Inazio Usarralde
Aupa, hi!; tulun-tulun!, tzun AuInazio Usarraldea, Joxepa!, egun hauetan Seguran Kataluniako prozesuaz gehiago ikasteko aukera izan dinagu Iparra-Hegoa ekimenari esker. Politikariak eta gizarte mugimenduetako ordezkariak hor izan ditinagu, zeinek baino zeinek azalpen interesgarriak eskainiz. A ze hizlari onak diren katalanak! Nola menderatzen duten berbaldiaren erretorika eta zein gustagarri egiten den beraiei entzutea. Hori ere nonbaiten ikasiko diten…
Hona entzundakoetatik buruan geratu zaizkidanak: prozesuak helburu bera duten arerio politikoen arteko harremanak estuagotu egiten ditin. Alde bakoitzak esan behar duena esanda ere, nolako errespetua dioten elkarri. Aitortzen dutenez, inork ez zietenan esan independentziarena gauza erraza izango zenik. Gure baitan zagon gakoa, independentzia zaleongan, eta ez zagon beste biderik borrokatzea baino. Besteak beste, Espainiak ez digulako ezer emango inori. Gaur egungo munduan, eliteek, otzan ikusi nahi gaitizten. Parte hartu, bai, baina, kontsumitzera, eta pobre izatea beste irtenbiderik ez dagoen eta munduan esandako guztiari amen egitera eta lau urtez behin bozka ematera mugatzen den parte hartzea eskaintzen ziguten. Geratzen den beste bidea borroka egitea dun, era baketsuan eta demokraziak eskaintzen dituen bide guztiekin saiatuz; baita hala beharko balitz desobedientziaren bidea jorratuz ere.
Inongo konplexurik gabe hitz egiten diten independentzia prozesuaz. Epea ere ezarria zeukaten independentzia aldarrikatzeko: hamasei hilabete. Eta gu, non gauden?.
Joxepa Madariaga
Ah!, Iñaxio, to!, etsipenez betetako erantzuna: galduta gaudek, indarrak sakabanatuta, bakoitza geure zilborrari begira. Arerio politikoak elkar ezin ikusita: nirekin ados bazaude, biok lagun; ados ez bazaude, arerio. Errespetua, hitz potoloegia gertatzen zaiguk, praktikan jartzeko. Independentzia eman nahi ez bazigutek, gainera, lortzeko bide bakarra borroka baldin badiagu, ez gaudek prest, eroso bizi gaituk kolonizatuta bada ere. Desobedientzia eta horrelakoak, bizimodua konplikatzeko bidea besterik ez dituk.
Euskal Herri independentea, non hago? Ze larretan? Ze basotan, ze itsasotan? Lortu ezin den lekuan, behintzat.
To!, orain, esperantzazko erantzuna, Seguran hartutako indarrak ekarria: herri bat gaituk eta geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea diagu. Kataluniarrak aurretik badoaz ere, oinarri eta arerio berak dizkiagu eta beraiekin elkartuta, indartsu, helburua lortzera jo behar diagu (bakoitzak bere erritmoan, bere bidetik, baina elkarrekin). EAJren eta Ezker Abertzalearen arteko akordioak behar dizkiagu. Bi alderdiok, baduzue garaia, diferentzietan ez, baizik eta antzekotasunetan indarra jartzeko eta elkarrekin aurrera egiteko.
Eta herritarrok zer? Bada, mugi gaitezen! Independentzia ez duk politikoen esku uzteko gaia, geuk izan behar diagu protagonista.
Non gauden gu, Iñaxio? Hemen, hemen gaudek, katalanen ondoan, aurrera begira egon ere!
Frantziatik eta Espainiatik askatu, iparra eta hegoa elkartu eta Euskal Herri independentea lortu arteko bizia opa dizuet, zorionak eta eskerrik asko Iparra-Hegoa.