Aurreko batean nire bizitza izango denaren erdia pasatu nuela ohartarazi zidan psikologoak (hori, bidean gaixotasun, istripu edo bestelako zoritxarrik pasatzen ez bada). Horma bati begiratzeko esan zidan eta horma horretan marra horizontal bat irudikatzeko. Marraren hasiera (ezkerraldean) nire jaioteguna izango zen eta marraren bukaera 70 bat urte nituenekoa. Marra horretan nire gaur egungo lekua kokatzeko esan zidan hurrena, eta nik, asko pentsatu gabe, marraren erditik ezkerraldera kokatu nuen, jaiotegunetik gertu.
A ze inuzentea ni! Ez dut oraindik esan, baina aurten 39 urte beteko ditut; beraz, marra horretan nire kokapena erditik eskuin aldera izan beharko da, hau da, bizitzaren erdia dagoeneko pasa dudala ohartzeko garaia iritsi da. Atzera begira jarri eta egin behar nituen hainbeste gauza oraindik egiteke daudela konturatzen naiz. Baina ez dut uste orain atzera begira jarri eta nire buruaz errukitzeko garaia denik. Pasatutakoa pasatu da, ezin da aldatzeko ezer egin. Baina badago iraganarekin egin dezakedan gauza bat: bertatik ikasi.
Aurrera begira jarrita, berriz, oraindik bete gabeko amets eta ilusio asko ditudala badakit. Ametsik ez badugu, ilusiorik ez badugu, hilda gaudela esan daiteke eta. Gauza ez da etorkizunean egingo dugunari behin eta berriz gure denbora eskaintzea. Hori iraganean geratzea bezain arriskutsua da. Zenbat denbora galtzen dugun etorriko denaren beldurrez, edo etorriko denaren zain. Hau gertatzen bada… hau egiten badut… lana topatzean… etxea erostean… oraina bizitzeaz ahazten garela!
Egunero esnatzean eskerrak eman beharko genituzke egun berri bat bizitzeko aukera dugulako. Gure ondotik maite ditugun pertsonak goiz joan zaizkigunean oraindik eta argiago ikusten dugu hau. Denek ez dute beste egun bat bizitzeko aukera hori izaten. Egunero eskaintzen zaigun opari bat da. Eta opari hori den bezala hartu beharko genuke, egun berri bat beti izango da aukera berri bat. Gauza berriak ikasteko aukera berri bat, pertsona hobeak izateko aukera berri bat, gure seme-alabei eta ondoan ditugunei maite ditugula esateko aukera berri bat, aberatsak izateko aukera berri bat. Nire alabek ondo asko dakite aberatsak garela. Zenbat aldiz esan ote didate, «ama, gu maitasunean aberatsak gara!». Eta ez dute arrazoi faltarik.
Ez gara kontziente bizitza bakarra dela eta konturatzerako eskuetatik joango zaigula. Askok betirako egongo garenaren sentsazioa dugula iruditzen zait. Besteak direla joango direnak. Bizitzaren trenean gaude denak, tren hau azkar doa. Batzuk gertuago duten geltokian jaitsiko dira, eta beste batzuek, berriz, azkeneko geltokira arte egingo dute bidaia. Nik ez dakit zein geltokitan geratzea tokatuko zaidan. Baina geltoki horretara iristen ari naizen unean ez dut atzera begiratu eta egin ez ditudan gauzengatik damutu nahi. Hiru lan jarri dizkiot nire buruari: bat, orri zuri batean bete gabe ditudan ametsak idaztea. Bi, amets horiek betetzeko bideak zein diren finkatu eta martxan hastea. Eta azkena, amets horiei forma emanez, nire alabei hegoak ematea, beraiek ere beraien ametsak betetzeko gai direla erakustea.
«Hemendik 100 urtera kutxan nuen diru saldoa ez da garrantzitsua izango, zein motako etxea neukan edo zein motako kotxea gidatzen nuen ere ez. Baina hemendik 100 urtera, mundua desberdina izatea posible da, haur baten bizitzan garrantzitsua izan naizelako». Egile ezezaguna.