Segurako Ondarre baserriak 500 urtetik gora daramatza zutik Beheko Arrabal auzoan. Artzainen bizitokia izan da beti, bai behintzat azken sei belaunalditan. Gaur egun Felix Goiburuk eta Karmele Muruak gobernatzen dute baserria, gaztandegia, artegia eta nekazal turismoa. Baserritik bizitzea ez da lan erraza, eta horren adibide garbia da gero eta gutxiago direla bizitzeko modu honi eusten diotenak. Felix Goiburuk eta Karmele Muruak, ordea, seguru dute beren bizi proiektuak jarraipena izango duela. Eneko Goiburu (Segura, 1977) semeak kaleko bizitza utzi eta baserritik bizitzeko apustua egin baitu orain urte bete eskas.
Ondarre baserrian jaio zinen. Zeintzuk dira baserriari lotutako zure lehendabiziko oroitzapenak?
Aitonarekin ganadu janak egitera joaten ginenekoak. Belarra moztu eta ukuilura eramaten genuen, gero baserriko animaliei jaten emateko.
Gurasoak beti bizi izan dira baserritik, eta hemen ez da inoiz lanik falta izan. Beti izan ditugu behiak, ardiak, untxiak, txahalak… beste bi anaiek eta hirurok beti lagundu izan dugu baserriko lanetan. Hori bai, orain arte ez dut inoiz ardurarik izan.
Idiazabal jatorriko gazta ere egiten duzue etxean.
Etxean beti izan gara artzainak. Nirea seigarren belaunaldia da. Aurretik ere izango ziren artzainak seguru, baina ez daukagu horren inguruko datu zehatzik. Egiteko moduak asko aldatu dira, dena den, azken urteetan. Garai batean ohikoa zen bezala, aitonak eta aitak Urbian pasatzen zuten uda sasoia ardiekin. Aitonak 50 uda pasa zituen bertan! Gaur egun jada, ez gara joaten.
Nola definituko zenuke baserriko lana?
Baserrikoa behin ere amaitzen ez den lana da. Baina beste alde batetik, gauza on asko ere baditu. Lanak patxada handiagoz egiteko aukera ematen du, beste erritmo batean bizitzeko. Gainera, norbere buruarentzako lan egiteak asebetetze handia ematen du. Gaur egun, baserritik bizitzea bokaziozko ekintza da, baserriko lanak bizitzeko modu bati lotzen zaitu.
Gure kasuan, gainera, gazta egiten dugu eta hori beste motibazio bat da niretzat. Asko gustatzen zait gazta egitea, batez ere jendeari probatzeko eman eta mundiala dagoela esaten dizutenean. Baserriak naturarekin harremanetan egoteko aukera ere ematen du. Nire kasuan gainera, gurasoekin egotea ere garrantzitsua da. Egunero beraiekin egiten dut hamaiketakoa, eta hori beste edozein lanbidetan ezinezkoa da.
Baserritik bizitzeko erabakia hartu duzu, baina aurretik kanpoan ere egin duzu lan.
Terapia okupazionala ikasi nuen Zaragozako unibertsitatean. Aita Mennin aritu nintzen zazpi urtez eta iaz arte Matia Fundazioan ere lan egin dut, ikerketa sailean. Pertsonekin lan egitea tokatu zait askotan, arazo psikiko eta kognitiboak zituzten pazienteekin.
Oso gustuko nuen lana. Baina 15 urte eman ditut egunero Seguratik Donostiara joan etorrian, lana finkoa nuen arren azken urteetan krisiaren eraginez ezegonkortasuna nagusitu zen. Hasi nintzenean 60 langile ginen, eta azken urteetan 10. Nekatu egin ninduen egoerak.
Aldatzeko beharra sentitu zenuen.
Bai. Gainera, gurasoek ere adinean gora doaz, amak 65 urte ditu, eta aitak 67. Bizitza guztian zehar egin duten lana hementxe dago. Egia esan, gurasoek lan asko egin dute eta oso ondo antolatuta daukate dena. Hala ere, erabakia hartzerako garaian pisu gehien izan duen argudioa baserriko bizitza gustatzearena izan da. Gustuko ez baduzu ez dago ezer egiterik.
Gurasoek hasitako lanari jarraipena emateko asmoa duzu hortaz.
Bai. Zorte handia daukat, nik dena eginda jaso baitut. Egia da, hemendik urte batzuetara artegian eta gaztandegian inbertsio handiak egitea tokatuko zaidala. Familian 200 urte daramagu gazta egiten, eta zerbait badakigu hortaz. Gazta ona egiten badakigu, eta seguru nago inbertsio horiei buelta emateko gai izango naizela.
Gainera, nekazal turismoak ere asko laguntzen du horretan. Horri esker, gazta produkzio txikiagoa edukitzeko aukera daukagu, 115 bat ardi ditugu eta urtean 1.000 bat gazta egiten ditugu. Iaztik bisita gidatuak ere egiten ditugu eta museo txiki bat ere atondu dugu.
Nola ikusten duzu baserriaren etorkizuna?
Baserriaren egoera ez da ona. Gaur egun daramagun bizimoduak hori dakar. Goierrin normalena industrian lan egitea da, egunean zortzi ordu sartu, soldata ona kobratu eta asteburuak gozatzeko gorde. Ez dakit, ordea, zer punturaino hausnartzen duen jendeak horren gainean. Baserrian lan ordu gehiago daude eta soldata txikiagoa da, baina gauza on asko ematen ditu, beste lanbide askok ematen ez dituztenak.
Arantzazuko Artzain Eskolan ikastaro bat egiten ari zara.
Beti dago ikasteko zerbait. Etxeko egoera ondo ezagutzen nuen, baina kanpokoa ez horrenbeste. Egoera berrira egiteko iazko urtea etxean pasa nuen, baina trantsizioa aurten egingo dugu, hau da, negozioa nire izenean jarri, ardurak nere gain utzi… bitartean irailean hasi eta otsailera arte nago Arantzazun.
Gurasoek nola hartu zuten zure erabakia?
Oso pozik daude. Laguntzen jarraituko dute, baina ardurak kendu nahi dituzte.