizketan». Elorzaren ustez, enpresa baten alderdi garrantzitsua da erlazio ona egotea enpresarien eta langileen artean, baina are garrantzitsuagoa da konpetitiboak izatea merkatuan, bestela, «porrot» egiteko aukerak nabariak baitira.
Enpresako langile guztiek balio etiko berdina izatea beharrezkoa dela uste du, baina ez ezinbestekoa. Mondragon kooperatibaren gainbeherak erakutsi du hori, baloreak ez direla nahikoa enpresari eusteko. Lanketa bat izan behar dute balio horiek, norbaitek jarri behar du bidearen norabidea. Finean oreka lortu behar da. Merkatuaren beharrak aldakorrak dira, eta momentuan ez bazaude adi, «zure trenak» alde egin dezake. Enpresarien eta langileen arteko erlazioak ez badu aurkitzen puntu komunik, etorkizunean enpresan eragin negatiboa izan dezakeela adierazten du. Familia baten adibideak balioko luke eredua irudikatzeko. Gurasoak egongo lirateke goi-mailan, baina haurren iritzia ere kontuan hartuko lukete, eta geroz eta harreman hobea, orduan eta hobeto.
Ohiko enpresen eredu bertikal eta hierarkikotik ihes egiten du idazleak. Urteotan egindako ikerketak erakutsi dio emaitza hobeak lortzen direla bi taldeen arteko lanketa ona bada, eta aldiz, negozioak porrot egiteko aukera gehiago daudela elkarren artean ez badago harmoniarik.
«Altxor bat daukagu», nabarmendu du Elorzak. Okerrena, baina, hori ez baloratzea da. «Askotan, badirudi norbait kanpotik etorri behar dela esatera zein enpresa eredu ona dugun Goierrin, guk hori sinesteko».
Sindikatuen presentzia
Sindikatu eta enpresen arteko erlazioan aldaketak egon behar direla uste du Elorzak. Ez du uste onuragarria denik bien arteko erlazioa gatazkatsua izatea. Liburuan agertzen du, askotan, enpresariak sindikatuei ezkor begiratzen dietela, sor ditzaketen liskarrengatik. Bestalde, sindikatuek ez direla fidatzen enpresariek izan ditzaketen «nahi ezkutuez». Erlazio horren emaitza argia da: enpresaren «paralisia», gatazka elkarren artean. Eta horrek, ezinbestean eragina du. Horregatik, elkarren arteko lankidetzaren apustua egiten du Elorzak bere liburuan, eta hitzaldietan.