Jaione Garate (Legazpi, 1966) Goierri Bus enpresako jabeetako bat da, baita autobus gidaria ere. Hasi zenean, jendea harritu egiten zela dio, baina dagoeneko ohitu direla.
Zein kargu daukazu Goierri Busen?
Jabeetako bat naiz. Antolaketaz arduratzen naiz gehienbat, gidariak koordinatzeaz. Aurretik aitarekin eta anaiarekin lan egiten nuen autobus enpresa batean, eta gero enpresa hau sortu genuen beste kide batzuekin, 1989an. Ardura handia dut, agian gehiegi.
Duela 25 urte ohikoa zen emakume batek halako ardura postu bat izatea?
Enpresa barruan agian bai, baina ni gidatzen ere ibiltzen naiz. Ni hasi nintzenerako bazeuden beste emakume gidari batzuk, baina herri barruan eta ibiltzen ziren gehiago, ibilbide laburrak egiten. Ni gehiago irtetzen nintzen kanpora.
Jendeak zer esaten zizun?
Gehienek animatu egiten ninduten, baina deskonfiantza apur bat nabari nuen. Orain jendea dagoeneko ohituta dago. Gure enpresan, esaterako, emakume pila bat ditugu.
Eta enpresa barruan nolakoa da egoera?
Enpresa barruan ez dut inoiz nabaritu nirekiko tratu desberdina emakumea izateagatik. Ez dut errespetu faltarik edo obedientzia faltarik sumatu.
Ama ere bazara. Arazorik izan duzu lanarekin kontziliatzeko orduan?
Bi seme ditut, hamalau eta hemeretzi urtekoak. Senarraren eta bion artean antolatzen gara etxeko lanez eta haurrez ardurtatzeko, eta pisua erdibana banatzen dugu. Bestalde, enpresa nirea denez, errazagoa da niretzat nire beharren arabera antolatzea. Egia da etxean denbora gutxi egoten naizela, lan honek ordu asko kentzen dizkidalako. Baina haurrak ohituta daude. Garrantzitsuena da etxean norbait egotea, egun guztian kanpoko norbaitekin egon ez daitezen.
Gizartean orokorrean nola ikusten duzu emakumeen egoera?
Lehen baino egoera hobea dela iruditzen zait. Hala ere, etxetik kanpo lan egin arren, oraindik emakumeen gain erortzen da etxeko ardura gehienetan. Hori oso estresantea da, ezin delako leku guztietara iritsi. Ez da nire kasua, nik zortea izan dut. Lana egiteak askatasuna eta bizitza soziala egiteko aukera ematen dizkio emakumeari, eta hori oso garrantzitsua da. Bestetik, entzuten dut enpresa batzuetan emakumeek gutxiago kobratzen dutela, baina ez da gure kasua. Erasoei dagokienez, ia egunero entzuten da kasuren bat; penagarria da.
Martxoaren 8a nola bizi duzu?
Ez dut inoiz ospatzen. Niretzat ez da egun berezi bat, beste edozein egun bezalakoa baizik.