Duela hamar urtetik Zerainen bizi da Martina Urbistondo (Sara, 1982). Usurbilen hasi zen sukaldean lanean, baina ondoren, ofizioz aldatu zuen: ordutik artzaina da.
Orain Zerainen zaudete.
Guretzako leku bat nahi genuen, eta jakin genuenean baserri hau salgai zegoela, hona etortzea erabaki genuen. Errentan zaudelarik beti nagusia gainean duzu, eta leku lasaiagoa nahi genuen. Hori bai, salerosketa asko izan ziren momentu hartan eta prezioak oso goian zeuden. Baina behin erabakia hartuta aurrera egin behar da. Bion artean erosi genuen, eta orduan gauzak asko aldatzen dira, enpresa txiki bat edukitzea bezala da. Buelta eman behar zaio. Gogoarekin ginen gu, ia 10 urte daramatzagu hemen, eta oso pozik gaude.
Gazteak eta baserria. Posiblea al da?
Nik uste geroz eta gazte gehiago ari direla bueltatzen baserrira, poliki baina bai. Etorkizuna ere ikusten dut baserrian, agian oso positibo ikusiko nauzu, baina hori uste dut.
Badakizu zer gertatzen den? Nire ustez negar asko egiten da. Askotan, baserrian bizi diren helduek ez zaituzte animatzen baserriko lana egitera, nik hori ikusten dut hemen, eta pena ematen dit. ‘Segi industriara, fabrikara’, esaten dizute, ‘hemen ez da ezer’. Eta hori ez da horrela, azkenean, nola animatuko da ba jendea horrela? Begira gu, zerotik hasi ginen. Eta dena atera behar dugu aurrera, eta ondo bizi gara. Gogor lan eginda, noski, baina badaude aukerak, eta etorkizuna ere bai.
Baserri mundua ez da animalia bakarrik; badaude hainbat gauza eta proiektu; ogigintza eta baratza, esaterako.
Emakumeak presentzia handia izan du baserrian, baina presentzia hori agerian al dago?
Emakumeak lan asko egin du baserrian, eta hala egiten du orain ere. Emakumea izan da baserriko ardatza eta euskarria. Horrekin ez dut gutxietsi nahi gizonek egindako lana, baina emakumeak parte hartu behar izan du ukuiluan, garbiketa lanetan, ume zaintzan, otorduetan… parte-hartze handia izan du emakumeak baserrian.
Nik bi mutiko dauzkat, emakume bakarra naiz etxean. Nik uste bikotearekin, bakoitzak bilatu behar dituela lanak nola banatu, nola partekatu. Baserri bat mundu bat da, denak ez dira berdinak. Bakoitzak bere lan metodoak ditu. Gu bi gara, eta lanak banatuta ditugu: goizetan haurrak nik prestatzen ditut, baina senarrak iluntzean oheratzen ditu.
Garrantzitsua da zuen haurrek lanak banatzen dituzuela ikustea, ezta?
Bai, umeak dauzkagunok erakutsi egin behar dugu. Haurrak adi egoten dira, ikusten dute bakoitzak zein lan egiten duen. Ikusten badute lan bat ez duela batek egiten, galdezka hasten dira. Eta hor dator rola, ikusten badute emakumeak gauza batzuk egiten dituela, eta gizonezkoak beste batzuk, hori ikasiko dute. Guk erakusten diegu hori ez dela hola, laurok bizi gara etxean eta lanak banatzen ditugu, gerora begira beraientzako ere balio izango duelako, eta gauzak ere aldatu direlako. Lehen etxeko gauzak beti neskek egin behar zituzten, oraindik ere egongo da, baina nik uste galtzen ari dela, eta gure konpromisoa da datozen belaunaldiei hori erakustea.
Baserrian emakumeak baztertuta daude?
Oraindik ere arrastoak badaude. Artzaina adibidez, gizonarekin lotzen da, ez ofizioarekin. Baina pixkanaka aldatzen ari da. Baserria beti lotzen da jende helduarekin, eta emakumea askotan bigarren ilara horretan dago. Askotan ez dira kontuan hartzen emakumeak, nahiz eta lana erruz egin. Niretzako emakumeak baserriko motorrak dira leku gehienetan. Merezi dute aitortza hori emakumeek.