Gorka Erostarbe
Entzuteaz, entzutearen beharraz, jardun genuen aurreko aldian, Aztiri, kalekide eta adiskide majadero laztana. Trikimailu egonarzisista bat baino ez zen izan nire partetik, hemendik aurrera entzun egin beharko nauzula-eta belarriak erne izan ditzazun. Nirea ez ezik zurea den denbora ere eskatu eta ostuko baitizut.
Elkar entzuteko denbora ere beharko baitugu, inondik ere. Zoro itxurak egiten zituen ile urdineko hark aspaldi kaztigatu zigun erlatiboa dela denbora, eta halaxe izango da akaso, baina haren jabeago izan nahi nuke; are gehiago denborak gu maneiatzen gaituen garaiotan, edo hobeki esanda, gure denbora maneiatzen duten garaiotan.
Gizarte produktibista da gurea, produkzioari guztiz emana; jakina, materiala eta kapitala produzitzeari emana, eta haiek produzitzeko denbora da denbora baliagarri bakarra, denboretan denbora, denbora absolutua. Denbora produktibo sakrosantua. Katebegi bat baino ez gara pertsona zimel koittaduok denboraren kate fordistan.
Entzun berri diot Tere Irastortzari poesia barneratzeko jakin beharra dagoela denbora ez produktiboa estimatzen eta atzematen. Berdin behar luke bizitzarekin ere. Ez dakit berandu nabilen, baina Proust bezala denbora galduaren bila hasi nahi nuke. Edo hobe denbora galtzen. Denbora nire egin nahi nuke eta ez ni denboraren. Igaro nahi nuke denbora ametsetan, leun zein lizunetan; igaro nahi nuke zeruari, balkoiko armiarmari edo kalekantoiko saltzaileari begira; eman nahi nioke denbora lagunarteko hitzaspertuari, ardoaren dastaketari, gaztetxe eta Motzeko kontzertuei, Izazpin orru egiteari, edota Zarauzko hondartzan bilutsik dantza egiteari. Animatzen?
Josu Aztiria
Ongi diozun bezala, zoro itxurako ile urdindun hark kaztigatu zigun erlatiboa dela denbora. Berriki gainera, grabitazio-uhinak antzematea lortu dute eta Einsteinek 1915ean argitaratu zuen Erlatibitatearen Teoria berretsi. Jon Urrestillak Zientzia.eus-en dio beste zentzumen bat izatea bezala dela: Galileoren teleskopioak unibertsoa ikusteko begiak ireki zizkigun bezala, honek belarriak.
Aurkikuntza handia izan da, baina Einsteinen itzalpean gogor lanean aritu zen Mileva Maric emakume zientzialaria oharkabean pasatu da. Paradoxikoki gainera grabitazio-uhinen aurkikuntzaren berri eman zen egun berean ospatzen zen emakume zientzialarien nazioarteko eguna. Ezkonduta egon zirenean Einsteinek klaseak, hitzaldiak eta aisialdiaz gozatzen zuen bitartean, Mileva Maric etxeko ekonomia kudeatzen du, seme-alaben zaintza bere gain hartzen du eta Einsteini bere hitzaldi eta klaseen prestaketan laguntzen dio. Eisnteinek zientziarako zuen denbora Mileva Maricek zaintzarako ardura bere gain hartzen zuelako zen.
Grabitazio-uhinen aurkikuntzak ikusteko eta entzuteko beste molde bat ekarri du, baina jarraitzen dugu betaurreko moreak erantzita, ni lehenengoa. Denbora banatzea bezain inportantea da lan guztiak banatzea, ohiko lanari lotutakoak eta bizitzaren zaintzarekin lotutakoak. Izan ere, lana eta denbora sobera dago; falta dena da, justiziaz banatzea. Eta, bide batez, norberarentzat eta ingurukoen bizitza eramangarriagoa egiteko denbora pixka bat ere denok gordeko bagenu ere bai Eros kalegorrikide eta lagun alproja maitea. Aste honetan aspaldian ikusi ez dudan adiskideari deitzeko denbora hartuko dut.