Efren Nicolau kataluniarrak sukaldaritza eta filosofia makrobiotikoari buruzko hitzaldia emango du martxoaren 3an, 19:00etan, Ordiziako D’elikatuz zentroan. Nicolau egungo sukaldari makrobiotiko onenen artean dago.
Nicolauren familia aitzindaria izan zen makrobiotikaren hedapenean, Herrialde Katalanetan. Hala, bai bera eta bai bere anaia-arrebak jaio aurretik makrobiotikoak direla esan daiteke. Izan ere, beraien gurasoek makrobiotikoak ziren beraiek jaio zirenerako.
Berak duela 10 bat urte ekin zion sukaldaritza eta filosofia mota hau ezagutzera emateari. Hitzaldien eta idatzi duen liburuaren bidez (Los orígenes de mi cocina. La macrobiótica) bere esperientzia jendearen zerbitzura jarri nahi du eta pertsonen osasuna eta zoriontasuna bultzatu.
Makrobiotika zaleek oso argi dituzte elikatzeko modu horren onurak. «Makrobiotika naturaren legea jarraituz jatea eta edatea da, beti inguruari eta norberaren konstituzioari egokituz. Printzipio hau ulertzeko eta aplikatzeko egiten duzun bideak osasunera, zoriontasunera, askatasunera eta justiziara zaramatza. Geroz eta jende gehiago dator honekin bat eta geroz eta nabariagoa da elikadura naturala gizakiarentzat oso ona dela».
Sukaldaritza hau duela urte asko sortu zen, sendatzeko metodo bat bezala. «Gaixo ez bazaude, makrobiotikan elikatzeko modu natural eta prebentibo bat aurkituko duzu. Gozoa eta, batez ere, bizitza modu sakonagoan ulertzeko balio duena».
Hitzaldi hau Goierriko Baratza produktu ekologikoen dendakoek antolatu dute. «Efrem [Nikolau] Ordiziako neska batekin dabil eta horregatik ekarri dugu. Oso liburu ona idatzi du. Geroz eta makrobiotika zale gehiago etortzen dira gure dendara: batzuk filosofia hori gustuko dutelako eta beste batzuk osasunagatik», aipatu du Goierriko Baratza dendako Francisco Javier Masid Txiskuk.