Emakumeen Nazioarteko Eguna gertu den honetan, Goierriko lau emakumeri ahotsa eman die goiberrik. Lau emakume, lau belaunaldi, lau lanbide, eta ikuspegiak, beste hainbeste. Emakumeen egoeraz aritu dira, besteak beste.
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Eta jakina da zer esan nahi duen nazioarteko egun bat izateak: aldarrikatzeko asko dagoela. Martxoaren 8an, emakumeak gizartean parte hartzea eta gizonezkoekiko aukera berdintasuna aldarrikatzen dira, besteak beste. Goierrin ere, hainbat ekitaldi egingo dira.
Dena den, emakumeek ahotsa eta zer esana dutela aldarrikatzeko, zer hoberik beraiei hitz egiten uztea baino? Martxoaren 8aren atarian, Goierriko lau emakume elkarrizketatu ditu goiberrik: Izaro Rubio, Jaione Garate, Martina Urbistondo eta Kloti Corrales. Hurrenez hurren, korrikalaria, autobus gidaria, artzaina eta matxera lanetan aritua. Eta hori baino askoz gehiago ere bai: amak, emazteak, gizarteko subjektuak…
Lau emakume, lau lanbide ezberdinekin, eta lau garai desberdinetan jaiotakoak. 34 urte ditu gazteenak, eta 61 zaharrenak. Garai ezberdinak bizitzea tokatu zaie, eta bakoitzak bere esperientziatik hitz egin du.
Eta, noski, emakume izate hutsagatik gainditu behar izan dituzten oztopoez ere aritu dira. Fabrikako gizonen mespretxuak jasan behar izan zituen Corralesek, jendearen deskonfiantzari aurre egin Garatek, emakume artzainen lekua aldarrikatu Urbistondok eta emakume kirolarien gaitasunak frogatu Rubiok.
Ahotsa dutelako, eta, batez ere, zer esan asko dutelako, hona hemen lau emakumeren bizipenak paperera ekarriak.
Izaro Rubio
Ostalaria eta korrikalaria
«Lilatoia emakumeak maila berean lehiatzen diren lasterketa bakarra da»
Txikitatik gustuko izan du korrikan ibiltzea Izaro Rubiok (Ordizia, 1974). Ama izan ostean berriz ere serio heldu zion korrikari –alaba eta semea ditu–, eta ohikoa da lasterketetako lehenengo postuetan ikustea.
Jaione Garate
Goierri Buseko jabea eta gidaria
«Autobusak gidatzen hasi nintzenean deskonfiantza nabari nuen; orain ez»
Jaione Garate (Legazpi, 1966) Goierri Bus enpresako jabeetako bat da, baita autobus gidaria ere. Hasi zenean, jendea harritu egiten zela dio, baina dagoeneko ohitu direla.
Martina Urbistondo
Artzaina
«Emakumea baserriko ardatza eta euskarria izan da, eta oraindik ere bada. Parte-hartze handia du»
Duela hamar urtetik Zerainen bizi da Martina Urbistondo (Sara, 1982). Usurbilen hasi zen sukaldean lanean, baina ondoren, ofizioz aldatu zuen: ordutik artzaina da.
Kloti Corrales
Matxera lanetan ibilia, eta orain garbitzailea
«Gure garaian emakumeek fabrikan lan egitea ez zegoen ongi ikusita; sekulakoak entzuten genituen»
Kloti Corralesek (1955) zazpi urtez lan egin zuen Orbegozon, matxera modura. Emakumeentzat fabrikako giroa «matxista» eta «bortitza» zela gogoratzen du.