Kataluniako independentziaren inguruan bertako herri mugimenduak Segurako Iparra-Hegoan izan dira hango prozesuaren nondik norakoak azaltzen. Independentzia «alternatiba bakarra» dela azaldu dute hizlariek.
Katalunian independentzia lortzeko prozesuaren berri izan dute Segurako Iparra-Hegoa ekitaldira hurbildu diren askok eta askok. Guztira hiru hitzaldi izan dira, eta horietan Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat ordezkari izan dira. Bai Katalunian bai Euskal Herrian independentziaren alde dauden herri mugimenduen inguruan hausnarketa egin dute, eta elkarren arteko alderaketa ere plazaratu dute.
Nola lortu duzue Kataluniako gizartearen zati handi bat independentziaren alde egotea? Baiezko botoa ematea? Kalera milioi bat pertsona ateratzea kontsultaren alde? Galdera horiei erantzun zieten Kataluniako bi herritar mugimenduren ordezkariek.
ANC Asamblea Nacional Catalanako Liz Castro, eta Sumate mugimenduko Jose Maria Clavero eta Joan Solé izan ziren haien bizipenak kontatzen. Hasiera batean Omnium taldeak ere parte hartu behar zuen mahai inguruan, baina ezin izan zen taldeko kidea bertaratu. Hango prozesuaren berri eman zuten hitzaldian, eta «gomendio» batzuk ere luzatu zituzten, Euskal Herriak jarraitu ditzaketen jarraibideak.
Castro ANC komisioko koordinatzailea da. «87. urtean independentzia oso termino arraroa zen, ezinezkoa. Orain jendeak posiblea dela ikusten du, eta lortzear gaude», esan zuen. Jendea kalera irteten hasi zenean independentziaren aldeko aldarria indarra hartzen hasi zela azaldu zuen.
Lehenengo kontsulta
2009ko irailaren 13an egin zen independentziaren inguruko lehenengo kontsulta. Arenys de Munt herrian izan zen, eta ez zuen inolako balio legalik izan. Kontsulta horretara inguruko jendea ere hurbildu zen. «Jendeak bere iritzia eman nahi zuen gaiaren inguruan, eta guk ere galdetu egin nahi genuen», kontatu zuen Castrok. Horrek berak, jendea erakarri zuen. Orduan hasi ziren nabaritzen zerbait mugitzen hasia zela Kataluniarren barnean, beraien iritzia emateko gogoa zeukatela, eta geroz eta gehiago zirela kalera ateratzen hasiak zirenak. Espainiak jartzen dizkien trabei buruz ere mintzatu zen, baina horrek ez diola axola mantentzen du koordinatzaileak. «Gure estatu propioa izan arte ez gara geldituko. Eskubidea dugu, jendearen babesa, eta independentziaren aldeko parlamentu bat ere bai», erantsi zuen. Castrok esan zuen Kataluniako kirolaren legea ere bertan behera utzi zutela duela gutxi. «Ezezkoa ematen digute beti, baina berdin da, guk lanean jarraituko dugu», zehaztu zuen.
Espainiaren erantzuna
Sumate plataforma 2013. urtean sortu zuten, eta egun 600 bazkide inguru ditu. Bertako kide den Solé kazetariak azaldu zuen erabakitzeko eskubidea eskatzea dagoen gauzarik eta «absurdoena» dela. «Hori gertatzen da aurrean ez badaukagu herrialde normal bat, eta hori da gure kasua». Bestalde, zorrotz mintzatu zen Clavero. 15 urte zituenetik errepublikaren aldekoa dela argitu zuen. Hasieran federalista zen, baina «ikusi nuen ez zuela ezertarako balio», azaldu zuen.
Jendearekin hitz egiten dute, «kornerra» deituriko leku bat ere badute, iskina batean. Jendearekin hitz egiten dute bertan, jendeari adierazten diote zer nahi duten, zein den helburua. «Espainiak esaten du ilegala dela independentzia», baina «hori ez da egia», adierazi zuen Claverok.
«Independentzia posiblea dela ikusten du orain jendeak, eta lortzear gaude»
Liz Castro, ANC
«Erabakitzeko eskubideaz hitz egitea dagoen gauzarik eta absurdoena da»
Joan Solé, Sumate
«Espainiak gezurrekin eta demagogiarekin erantzuten du, betiko moduan»
Jose Maria Clavero, Sumate
«Gezurrekin erantzuten du Espainiak, demagogiarekin, beti egin ohi duen moduan», mintzatu zen berriz ere zorrotz Clavero, gerturatu zirenen artean txaloak sortuz. Estatu berri baten sorrera ezinezkoa dela mantentzen du Espainiak, eta sortuko balitz, ez zela Europar Batasunaren kide izango. Horrela erantzun zion ideia horri: «1945. urtean, mundu gerra amaitu zenean 51 herrialde zeuden, 2011. urtean berriz, 193. Kalkulatzen da urteko bi estatu sortzen direla». Jose Maria Claveroren arabera, gezur bat mila aldiz esaten du Espainiak errealitatea bihurtuko den esperantzarekin. Katalunia protagonista bihurtu dutela ere kritikatu zuen, inbestidura saioetan ere Kataluniaz hitz egiten dutela gogoraraziz. «Kataluniak, eta Euskal Herriak jasan dituzte estatuaren terrorismoaren ondorioak», gaineratu zuen.
Irtenbide «bakarra»
Dudarik gabe mintzatu ziren hiru hizlariak. «Irtenbide bakarra independentzia da», izan zen gehien nabarmendu zuten esaldia. Ez zuten zalantzarik egin hitz egiterakoan: «Estatu hobe batera iristeko tresna da independentzia, Espainiaren antzarik ez duen zerbaitetara iristeko», adierazi zuen Claverok. Bat egiten du Solék bere taldekidearekin. Haren iritziz, aukera bakarra errepublika katalana sortzea da.
Gazteak ere kontuan hartu zituen kazetariak, eta azaldu zuen soziologo askok esaten dutela egungo gazteak inoizko belaunaldi prestatuena direla, baina «gazteen artean langabezia tasa %40an dago». Horrez gain, etorkizun «prekario» baten aurrean «ilusio berri bat» aurkezten dutela ere azaldu zuen: «errepublika».
Hizkuntzaz harago
«Ez dugu independentzia lortuko soilik katalanez hitz egiten», azaldu du Solék. Haien iritziz, frantsesez hitz egin behar bada helburua lortzeko eta jendea kausara gehitzeko, ba hala egin beharko dela. «Hizkuntza ezin da traba izan helburu bat lortzeko», gaineratu zuen. Bestalde, Kataluniak independentzia lortzen duenean bertan gaztelania eta katalana, biak hitz egingo zirela ere erantsi zuen. Eta ez dauka zalantzarik, egun kontsulta egingo balitz argi dauka baiezkoak irabaziko zuela, jendeak independentzia nahi duela.
Joan Sole: «Historiaren pisu hila da axolagabetasuna». Ezer egiten ez duenak «status quoaren alde» egiten duela azaldu zuen. Horregatik, bakoitzak bere iritziak alde batera utzi, eta proiektu komun baten aldeko apustua egin dute.