Eneritz Gorrotxategi
Lehenik eta behin ongi etorria eman nahi nieke txoko honetan ikusiko ditugun aurpegi berriei eta zorte on, berriz, utzi dutenei. Batzuentzako akaso betikoak izango gara aurretik gabiltzanak eta paso egingo dute gure zutabetxoak irakurtzetik. Baina ezin bada, orri zuria txurian utzi. Zeregin honetan beti bertsolariekin gogoratzen naiz: gaia libre utzi eta beti topatzen dute denbora tarte motxean zer esana. Guk aurrean orri zuria dugu, eta eskerrak inork ez dakien zenbat denbora behar izaten dugun karaktere hauek osatzen. Batzuetan berehala, eta leku faltan geratzen naiz, baina beste batzuetan…
Tira, bertsolarien gaira itzuliz, martxan dira Goierrin Osinalde bertso sariketa, baita Martxoan Bertsoa ere. Bertsoen arloan beraz, badago gazteei plazarako bidea eskaintzen dien aukera bat baino gehiago. Baina ez ote lirateke behar arlo edo esparru gehiagotan noski, gazteei aukerak eskaintzeko horrelako gehiago? Musikan, antzerkian… Ez diot lehiagatik, esperientzia eskaintzeagatik baizik. Lan bat lortzerakoan ere esperientzia eskatzen da, baina aurrez aukerarik izan ez baduzu, nola lortu? Lana aipatuta, eta emakumea izaki, ezin ahaztu martxoaren 8a pasa berri dugula. Beraz, emakume langile direnei eta izango direnei, zorionak, animo eta segi aurrera!
Ion Muñoa
Zure zorion agurretara batzen naiz, Eneritz, eta kasu honetan zuri ere helaraziz, merezi duzulako! Era berean, neure egiten ditut berrientzako ongietorri desioak (eta uzten badidazue, aholku bat ere bai: ondo aukeratu zuen identifikaziorako argazkia; denboraren joanak hori ez baitu aldatzen, eta orduan konturatzen baita bat zenbat denbora daraman orri zuriak jendeak irakurriko dituelakoan hitzez betetzen).
Esperientziak-edo ematen duen atrebentziaz berriak agurtu eta emakumeak zoriondu ostean, muga nakion paper-gaineratu duzunari: aukerak emateari, alegia. Bistakoa da bertsolaritzaren munduak jakin duela transmisiorako apustuan aukerak sortzen, eta beraz, eredugarri izan daitekeela beste askorentzat; kultur arloan, jakina! Baina baita kultur arlotik kanpo ere. Aukerez hitz egiterakoan, beste galdera sorta bat bururatzen zait: Zenbateraino daude aukerak norbere esku? Zenbateraino zortearen esku? Eta zenbateraino beste batzuen esku?
Galdera hauentzat erantzun jakinik ez dut zoritxarrez. Iruditzen zait, ordea, horiei erantzuten saiatuz gure ekonomia, lanpostu, eskubide sozial, proiektu politiko eta abarretan zer pentsatua badugula. Aukerak emateaz, sortzeaz eta aprobetxatzeaz ari baikara. Baina bakoitzean zenbat ahalegin eta indar jartzen dugun… hor ez ote dago korapiloaren iturbura eta irtenbidea! Bertsolaritza munduak asmatu du azken hamarraldietan aukerak sortu, eman eta probesten. Horretarako gakoak zeintzuk izan diren aztertzen badugu, uste dut geure buruari begiratuta etorkizunerako irakaspen argiak baditugula. Galderak ondo planteatzea eta erantzuten saiatzea ere, aukera kontua da! Hitz hauek idaztea edo irakurtzea bezalaxe!