Kloti Corralesek (1955) zazpi urtez lan egin zuen Orbegozon, matxera modura. Emakumeentzat fabrikako giroa «matxista» eta «bortitza» zela gogoratzen du.
Noiz eta nolatan hasi zinen lanean Orbegozon?
Hamalau urterekin ikasketak amaitu nituen. Aitak eta bi ahizpak Orbegozon lan egiten zuten, eta aitak ni ere han sartu ninduen. Zazpi urtez lan egin nuen han matxera postuan, atal hori Gasteizera pasa zuten arte. Batzuek Gasteizera lanera joatea onartu zuten, baina nik eta nire lankide batek utzi egin genuen lana. Eta ongi egin genuen, besteek gaizki amaitu baitzuten: pentsio txar batean lo eginez, hilabete batzuk kobratu gabe…
Zein lan egiten zenuten matxerek?
Gizonezkoek fundizioan lan egiten zuten, eta guk haientzako moldeak prestatzen genituen. Hau da, piezen matxoak edo arrak. Gero gizonek burdin salda botatzen zuten molde haien barruan, eta horrela egiten ziren piezak. Gure lana ondo egitea ezinbestekoa zen piezak ongi ateratzeko.
Zergatik egiten zuten lan hori emakumeek?
Oso lan delikatua zelako. Pieza oso txikiak eta hauskorrak erabiltzen genituen esku artean. Gizonezkoek ezingo zuketen; hautsi egingo zituzketen piezak.
Lan gogorra al zen?
Oso gogorra. Ni eta nire lankidea gazteenak ginen, eta makinarik handiena maneiatzen genuen. Hamalau urte besterik ez genituen, eta oso pieza pisutsuak erabili behar izaten genituen. Gainera, area beltzarekin lan egiten genuen, eta oso itsaskorra zen. Horrez gain, izugarrizko gasoil usaina egoten zen han, eta euria egiten zuenean ura sartzen zen. Ez ziren baldintza onak.
Gogorrena, hala ere, gizonezkoen begirada…
Garai hartan ongi ikusita zegoen emakumeek etxetik kanpo lan egitea, baina etxeko lanetan: garbitu, haurrak zaindu… Fabrika batean lan egitea, ordea, ez zegoen ongi ikusita, eta sekulakoak aditu behar izaten genituen. Matxerek fama txarra genuen herrian, eta kalean batzuetan iseka egiten ziguten. Bestalde, fabrikako giroa oso bortitza zen emakumeontzat. Gizonezkoengana piezak eramatera joan behar izaten genuenean, begira geratzen ziren, txistu egiten ziguten, gure janzkerari buruzko komentarioak egiten zituzten… Matxismo handia zegoen. Orbegozotik ateratzea izugarrizko liberazioa izan zen niretzat.
Gaur egun garbitzaile lanetan zabiltza. Egoera asko aldatu da?
Matxera lana 21 urterekin utzi nuen. Segituan ezkondu egin nintzen, eta 22 urterekin lehenengo haurra izan nuen. Orduan horixe zen tokatzen zena, eta kitto. Ezkondu eta haurrik ez izateak zeresana ematen zuen. Handik urte batzuetara bigarrena izan nuen. Haurrak txikiak zirela ez nuen etxetik kanpo lanik egin. Gerora, adinekoak eta haurrak zaintzen egin nuen lan. Azken hamar urteetan, berriz, garbiketa enpresa batean nago. Egoera asko aldatu da: orain errespetu osoz tratatzen naute. Etxetik kanpo lan egiteak, gainera, erabilgarri sentiarazten nau eta independentzia ematen dit. Hala ere, lotsagarria da emakumeon eta gizonezkoen arteko soldata ezberdintasuna. Gizonezko garbitzaileak gainazalen mantenurako teknikoak dira; beste kategoria bat dute, eta, ondorioz, askoz gehiago kobratzen dute.
Martxoaren 8a ospatzen duzu?
Afaltzera joan izan naiz lankide batzuekin.