Azkeneko aldiz, orrialde hauetan mikrobiotikari buruz aritu nintzen, eta gehiago esateko gogoz geratu nintzenez, hemen nator berriro bueltan. Eta gainera, lerro hauek Lucia Redondo eta Jesus Sanchisi eskaini nahi dizkiet, beraiengandik ikasten ari naizen guztia eskertzeko eta mikrobiota ezagutzera emateko egiten ari diren lan guztiagatik!
Aurreko artikuluan garbi utzi nahi izan nuen guregan bizi diren bakteriak ezinbestekoak ditugula bizitza sortzeko eta bizitza hori osasuntsua izan dadin. Ezin dugu ahaztu zelulak baino bakteria askoz gehiago ditugula gorputzean, eta gu baino lehenago iritsi zirela! Beraz, ez daukat oso garbi bakteriak guregan bizi diren edo gu garen beraien morroi.
Elikadura motaren eta hesteetako mikrobiota (bakteria-komunitatea) motaren arteko elkarreragina nabaria da. Mikrobiotak jaten ditugun elikagaiengan eragiten du, jaten dugun hortaz elikatzen dira bakteriak, eta horregatik, jaten dugunak eragin zuzena du mikrobiotaren konposizioan. Adibidez, mendebaldeko ohitura modernorik ez duten tribu ehiztari eta biltzaileen mikrobiotaren konposizioa eta mendebaldar bihurtu diren herrialdeena erabat desberdina da, azken horien dieta aberatsa delarik elikagai prozesatu eta finduetan, eta oso pobrea zuntz disolbagarrietan (barazkiak, fruta, tuberkuluak…).
Kontuan hartuta hesteetako mikrobiotak gure osasun orokorrean eragiten duela, elikadura lehen mailako garrantzia duen gaia da hesteetako osasuna zaintzeko eta, baita ere, gorputz osoaren osasuna. Mikroorganismoen arteko oreka hautsiz gero, gaixotasun metabolikoak sor daitezke, esate baterako, intsulinarekiko erresistentzia, diabetesa eta gizentasuna; hesteetako gorabeherak ere sor daitezke: beherakoa, idorreria, Crohn gaixotasuna eta kolitisa…..Eta azterketa askok argi erakusten dute hesteetako mikrobiotaren eta buruko gaixotasunen arteko lotura estua ere, hestea-burmuina ardatzaren bidez.
Hori guztia jakinda, garbi dago gure hesteen osasuna zaintzea lehentasuna izan beharko lukeela guztiontzat. Eta nola? Ba lehendabiziko neurria kaltea ekiditea izango litzateke: estresak, tabakoak, loaren alterazioak, botiken erabilera desegoki edo gehiegizkoak, gari modernoak, azukre finduak, trans gantzak eta gehigarri kimikoek hesteetako mikrobiota kaltetzen dute.
Jan behar dugun bakoitzean serioski pentsatu beharko genuke ez bakarrik jan behar dugun horrek gure ahosabaia edo sabela aseko duen, baita ere gure bakteriak aseko dituen, ez baitzaigu batere komeni horiek haserraraztea edo elikagai faltagatik gure bakteriak ahultzea, horrek gure organismo osoa ahultzea ekarriko lukeelako. Eta zer gustatzen zaie bakteriei? Bakterientzako oinarrizko elikagaia zuntza da, baina disolbagarria bakarrik. Zuntzarekin aberastutako zenbait elikagaietan aurkitzen dugun zuntz horrek ez digu balio! Elikagai naturaletara jo behar dugu beti, prozesatu gabeko elikagaietara: frutak, barazkiak, tuberkuluak, lekaleak, haziak…
Mundura sortu bezain laster har dezakegun elikagai egokiena, berriz, amaren esnea da: elikagai sinbiotikoa. Zer da sinbiotikoa? Aldi berean elikagai probiotikoa eta prebiotikoa dena. Prebiotikoak dira bakterientzako elikagai onak, ugaltzen laguntzen dietenak; probiotikoak berriz, osasun ona izaten laguntzen diguten mikroorganismoak kopuru nahikoan ematen dizkiguten elikagaiak, betiere kontuan hartuta mikroorganismoek bizirik heldu behar dutela hestera. Hitz gutxitan esanda, probiotikoak bizia ematen digu (bakteriak) eta prebiotikoak horien bideragarritasuna bermatzen du (bakteriak elikatzen ditu).
Elikagai sinbiotikoen beste adibide on bat barazki hartzituak dira. Elikagai bat hartzitzen dugunean, osasunarentzat onuragarriak diren mikroorganismoak biderkatu egiten dira. Barazki hartzituez gain, badaude beste elikagai sinbiotiko batzuk ere:
- Ernamuinak: hesteetako mugimendua eta digestioa errazten duten zuntzak eta mikroorganismoak ematen dizkigute, haziak berak dituen nutrienteez gain.
- Barazki fresko eta gordinak: mikroorganismo onuragarriak dituzte, betiere kimikoki tratatu gabeko barazkiak badira, naturalak eta ekologikoak alegia.
- Haziak: zuntz mota desberdinak izateaz gain, zenbait hazik muzilagoak dituzte, hesteetako mikrobiotarentzat oso onuragarriak, adibidez, liho eta chia haziak.
- Algak: nutriente kontzentrazio handia dutenez, asko aberasten dute gure elikadura.
- Tuberkuluak: bereziki aurreko egunean egositako patata; hesteetako bakterientzat oso elikagai ona den almidoia erresistentea ematen digulako.
- Misoa: elikagai hartzitua da hori ere, bakteria biziak ematen dizkigu.
- Tenpeha: sojarekin egindakoaz gain, gaur egun garbantzuena ere aurkitzen dugu, eta hori ere elikagai hartzitua da.